Ekintzaile batek bi aste daramatza zuhaitz batean, itsasadar azpiko tunelaren aurka

Proiektua bertan behera geratu arte ez dela bertatik mugituko esan du Maputxe ekintzaileak. Hainbat pertsona bildu ziren atzo zuhaitzaren azpian, ekologistari elkartasuna erakusteko.

Atzo egin zuten elkarretaratzearen irudia. Goian Maputxe ekintzailea, zuhaitzera igota. SUBFLUBIALARI EZ
Atzo egin zuten elkarretaratzearen irudia. Goian Maputxe ekintzailea, zuhaitzera igota. SUBFLUBIALARI EZ
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 9a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leioako Artaza parkean (Bizkaia) hasiko dira Lamiakoko itsasadar azpiko errepidea eraikitzeko lanak egiten. Ondoan dagoen institutuaren jolastokiaren zati bat hartuko dute lanek, baita parkearen zati handi bat ere. Besteak beste, dozenaka zuhaitz moztuko dituzte lanak egin ahal izateko. Bada, Maputxe izeneko ekintzaile bat behin baino gehiagotan igo da parkeko zuhaitzetara, proiektua salatzeko asmoz. Azkenengoz urriaren 24an egin zuten manifestazioaren egunean igo zen, eta oraindik ez da jaitsi. Hamasei egun daramatza jada bertan, eta ekintzaileak adierazi du ez dela jaitsiko proiektua bertan behera geratu arte.

Atzo, Subflubialari Ez plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten dozenaka herritarrek Maputxe igota dagoen zuhaitzaren azpian, ekintzaileari elkartasuna adierazteko eta babesa emateko. Bestalde, plataformak egoera baliatu du bere aldarrikapenak gogorarazteko: uste dute azpiegiturak ez duela lortuko trafikoan dauden arazoak konpontzea —Bizkaiko Foru Aldundiak ere onartu du hori—, erakartze efektua izango duelako, eta eskatu dute proiektua egiteko jarriko dituzten 600 milioi euroak garraio publikoa indartzeko erabiltzeko.

Oraindik ez dute garbi noiz hasiko diren lanak. Zundaketak egiten ibili dira azken hilabeteetan, eta edonoiz hasi litezke. Inguruan ikastetxe asko daude, eta horiek izango dira, bizilagunekin batera, kaltetuenak. Eraikin batean jada aldatu dituzte leihoak, lanek sortuko dituzten zaratagatik eta hautsagatik, baina oraindik ez dute aireztapen sistemarik. Institutuko irakasleek adierazi zuten erakunde publikoekiko harremana hutsala dela, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin zaila delako komunikatzea eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin ez dutelako hitz egiterik lortu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA