«Gure» arroza, barazkiekin eta otarrainxkekin

Otarrainxkak arrozaren gainean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Markinez.
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek arroza eta otarrainxkak oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.

Arroz ekologiko borobila (bonba motakoa), 400 g
Otarrainxkak, bi dozena
Kalabazin bat
Ziazerba sorta bat
Azenario bat
Tipulin bat
Lekak, eskukada bat
Pipermorro gorri bat
Baratxuriak, bi ale
Tomate saltsa
Gatza
Oliba olio birjina
Testuingurua

Errezeta honetan «gure» esatean, gertuko arroza erabili dugula nabarmendu nahi dugu. Izan ere, geuk prestatua izateaz gain, Euskal Herrian ekoitzitakoa da arroza, Nafarroako Arguedas herrian, hain zuzen ere. Beraz, gertuko eta kalitatezko arroz mota hau probatzera animatzen zaituztet.

1. urratsa

Kalabazina eta azenarioa garbitu, eta azenarioa zuritu. Karratu txikietan moztu. Gauza bera egin pipermorroarekin eta lekekin. Lekei alde bietako punta kendu. Tipulina eta baratxuri aleak ere zuritu eta xehatu.

2. urratsa

Lapiko batean oliba olio txorrotada bat berotzen jarri, eta, ondo berotu ondoren, barazkiak bota. Gatz pitin bat gehitu. Hasieran, bost minutuz su bizian erregosi barazkiak, eta, ondoren, sua moteldu eta lapikoan bertan erregosi, tapaz estali gabe, hogei bat minutuz. Bitartean, otarrainxkei burua eta azala kendu. Gorputza gorde, eta azalak eta buruak lapiko batean urez estali; irakiten jarri, gutxi gorabehera hamar minutuz. Ondoren, iragazi eta ur egosia gorde.

3. urratsa

350 gramo arroz bota erregositako barazkiak dauden lapikora. Arroza eta barazkiak sutan pare bat minutuz erregosi, eta nahastu. Tomate saltsa pixka bat bota; kazo txiki bat. Etxean egina bada, askoz hobeto. Komeni da tomatea ondo loditua izatea. Hori ere ondo nahastu, eta otarrainxkak egosi diren salda bota, arrozaren neurria halako bi edo pixka bat gehiago. Guztia nahastu, gatz pitin bat bota, eta su ertainean irakin, 17-18 minutuz, taparik gabe. Ondoren, sua itzali, eta bost bat minutuz lapikoan bertan utzi.

4. urratsa

Otarrainxkak frijitzeko aprobetxatu momentu hori. Horretarako, zartagin batera oliba olio txorrotada bat bota, eta otarrainxkak bertan frijitu, pare bat minutuz, gatz pitin batekin. Platereratzeko, arroza menditxo itxuran jarri modu txukun batean, eta gainean otarrainxkak jarri.

5. urratsa

Otarrainxkak aparte prestatuta baina otarrainxka horiek egosteko salda erabilita, arrozak arrainaren zapore guztia hartuko du. Lanketa horren bidez ziurtatuko dugu arraina ez zaigula lehortuko arroza egosten ari den bitartean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA