Euskaraz aritzeko neurri «zehatzak» eskatu dizkio LABek Lan Harremanen Kontseiluari

Kontseiluarekin bilera egin du sindikatuak, negoziazio kolektiboan euskarak izan behar duen «presentziaz eta erabileraz» solastatzeko.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2026ko uztailaren 20a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat mezu ozentzen ari dira lan harremanetan eta negoziazio kolektiboetan euskarak izan behar duen tokia aldarrikatzeko. Lehengo astean, adibidez, ELAk sindikatuen eta patronalen arteko bilera bat eskatu zuen, negoziazioak euskaraz egin ahal izateko. Bide batez, salatu zuen Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) uko egin diola itzulpen zerbitzua jartzeari. LABek gaur berretsi egin du arlo horretan aurrerabideak egiteak duen garrantzia: bilera egin du LHKrekin, eta neurri «zehatzak» eskatu ditu bertan. 

Prentsa ohar bat atera du sindikatuak bileraren berri emateko. ELAk arlo horretan egin berri dituen eskabideak ontzat ematen dituztela azaldu dute, eta horiek bultzatze aldera zer egingo duten aurreratu: kontseiluan ezohiko bilkura baterako deia egiteko asmoa dute, horren bidez negoziazio «guztietan» euskaraz jardun ahal izateko neurriak ezartzeko bideak jartzeko. «Ez dakigu zein izan zen ELAk euskaraz negoziatzeko eskaera 27 negoziazio mahaitara soilik mugatzeko arrazoia; izan ere, 47 dira Euskal Autonomia Erkidegoan negoziatzen ari diren hitzarmenak», zehaztu dute. 

Gogora ekarri dute, nolanahi ere, lan munduan euskararen erabilera oso apala denez, beste alor askotan ere eragin behar dela. Jakinarazi dute datozen hilabeteetan «lehentasuna» emango dietela ildo horretan egin daitezkeen aurrerabideei. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA