Bizkaiko metalgintza mahaian hasiko da ELA lan itunak euskaraz negoziatzen

Lehenengo bilera etzi izango da, eta sindikatuak salatu du Lan Harremanen Kontseiluak oraindik ez duela bermatu itzulpen zerbitzua. Kontseiluak erantzun du itzulpen zerbitzua jarriko dutela «horretarako baldintzak» egon bezain pronto.

Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna, uztailaren 7an egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna, uztailaren 7an egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko irailaren 1a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da zirt edo zart egiteko garaia. Uztailaren 7an, ELA sindikatuak iragarri zuen aurrerantzean euskaraz negoziatuko zituela 27 lan hitzarmen sektorial, eta LHK Lan Harremanen Kontseiluari eskatu zion jar zitzala negoziazio mahaietan euskaraz jarduteko baliabideak, eskubide hori bermatze aldera. Orain zabalduko da Bizkaiko metalgintza arloko hitzarmena negoziatzeko prozesua, eta etzi egingo dute lehenengo bilera: hori izango da ELAk bere asmoa iragarri zuenetik egingo duten estreinako negoziazio mahaia, eta, beraz, abagune egokia izango da ikusteko nola jokatzen duten LHKk eta patronalak eskakizun horren harira.

Oraingoz, LHKk ez du baieztatu bileran itzulpen zerbitzurik egongo ote den. ELAk asmoaren berri eman zuenean, LHKko presidente Emilia Malagak erantzun zion kontseiluak ez duela itzulpen zerbitzurik, eta ez dagokiola berari erabakitzea bileretan halakorik erabiliko den ala ez; hala, patronalaren eta sindikatuen esku utzi zituen horren ingurukoak. LHKren erantzuna ez zen ELAren gogoko izan: «Erakunde publikoa izan arren, herritarrei egotzi die hizkuntza eskubideak gauzatu ahal izatea».

LABek ere bat egin zuen negoziazio mahaietan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzeko asmoarekin, eta LHKri «neurri zehatzak» eskatu zizkion horri bide emateko.

«Ez diogu uko egingo [euskaraz aritzeko] eskubide horri, eta ez dugu onartuko gaztelania inposatzea»

ELA SINDIKATUA

ELAk nabarmendu du etzikoa izango dela «lan hitzarmenen negoziazioetan hizkuntza eskubideak bermatzeko lehen aukera», eta eskakizun horren harira LHKk hautu bat egin beharko duela: «Kalitatezko itzulpen zerbitzua jarri eta denen hizkuntza eskubideak errespetatzeko erraztasunak eman, edo negoziazio mahaiko ordezkarien esku utzi hizkuntza irizpideen inguruko erabakia, itzultzaile zerbitzurik jarri gabe». ELAren iritziz, LHKk bigarren aukeraren alde egingo balu, argi geratuko litzateke kontseiluak ez duela bere eginkizuna betetzen.

ELAk berretsi du eutsi egingo diola bere hautuari: «Negoziatzaile guztiek eskubidea dute hautatzen duten hizkuntzan aritzeko. Ez diogu uko egingo eskubide horri, eta ez dugu onartuko gaztelania inposatzea».

Geroago iritsi da LHKren erantzuna, Europa Press berri agentziari egindako adierazpen batzuen bidez. Ez du argitu etziko bileran itzulpen zerbitzurik egongo ote den, baina azaldu du horrelakoak jartzeko asmoa baduela, «baldintza operatiboek eta prozeduraren arlokoek horretarako aukera eman bezain pronto». LHKk espero du hori «berandu baino lehen» gertatuko dela, epe zehatzik eman ez duen arren.

Patronalaren jarrera

Sindikatuek FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioa izango dute mahaiaren beste aldean, patronalaren interesak ordezkatzen. Sindikatu abertzaleen asmoaren berri izan zuenean, zalantzati agertu zen Bizkaiko patronala: aitortu zuen orain arteko negoziazioak gaztelaniaz egin dituztela, baina onartu euskaraz egiteko eskubidea badagoela, «bi hizkuntzak ofizialak» baitira. Baina, era berean, kezka agertu zuen negoziazioak euskaraz eginez gero prozesua «atzeratuko» ote zen.

ELAk jakinarazi duenez, idazki bat bidali die negoziazio prozesuan parte hartuko duten gainerako eragileei, eta ,bileretan euskaraz aritzeko gonbidapena egiteaz gain, proposatu die eskariarekin bat egiteko eta LHKri itzulpen zerbitzua jar dezala eskatzeko, «negoziatzaileak ez ditzaten gaztelaniaz aritzera behartu».

BERRIA harremanetan jarri da FVEM federazioarekin, eta orduan esandakoa berretsi du patronalak: bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aritzeko eskubidea aintzat hartzen dutela, eta kezka dutela auzi honek prozesua atzeratuko ote duen: «Euskadin, Espainian halako bi luzatzen dira lan hitzarmenak negoziatzeko prozesuak». Federazioak erantsi du bere ustez LHKri dagokiola bermatzea bileretan aukera izango dela nork bere hizkuntza hautua egiteko, eta espero du aurrerantzean «negoziazioaren edukiak» izango direla albiste, «negoziazioa egiteko moldeen» ordez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA