Kremaz betetako kauserak

BERRIA.
Iker Markinez.
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT

125 zentilitro ur.
125 gramo irin.
Azukre pixka bat.
Gatz pixka bat.
75 gramo gurin.
Hiru arrautza.
Kilo erdi pastel krema.
Ekilore olioa.
Glas azukrea.

1. Kauserak egiteko, lehenik, jarri ura eta esnea lapiko batean berotzen, gatz eta azukre pitin batekin eta gurinarekin batera. Itxaron, irakiten hasi arte. Irakiten hasitakoan, itzali sua, eta irina dena batera nahastuko diogu. Etengabe irabiatuko dugu egurrezko koilara batekin, pilota bat lortu arte. Orduan, arrautzak banaka botako ditugu lapiko horretara: arrautza bat bota, nahasten jarraitu, eta gero hurrengo arrautza bota.

2. Jarri ekilore olioa berotzen lapiko batean. Beroa dagoenean, koilara baten laguntzaz, egin pilotatxoak kauseren orearekin, eta bota oliotara. Ez bota kausera gehiegi batera: aldi bakoitzeko zortzi baino gehiago ez. Frijitu kausera bakoitza hiru edo lau minutuz. Ikusiko duzue nola frijitzearekin batera kausera pilotatxoak hazi egingo diren. Frijitutakoan, erretilu batera atera. Aurrez sukaldeko papera jarriko dugu erretiluan, paperak olio soberakina xurgatu dezan. Frijitzen jarraitu, kausera ore guztia bukatu arte.

3. Sartu pastel krema mahuka batean (aurreko batean azaldu genuen nola egin pastel krema). Kauserak hartu, eta banan-banan sartu pastel krema, mahukaren laguntzaz, zulotxo batetik, guztiak bete arte.

4. Bukatzeko, bota glas azukre pixka bat gainetik. Hoztu aurretik jatea komeni da; oso goxoak egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.