Albistea entzun

Lan harremanak

Negoziazio kolektiboa desblokeatzen ari dela dio LHKren azken txostenak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %40,9k lan hitzarmena indarrean zuten apirilean, iazko abenduan baino %14 gehiagok. Azken asteetan sinaturiko sektore mailako akordioen eragina gehitzeke dago.

Bizkaiko zaha etxeetako langileak hitzarmen berria sinau izana ospatzen.
Bizkaiko zaha etxeetako langileak hitzarmen berria sinau izana ospatzen. Oskar Matxin Edesa / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2023ko maiatzak 26

Lan negoziazioa desblokeatzen ari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Cebek Bizkaiko patronalak iragan martxoan bere urteroko bilera orokorraren bezperan gatazka handiak zeudela kritikatu arren, LanHarremanen Kontseiluaren (LHK) azken txostenak aurkakoa dio, eta bat egin du Adegi Gipuzkoako patronalaren analisiarekin. Apirilaren amaieran, hiru lurralde horietako langileen %40,9k lan hitzarmena indarrean zuten; iaz, berriz, %29,5 ziren. Datu horietan ez dira islatzen azken asteetan sinaturiko sektore mailako akordio handiak.

Bi hilabetean behin egiten duen txostenean, LHK-k nabarmendu du %40,9 «azken urteetako daturik handienetakoa» dela. Era berean, goratu egin du azken hilabeteetan egon den bilakaera. Iazko urtearen amaieran %27 ziren hitzarmena indarrean zuten langileak, eta azken lau hilabeteetan hamalau puntu handitu da kopuru hori. Horiek horrela, 248.000 dira ituna indarrean duten langileak, 308.000 akordiorik gabe luzatuta daukatenak (%51), eta 49.000 iraungita edo erorita daukatenak (%8).

LHK-k, gainera, zehaztu du egungo datu erreala handiagoa dela, maiatzean lan hitzarmen asko sinatu direlako: Gipuzkoan, metalgintza (30.000 langile) eta ostalaritza (17.000 langile); eta Bizkaian, errepide bidezko garraioa, arropa dendak (3.700 langile), etxez etxeko zaintzaileak eta zahar etxeak (5.000 langile). LHK-k bi hilabetean behin egiten du zenbaketa, eta litekeena da hurrengo txostenean %50era gerturatzea ituna indarrean duten langileen kopurua.

Eta soldatak?

Eta soldata igoerak? Kasu horretan bai, LHK-k maiatzean berriturikoen hitzarmenak gehitu ditu kalkuluak egitean, eta bi datu eman ditu: lurralde mailako eragina duten hitzarmenetan soldata %5 inguru igo da aurten; aldiz, estatu mailakoetan %4,7. Horiek kontuan hartu gabe, berriz, apirilera arte berriturikoen datua hau da: %3,92koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eragina duten hitzarmenetan, eta %2,99koa Espainian ere eragina dutenentzat.

LHKren txostenak ematen duen beste datu deigarri bat lan erregulazioen zenbatekoa da, aldi baterakoena zein behin betikoena, eta hor beherakada nabarmena da iazko datuekin alderatuta. Lehen lau hilabeteetan 278 erregulazio jarri dira indarrean, eta 12.291 langileri eragin die. Iazkoekin alderatuta, erregulazioak %70,4 gutxiago izan dira, eta haien eraginpean dauden langileen kopurua %34 handitu da. Datu horri, baina, ñabardura egin behar zaio, kaleratzeak eragin dituzte erregulazioen eraginpean egon diren langileen kopurua %89 txikitu da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©R. H.
Lehortearen eraginak, Fustiñanako zereal lurretan (Nafarroa). ©IÃÑIGO URIZ / FOKU

JATEN DUGUN LURRA

Jokin Sagarzazu

Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
 ©ADRIANA CLIVILLE
Auto baten estankotasuna probatzeko ganbera Suzukiren Hungariako lantegi batean. ©ZSOLT SZIGETVARY / EFE

Ura, ekonomiaren zainetan

Irune Lasa

Industrian, zerbitzuetan, ekonomiaren alor gehienetan bihurtu da ezinbestekoa ura erabiltzea. Eta badaude sektore batzuk ur kontsumitzaile oso handiak direnak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.