Iker Markinezek itsaskia oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Kuiatxoak, 3 Otarrainxkak, 12 Txangurru haragi garbia, 250 g Porruak, 2 Tipula handi bat Kazokada bat tomate saltsa Gurina Irina Esnea
Gaur, barazkiak erabiliz plater bat prestatzeaz gain, irudimenarekin jokatuko dugu. Izan ere, kuiatxoari edalontzi forma emango diogu, eta jaki goxoz bete.
Errezeta bi egunean egin beharrekoa da. Lehenik, betegarria egiten hasiko gara. Horretarako, garbitu tipula eta porruak, eta moztu puska txikietan. Jarri lapiko batean erregosten hogei bat minutuz, gurin pixka batekin. Kozinatu su motelean, eta eman gatz pixka bat ere.
Zuritu otarrainxkak. Oraingo honetan, buruak eta azalak ez ditugu behar. Beraz, nahi izanez gero, gorde egin ditzakegu beste egun batean itsaski salda egiteko. Moztu otarrainxkak puska txikitan, eta frijitu zartagin batean, gurin koilarakada batekin batera. Bota gatz pitin bat, eta gehitu txangurru mamia ere. Horren ondoren, gehitu kazokada bat tomate saltsa, eta eduki dena su ertainean hiru bat minutuz. Gero, itzali sua, eta gorde betegarria.
Gehitu hiru bat koilarakada irin porrua eta tipula dituen lapikora, ongi nahastu guztia, eta gehitu esnea poliki-poliki; gero, nahastu bexamel lodi bat lortu arte. Gaurko errezetarako, oso garrantzitsua da bexamela lodia izatea. Behin bexamela eginda, gehitu zartagineko otarrainxka eta txangurru nahaskia, eta nahastu. Horrela, itsaski bexamel gozoa lortuko dugu. Erretilu batera atera, eta hotz mantendu biharamunera arte.
Biharamunean, moztu kuiatxoak hiru bat zentimetroko xafletan. Koilara txiki baten laguntzaz, hustu barruko mamia. Baina beheko aldean mamia utzi, zoru moduan. Horrela, edalontzi itxurako kuiatxoak lortuko ditugu. Ipini ura lapiko batean, gatz apur batekin. Irakiten hastean, egosi kuiatxoak lau minutuz. Ondoren, pasatu ur hotzetatik, eta jarri labeko erretilu batean, txukun-txukun.
Atera bezperan eginiko bexamela, eta bete kuiatxoak goraino koilara baten edo mahuka baten laguntzaz. Berotu labea 220 gradutan, eta sartu kuiatxoak bost bat minutuz. Atera, eta busti piper saltsa batekin. Bestela, nahi izanez gero, itsaski saltsa bat ere egin dezakegu gorde ditugun otarrainxka azalekin.
Ea gustatzen zaizuen.
Agur, eta ongi hasi urtea!




