Errezeta tradizional bat oraingoan: bakailao konfitatua pistoarekin.
Osagaiak: Bakailao puskak 4 Piper morroia 1 Piper berdeak 2 Kuia txikia 1 Tipula 1 Berenjena txikia 1 Baratxuri aleak 3 Tomate saltsa burruntzali 1 Gatza Oliba olioa
Pistoaren prestaketarekin hasi. Horretarako, barazki guztiak karratu txikietan moztu, baita baratxuria ere. Guztiak lapiko zabal batean erregosten jarri, gatz pitin batekin eta oliba olio txorrotada batekin, su ertainean. Hasieran lapikoa taparekin estali, baina, berotzen doan heinean, tapa kendu eta tarteka nahastu, itsatsi ez dadin. Gutxi gorabehera hogei bat minutuz. Ondoren, tomate saltsa gehitu, eta beste bost minutuz kozinatu. Gorde. Tomate saltsa etxekoa bada, askoz hobeto.
Bakailaoa konfitatzen hasi. Horretarako, lapiko estu batean, litro laurden oliba olio ipini berotzen su motelean. Gehiegi berotu aurretik, jarri bertan bi bakailao pusketa. Azala gora begira dutela jarri, eta olioz ongi estaliak daudela ziurtatu. Sua ahalik eta motelen mantendu, eta hamabost bat minutuz bakailaoa bertan konfitatu. Hortan dago gakoa, indar handirik gabeko suan poliki-poliki egite horretan. Atera lehen bi pusketa horiek eta egin beste horrenbeste beste bi bakailao pusketekin. Bukatutakoan, olio hori gorde daiteke, inongo arazorik gabe, beste egun batean arraina prestatzeko edo otarrainxka entsaladak egiteko ere bai. Konfitatzearen teknika horrek bakailaoaren leuntasuna mantentzea ahalbidetzen du.
Lapiko zabal bat hartu eta bakailao konfitatu puskak bertan jarri, oraindik lapiko hotzean. Ondoren, egina dugun pistoa gehitu, tapaz estali, eta su motelean berotzen jarri. Platerean jartzeko, banatu bakailao puskak plateretan eta pistoaz ongi estali.