Itsas zapoa otarrainxkekin, amerikar erara

Otarrainxkak, saltsarekin. IKER MARKINEZ
Iker Markinez.
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iker Markinezek otarrainxkak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Itsas zapo bat (kilo eta erdi ingurukoa)

Otarrainxkak, 12

Tipulak, bi

Porru bat

Azenario bat

Etxeko tomate saltsa, katilukada bat

Baratxuriak, hiru ale

Brandy kopa bat

Gatza

Oliba olioa
1. urratsa

Zapoa garbitu ondoren, burua kendu eta hiru zentimetroko xaflatan moztu, hezur eta guzti. Porrua garbitu, eta zati txuria eta berdea banatu. Porruaren zati berdeekin zapoaren burua lapiko batean jarri, eta urez estali. Ordu erdiz irakin.

2. urratsa

Gainontzeko barazkiak garbitu, eta puska ertainetan moztu (tipula, azenarioa, baratxuria eta porruaren zati berdeak). Lapiko zabal bat olio txorrotada batekin sutan jarri, eta segituan barazki guztiak bertara bota. Dena ordu erdi batez erregosi, su ertainean. Nahastu, eta gatz pitin bat bota.

3. urratsa

Otarrainxkak zuritu, eta burua banandu. Buru horiek barazkiak dauden lapikora bota; sua bizitu, eta osagai guztiak ongi gorritzen utzi. Ongi gorrituta daudenean, brandy kopatxo bat bota eta irakiten utzi, alkohol guztia ongi lurrundu dadin. Ondoren, tomate saltsa gehitu, eta zapoaren buruarekin egin dugun salda ere bai. Sua moteldu, eta su ertainean irakiten eduki beste ordu erdi batez. Ondoren, itzali, eta, irabiagailu baten laguntzarekin, lapikoan bertan dena irabiatu. Jarraian txinotik pasatu dena, ongi txikitzeko. Oso garrantzitsua da pauso hori, horri esker otarrainxken buru zatiak eta azalak txinoan bertan geldituko baitira. Amerikar saltsa krematsua lortuko dugu horrela.

4. urratsa

Beste lapiko batean oliba txorrotada fin bat ipini. Itsas zapoaren puskei gatz pitin bat bota bi aldeetatik, eta, lapikoa bero dagoenean, puska guztiak bertan jarri; lau bat minutuz bakarrik frijitu, alde bakarretik. Orduan, otarrainxkak bota eta jarraian baita amerikar saltsa ere, zapo puskak estaltzeraino. Tapatxo bat jarri, eta zortzi bat minutuz mantendu, su ertainean.

5. urratsa

Zapo puskatxoak platerera ateratzean, amerikar saltsa ongi bota zati guztien gainetik. Edozein arrain presta daiteke saltsa horrekin. Garrantzitsua da jakitea guk amerikar gisa ezagutzen dugun saltsaren jatorrizko izena armoricane dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.