Groenlandiako izotzak sukarra dauka

Groenlandiaren etorkizuna aztertu dute Donostian, klima aldaketa, baliabide naturalak eta lehia geopolitikoa ardatz hartuta. Mikel Reparaz kazetariak, Elisa Sainz de Murieta klima adituak eta Jorge Gorosarri geologoak parte hartu dute mahai inguruan.

Danimarkako Defentsa ministroa iceberg bati argazkia ateratzen, irailean Groenlandiara egindako bisitan. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
Danimarkako Defentsa ministroa iceberg bati argazkia ateratzen, irailean Groenlandiara egindako bisitan. EFE
Haize Oiartzabal
Donostia
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

San Mameseko harmailak betetzea nahikoa litzateke Groenlandiako biztanle guztiak estadio berean biltzeko. 50.000 lagun pasatxo bizi dira munduko uharterik handienean; Baionan adina jende, alegia. Baina, Lapurdiko hiriburuan ez bezala, bi semaforo eta errepide bakan batzuk baino ez dituzte irla osoan. Inuitek, eskiak, txakur lerak edo kayakak erabiltzen dituzte batetik bertzera mugitzeko. Azken urteotan, ordea, gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da bertze garraiobide bat: itsasontzia. Izan ere, klima aldaketaren ondorioz, itsasoko izotza urtzen ari da.

Horren gibelean zer arrisku eta zer aukera dauden aztertu dute asteartean Donostian, Kutxa fundazioak eta DIPC Donostia International Physics Centerrek antolatutako Groenlandia hizpide: klima aldaketa, baliabideak eta geopolitika Artikoan mahai inguruan. Mikel Reparaz nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria, Elisa Sainz de Murieta BC3ko ikerlari eta klima arloko aditua, eta Jorge Gorosarri geologo eta esploratzailea izan dira solaskideak.

(ID_16666728) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-11-24, Donostia. Mahai ingurua: Groenlandiaren eraldaketa aztergai
Mikel Reparaz, Elisa Sainz de Murieta eta Jorge Gorsarri Groenlandiari buruzko mahai inguruan, asteartean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Groenlandiaz «maiteminduta» dagoela aitortu die Reparazek aretoan bildu diren 30 entzuleei: «Leku deskribaezina da Kalaallit Nunaat». Bi hitz horiek gure lurraldea erran nahi dute inuiten kalaallisut hizkuntzan. Hango biztanleen artean, hamarretik bederatzi inuitak dira, eta kostaldeko komunitate ttipi eta sakabanatuetan bizi dira. Kazetariak zehaztu du ez direla «eskimalak»: «Kolonizatzaileek mespretxuz erabilitako terminoa da».

Gorosarrik ere hainbat espedizio egin ditu uhartean, eta, Reparaz bezala, maiteminduta dago lurraldearekin: «Sentitzen dute Mendebaldeak gaizki tratatu dituela; batez ere, Europak». Hain zuzen, X. mendean, kontinente horretatik ailegatu ziren lehenbiziko kolonizatzaileak: Erik Gorria eta haren tripulazioa. Norvegiako bikingoak Grønland (uharte berdea) izena paratu zion, kolonoak erakartzeko marketin estrategia gisa. Dena den, termino horrek badu egiatik zerbait; geologoak baieztatu du hegoaldeko lurmuturrean «zuhaitz eta ardi batzuk» egon badaudela. Gainontzeko guztia, berriz, izotz masa erraldoi batek estaltzen du.

Sainz de Murietak ez du hango izotza inoiz zapaldu, baina urteak daramatza hura aztertzen klima aditu gisa. Azaldu du izotz masak, batez bertze, «bi mila metrotik gorako lodiera» duela, eta, guztia urtuko balitz, munduko itsas maila «zazpi metro» goitituko litzatekeela, «azken glaziazioaren amaieran bezala».

«Groenlandiako izotz masa guztia urtuko balitz, mundu mailako itsas maila zazpi metro igoko litzateke, azken glaziazioaren amaieran bezala»

ELISA SAINZ DE MURIETA BC3ko ikerlaria eta klima aditua

«Akabo Donostia?», galdegin dio kazetariak. Bertaratutakoek kezka aurpegia paratu dute, baina BC3ko ikertzaileak argitu du «mendeetako prozesua» litzatekeela. Edonola ere, badaude prozesua azkartu eta itzulerarik gabeko ondorioak sor ditzaketen zenbait «atalase kritiko». Horietako bat «permafrostaren urtzea» litzateke: «Urte osoan izoztuta dagoen lurzorua da. Baina, tenperaturen igoeraren ondorioz, izotza urtzen ari da, eta hartan pilatutako karbonoa CO2 edo metano gisa askatzen ari da atmosferara». 

Berotegi efektuko gas horiek berotze prozesua bizkortzen dute. Artikoa, gainera, munduko batezbertzekoa baino «ia hiru aldiz azkarrago» ari da berotzen: «Hamarkada batean 0,25 gradu igotzen bada munduko batez besteko tenperatura, Artikokoa 0,7 igoko da». Sainz de Murietaren arabera, arrazoi nagusia «albedoa» da: «Izotzak eta elurrak ispilu gisa jokatzen dute, eta eguzki izpien parte handi bat islatu. Baina izotza murriztuz doan heinean, ispilu rol hori txikituz doa, eta gainazalak, ilunagoa denez, gero eta bero gehiago xurgatzen du». 

Horrek eragin zuzena dauka inuiten eguneroko bizimoduan. Reparazek kasu adierazgarri bat kontatu die entzuleei, haiek adi-adi daudela: «Txakur groenlandiarra da arrazarik gogorrena, zero azpitik 50 gradutan egiten baitu lo. Uda honetan, ordea, hamar gradutik gora izan dira, eta, ondorioz, prezipitazioa euri gisa jausi da. Bada, txakurrak euriarekin busti, gaixotu eta hil egin dira». Inuiten terminologiara jotzea bertzerik ez dago, konturatzeko ez daudela batere ohituta eurira: «Elurra izendatzeko 50 hitz dituzte; euriarentzat, berriz, bakarra».

«Inuitek elurra izendatzeko 50 hitz dituzte; euriarentzat, berriz, bakarra»

MIKEL REPARAZ Nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria

Euri erauntsietako eta glaziar urtuetako urak itsasoan amaitzen du, eta klima adituak ohartarazi du ondorioak «munduko kostalde guztietan» sumatuko direla. Beraz, ezinbertzekotzat jo du prebentzio lanak egitea, «olatu eta enbata handiagoek sor ditzaketen kalteei aurre egiteko». Horrez gain, herrialdeek «erregai fosilak erabiltzeari utzi» eta «isuriak murriztu» beharko lituzkete. Asmo hori betetzeko asmoz sinatu zuten 2015eko Parisko Hitzarmena, eta konpromisoa hartu zuten tenperatura 1,5 gradu igo zedin eragozteko. 

Alabaina, Sainz de Murietaren hitzetan, 2026an «isurien errekorra» erregistratu da: 43,3 mila milioi tona CO2 isuri dira, hain zuzen. «Adituek diotenez, erritmo honetan 2030erako gaindituko dugu langa». Termometroak 1,5 gradu gehiago markatzea huskeria irudituko zaie batzuei. BC3ko ikertzaileak «sukarrarekin» alderatu du fenomeno hori: «Gorputzaren tenperatura 36 gradukoa bada, 1,5 gradu gehiagokoa izatea sukarra da; bi gradu gehiagokoa izanez gero, ohera; eta hiru gradu gehiagokoa izanez gero, ospitalera».

Lur arraroen sukarra

Lurreko termometroak goiti egitearekin batera, bertze sukar mota bat hedatzen ari da: lur arraroena. «Europako Batasunak izendatutako 34 lehengai kritikoetatik 22 daude Groenlandian; tartean, lur arraroak», adierazi du kazetariak. Guztira, hamazazpi elementu kimiko dira: «Europioak, esaterako, argitasuna eta koloreak ematen dizkie telefonoen pantailei; neodimioarekin, berriz, bozgorailuen imanak egiten dira, eta baita ibilgailu elektrikoen motorrak ere». 

(ID_16666685) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-11-24, Donostia. Mahai ingurua: Groenlandiaren eraldaketa aztergai
Lur arraroak hamazazpi elementu kimiko dira guztira. GORKA RUBIO / FOKU 

Gorosarrik esplikatu du lur arraroak bertze mineral batzuekin nahastuta egon ohi direla arroketan; tartean, uranioa. Metal hori toxikoa da, eta inuitek ez dituzte beren urak kutsatu nahi: «Kontzientzia handia dute ingurumenari dagokionez, eta, gainera, haien bizimodua arrantzari erabat lotuta dago». Hortaz, Groenlandiako Gobernuak petrolioaren eta uranioaren erauzketa debekatzeko lege bat atera zuen 2021ean. «Era berean, ezin da lur arraroak dituen arrokarik ustiatu baldin eta uranioaren proportzioa tona bakoitzeko ehun gramo baino gehiagokoa bada». 

«Kontzientzia handia dute ingurumenari dagokionez, eta, gainera, haien bizimodua arrantzari erabat lotuta dago»

JORGE GOROSARRI Geologoa eta esploratzailea

Esploratzailearen arabera, uhartean badago «formazio geologiko oso berezi bat lur arraro piloa duena», baina, lege berriaren eraginez, zati txiki bat bakarrik ustia daiteke, gainontzekoak uranio gehiegi baitu. AEBetako enpresa bat arduratuko da horretaz, eta meategia 2029rako martxan paratzea aurreikusten du: «Lur arraroen munduko ustiategien artean, Txinatik kanpoko handiena izango da».  

Europa ere dirua jartzen ari da: «Azken zortzi urtetan hiru aireportu eraiki ditu. Hasieran, inbertsio hori Txinak egin nahi zuen, baina Europak ez dio utzi. Beste bi proiektu oso indartsu ere bultzatuko ditu, grafitoa eta molibdenoa erauzteko». 

Zetaren bide berria

Lurraren azpia ez ezik, itsasoa ere begiz jo dute potentziek, merkataritzarako korridoreak irekitzen ari baitira Artikoan. Esploratzailearen aburuz, AEBen hegemonia «kolokan» dago, Txina ate joka baitago. Ur handitako arrain horri, gainera, «Zetaren bide berria» ireki zaio. Kazetariak azaldu duenez, Pekindik Rotterdamera (Herbehereak) zihoazen kargaontziek Suezko kanala gurutzatu behar zuten. Orain, Siberiako kostaldetik nabiga daiteke udan: «Zazpi eta hamar egun artean aurrezten dituzte».

Artikoa potentzien joko eremu bihurtu da, beraz, eta Europako Batasuna hasi da fitxak mugitzen: irailean adierazi zuen Kanada EBren aurreneko kide elkartua izatea nahi duela. Groenlandia ere EBtik kanpo dago, baina Danimarkaren parte denez, Europarentzat «kide fidagarria» da. Txina, bertzalde, bertako arrainaren erosle nagusietako bat da, eta meategiak erosten ere saiatu izan da. Oraingoz, ez du lortu, AEBak eta Europa tematuta baitaude Txinak irlan muturra ez sartzearekin.

(ID_16469599) USA DENMARK GREENLAND DIPLOMACY
AEBetako presidentea, Danimarkako lehen ministroa eta Groenlandiakoa hiru aldeko akordioa sinatzen, irailean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE

Ildo horretatik, AEBetako presidente Donald Trumpek Groenlandia militarki inbaditzeko edo diruz erosteko mehatxua egin zuen urte hasieran. Baina Groenlandiak eta Danimarkak ezezko biribila eman ondoren, «segurtasuna bermatzeko» akordio bat sinatu zuen irailean lurralde horiekin. Horrek modua emanen dio Washingtoni irlaren gaineko kontrola edukitzeko, presentzia militarra ziurtatua izanen baitu. 

Pandoraren kutxa

«Artikoaren urtzea zer da, altxorraren kutxa irekitzea ala Pandoraren kutxa irekitzea?», hausnartu du Reparazek. Baliabide naturalak eta merkataritza bide berriak baliatzeko aukera zabaltzen ari da, baina horrek ingurumenaren eta hango biztanleen gaineko presioak areagotuko ditu. Izan ere, militarrak ez ezik, langileak ere bidaliko dituzte AEBek. «Inuit gizajoak inguratuta geldituko dira», deitoratu du geologoak. 

Inuitek komunitate ttipia osatzen dute, eta, hain zuzen, horregatik dira «zaurgarriak» kanpoko presioei aurre egiteko orduan. Reparazek egoera hori irudikatzeko ariketa bat proposatu du hitzaldiaren amaieran: «Imajinatu Trumpek Groenlandiako biztanle bakoitzari milioi bat dolar eskaintzen dizkiola erreferendum batean AEBekin bat egitearen alde bozkatzeko». Guztira 56.000 milioi dolar lirateke. «Estatubatuarrentzat ez da hainbeste diru; prezio ona da Groenlandia erosteko». Hirurehun bat San Mames eraiki litezke horrekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA