Iker Markinezek Nafarroako pikillo piperrak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Hogei piper gorri Onddoak, kilo erdia Tipula bat Bi baratxuri ale Oliba olio birjina Gurina Lau koilarakada irin Baserriko esnea, hiru litro laurden Kalabaza puska bat Esne gaina, basokada bat Piper hauts beltza Gatza Frijitzeko, irina eta arrautzak
Bi eguneko prestaketan banatuko dugu gaurko platera. Urrian bete-betean sartuta gaudenez, sasoiko bi produkturekin natorkizue. Nafarroako piperrak, batetik, oraintxe daukagulako freskoan erosteko aukera bakarra, eta gure basoetan kostata eta poliki-poliki agertzen hasi diren onddo preziatuak, bestetik.
Lehenengo egunean, tipula zuritu, zati txikitan moztu, eta lapiko batean oliba olio txorrotada batekin eta gurin koilarakada batekin berotzen jarri. Bertan erregosi, hogei bat minutuz. Lau koilarakada irin gehitu, nahastu, eta, pixka bat egosten eduki ondoren, esnea gehituz joan, poliki-poliki, guztia bukatu arte —esnea aurrez bero badago, hobe—. Ondo nahastu, eta bexamel krematsua lortuko dugu.
Orain, onddoak garbitu eta karratu moztu. Zartagin batean oliba olio txorrotada batekin su ertainean hamar bat minutuz erregosi, gatz pitin batekin, taparik gabe. Ondoren, bexamela dugun lapikora bota, eta ondo nahastu. Bexamela hurrengo egunera arte hozkailuan gorde.
Bigarren egunean, pikillo piperrekin hasiko gara. Freskoak eta aurrez etxean erretakoak izango dira pikillo piper horiek. Dena den, kontserbakoekin ere plater goxoa aterako zaigu. Beraz, piperrak hartu, eta, banan-banan, aurreko egunean prestatua dugun onddo bexamelarekin bete, koilara txiki baten laguntzarekin. Bestela, agian, errazagoa izango zaigu pastelgintzako mahuka bat erabiltzea.
Ondoren, kalabaza krema prestatuko dugu. Horretarako, kalabaza zuritu eta laukitxoetan moztu. Oliba-olio txorrotada txiki bat gehitu lapiko batean, bertara kalabaza bota, eta hiruzpalau minutuz erregosten eduki. Ondoren, basokada bat esne gain gehitu, eta piper hauts eta gatz pitin bat ere bai. Guztia su motelean eduki, hamar minutuz, kalabaza krema lortu arte. Guztia turmixetik edo irabiagailutik pasatu, krema fin bat lortu arte. Piperrak zuritzean baten bat puskatuz gero, kalabazarekin batera irabiatu dezakegu.
Mahaira ateratzeko, piperrak eta saltsa bereiz berotuko ditugu. Piper asko izanez gero, labeko erretiluan berotzea izango litzateke onena, hiruzpalau minutuz, labe beroan. Bestela, mikrouhin labean berotu ditzakegu. Baina beti ziurtatu nahikoa berotzen duela.
Azkenik, krema lapikoan berotu, platerean zabaldu, eta gainean piperrak jarriko ditugu.
On egin!