Enpresak

CAFek hazten jarraitzen du, Alstomi Alsaziako fabrika eta bi tren erosita

Reichshoffen-eko lantegiak 760 langile ditu, eta han egiten dute aurrerantzean CAFena izango den Coradia Polyvalent modeloa. Alemanian eta Frantzian kontratu gehiago lortzea espero du CAFek.

Coradia Polyvalent tren bat. ALSTOM
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 24a
11:30
Entzun

CAFek beste urrats bat egin du Europako trengintzan eragile nagusietako bat bilakatzeko. Eta ez da pauso txikia, 750 langiletik gorako fabrika bat ez ezik, Frantzian eta Alemanian kontratu franko lortu dituzten bi tren plataformaren jabetza ere eskuratu baitu. Gainera, lehiakide baten kontura egin du; gogo txarrez bada ere, Alstomek CAFi saldu behar izan dizkio Reichshoffen herriko lantegia (Alsazia, Frantzia) eta Coradia Polyvalent eta Talent 3 plataformak. Europako Batzordeak behartu du aktibo horiek saltzera, Bombardier lehiakidea irensteko baimenaren truke.

Aukeran, Alstomek ez zituen lantegia eta plataformak CAFen esku utzi nahi, ez zuelako indartu nahi jada Frantziako bere merkatu nagusian bi kontratu handi ostu dizkion lehiakide bat. Kontratu horietako bat —146 tren Paris eta inguruko hiriak lotzen dituen RER 1 linearako, Bombardierrekin batera— trabatu egin nahi izan zuen Alstomek, baina ez zuen lortu, administrazioak aurka jarri zitzaizkiolako.

CAFen eskaintza alde batera utzi, eta Alstomek erabaki zuen Skodarekin negoziazioa hobestea. Elkarrizketa horiek luzeak izan dira, baina ez dute fruiturik eman; antza, Txekiar Errepublikako ekoizleak diru gutxi eskaini zuelako. CAFek ez du jakinarazi zenbat diru ordainduko duen, baina hedabide batzuek aurreratu dute 75 milioi euro izan daitezkeela. Salerosketa 2022ko apirilaren eta irailaren artean ixtea espero du Beasaingo enpresak.

Langileak, pozik

Berria ongi hartu dute Reichsoffeko sindikatuek, nahiz eta «zapore mingotsa uzten duen 75.000 langileko talde bat uzteak», Daniel Dreger fabrikako CGT-FO-CGC intersindikaleko bozeramaileak aitortu duenez. Eroslea Skoda ez baizik CAF izatea «langileak lasaitzen dituen berri bat» da. «CAF kontratu asko eta merkatu kuota lortzeko bidean da. Skodak eskaini zezakeenarekin alderatuta, askoz lan karga handiagoa eskaini dezake».

Epe erdian ez dute kezka handirik Alsaziako lantegian, Alstomek 2026 arterako lan kargua bermatu dielako. «Erosketaren ondoren ere, kontsortzio batean jarraituko dugu Regiolis trenak egiteko, hidrogenoa darabiltenak nagusiki», gaineratu du Dregerrek, eta oharra egin die jabe berriei: «Alstomen lortu genuen guztia CAFekin borrokatu beharko dugu, eta ez da izango afera erraza».

Frantzia eta Alemania

Alsaziako fabrikan egiten dira Coradia Polyvalent trenak. Aurrerantzean CAFena izango da modelo hori. Alstomen distantzia erdiko trena da Coradia, eta Polyvalent horien arteko plataforma modernoena da, 2014. urtean sortutakoa. Coradia Polyvalent trenaren lehen unitateak 2014ko apirilean hasi ziren funtzionatzen, SNCF Frantziako trenbide enpresa publikoak kudeatzen dituen Akitaniako, Okzitaniako eta Frantzia ipar-ekialdeko trenbideetan. Tren horietako batzuk Suitzara eta Alemaniara doazen mugaz gaindiko trenbideetan ibiltzen dira.
Halaber izango da CAFena beste modelo bat, Bombardier Hennigsdorfen (Alemania) garatzen ari den Talent 3 plataformakoa.

Bi modelo horiei esker, CAFek uste du aurrerantzean gai izango dela Frantziako eta Alemaniako merkatuetan kontratu gehiago lortzeko. Europako bi merkatu nagusiak dira bi horiek, eta historikoki lurralde zailak izan dira CAFentzat, Europako bi konpainia handienen aurka lehiatu behar izan duelako han, Siemensekin eta Alstomekin.

Hedapen prozesu betean dago CAF —joan den astean, Nafarroako Orbital Critical Systems ingeniaritza enpresa erosi zuen—, baina zenbait porrot ere izan ditu, eta horien artean nagusia izan da Thalesen seinaleztapen adarra erosteko lehiaketa ez irabazi izana, aurtengo abuztuan. Renferen azken kontratu handia, berriz, Alstomek eta Stadlerrek irabazi diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.