Esne frijitua

Esne frijitua, platereko aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iker Markinez.
2026ko otsailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iker Markinezek amona Prantxika gogoan hartuta prestatu du inauteri garaiko aste honetako errezeta.

Kremarako:

Arrautza, zortzi gorringo

Azukrea, 150 g

Irina, 120 g

Esnea, litro bat

Kanela, makilatxo bat

Banilla, makila erdia

Limoi baten azala

Kanela hautsa

Frijitzeko:

Irina

Arrautza bat

Ekilore olioa
Testuingurua

Gozo honekin lotutako nire lehen oroitzapenak agian ez dira izango inauteriei loturikoak, baizik gure amona Prantxikak mimo handiz esne frijitua prestatzen zuenekoak. Gerora konturatu nitzen postre hura inguruko herrietan inauteri usaina zegoenean jaten genuela denok, mahai bueltan eserita.

1. urratsa

Lehenik, kremarekin hasiko gara. Lapiko batean, esnea berotzen jarri banilla eta kanela makilatxoarekin batera, baita limoi azal pusketarekin batera ere. Bitartean, arrautzen gorringoak ontzi batean jarri. 

2. urratsa

Azukrea ontzian nahastu, eta bost minutuz etengabe irabiatu. Ondoren, irina gehitu, eta kontu handiz nahastu. 

3. urratsa

Berotutako esnearen erdia ontzira bota, eta ondo nahastu. Lapikoan gelditu zaigun esnea irakin artean berotu, eta, ditugun lurrintzaileak kendu ondoren, ontzian duguna lapikora irauli.

4. urratsa

Bost minutuz irakiten eduki, etengabe nahastuz. Irakin honen bidez, irin zaporea erabat kenduko da, eta kremak askoz ere zapore goxoagoa izango du. Atera nahasketa erretilu karratu batetera, film paperarekin estali, haizeak geruzarik sor ez dezan, eta hozkailuan gorde egun oso batez.

5. urratsa

Hurrengo egunean, egin dugun krema moldetik atera, eta mahaian kokatu. Ikusiko dugu krema erabat gogortua dugula, eta hori egokia izango da esne frijitua prestatzeko. Labanarekin moztuko dugu lauki luzeetan, eta frijitzeko prestatzen hasiko gara. Horretarako, zartagin batean ekilore olioa ipini, eta berotzen jarri. Plater batean irina jarri, eta beste erretilu batean arrautza pare bat irabiatu. Krema lauki luzeak irinetatik pasa, eta ondoren arrautzetan ongi busti. 

 

6. urratsa

Azkenik, zartaginean bota, eta, minutu baten ondoren, bi sardexkaren laguntzarekin zati bakoitzari buelta eman eta beste minutu batez frijitu. 

7. urratsa

Plater batera ateratzen joan, eta sukaldeko papera jarri azpian, olio soberakinak ongi kentzeko. Esne frijituaren zati guztiak frijitu ondoren, erretilu batean ipini. Ontzitxo batean kanela hautsa eta azukre pixka bat ongi nahastu, eta esne frijituari gainetik bota. Gustatuko zaizkizue, ziur.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA