memoria

Martin Villak aitortu du Martxoaren 3ko hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela

Ministro ohiak ukatu du Espainiako trantsizioaren testuinguruan gertatutako hilketak plan baten parte izan zirela, eta memoria legeen aurka agertu da.

jon olano
2022ko urtarrilaren 17a
10:59
Entzun

Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohiak aitortu du Espainiako trantsizioaren testuinguruan 1976ko martxoaren 3an eta 1978ko uztailaren 8an gertatutako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela, baina gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko, pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda», haren aurkako akusazio autoak dioen bezala.

Forum Europan mintzatu da Martin Villa, Argentinako justiziak baliogabetu eta gero haren aurkako auzipetzea. «Defendatu naiz inputazio pertsonaletaz. Baina uste izan dut derrigortuta nengoela defendatzeko Espainiako bizitzaren garai bat», hasi da Martin Villa: «Heriotza horien arduradun politiko eta penala ere izan ninteke; posible zatekeen, erokeriak jota, egile materiala ere izatea. Baina ez da posible ni gobernu jakin batzuetako kide izatea, trantsizioan, eta gobernu horiek, akusazioak dioen bezala, plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat edukitzea gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko, pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda». Trantsizioa «justu kontrakoa» izan zela gaineratu du.

Memoria legeen aurka ere jo du Martin Villak: «Esan ohi da, historialariek historia garaikidea lantzen dutenean, oso zaila dela ez erortzea interpretazio politikoetan. Horrek erakusten du memoriaren kontu honek ez duela bertsio bakar bat, eta ia ezinezkoak direla memoria legeak». Erantsi du memoria araudi batzuen asmoa dela «trantsizioa ezabatzea, esanez diktaduraren jarraipen bat dela, edo, okerrago, trantsizioan plan horiek egon zitezkeela».

Francisco Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan kargu ugari izan zituen Martin Villak Espainiako Gobernuan. 1975ean Sindikatuekiko Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta 1976an, Gobernazio ministro; garai hartan segurtasun indarrek izandako jardun bortitzaren erantzukizuna egotzi izan diote. Hain justu, gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen Servinik, lau hilketaren erantzule delakoan: 1978ko sanferminetan, German Rodriguezena, eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiko hiru langilerena —ondorengo egunetan beste bi lagun zendu ziren, baina horiei buruzko ikerketa zabalik utzi zuen Servinik—.

Abenduaren 23an, ministro ohiaren aurka Argentinan irekita zegoen auzibidea etetea onartu zuen Argentinako Ganbera Kriminal Federalak. Maria Servinik auzipetu zuen Martin Villa urrian, baina hark helegitea jarri zion, eta tramiterako onartu zuen apelazio auzitegiak. Ebazpenaren arabera, «ez dago frogarik, ez zuzenekorik ez zeharkakorik, ezta zantzurik ere» ministro ohiari egotzitako delituen inguruan. Hala ere, Martxoak 3 eta Sanferminak 78 memoria elkarteek argi adierazi dute: «Auzibidea ez da bertan behera geratu; gelditu egin dute froga indartsuagoak aurkeztu arte; besterik ez. Martin Villa oraindik inputatuta dago gizateriaren aurkako delituengatik». Elkarteek azaldu dutenez, Martin Villak aurkeztutako helegiteari beste bat aurkeztuko diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.