Vicinay Marine enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi zien ezinbestekoa dela hirurogei behargin kaleratzea Sestaoko (Bizkaia) lantokiaren bideragarritasuna bermatzeko. Beharginak, ordea, ez daude ados, jabeek kalte ordain handiagoak eskainita ere. Enpresako zuzendaritzak batzordeari eskatu dio zerrenda bat osatzeko lantegia uzteko prest egongo liratekeen hirurogei pertsonaren izen-abizenekin. Horri buruz galdetuta, LABeko ordezkariak adierazi du ez dakiela zenbat langile egongo diren lista horretan. «Oraingoz ez dugu horren berri, astelehenean baitugu bilera zuzendaritzarekin», esan du. «Ulertzekoa da baten batzuk izena eman izana. Hala ere, guk argi daukagu benetan inork ez duela alde egin nahi», zehaztu du LABeko kideak.
Azaroaren 9an hasi zen Vicinayko lan erregulazioaren baldintzak zehazteko negoziazio epea. Enpresak itsas zabalean erabiltzeko kateak ekoizten ditu, eta 128 langile ditu Sestaoko plantan; zuzendaritzak haietako hirurogei kaleratzeko asmoa du, eta beste 68ak aldi baterako lan erregulazioan sartzekoa. Erregulazio horrek 2027ko uztailera arte iraungo luke gutxienez.
Zuzendaritzaren arabera, lantegia ekonomikoki bideraezina da gaur egun duen tamainari eutsiz gero, eta galerak pilatuz joan da pandemiaz geroztik. Azalpen horiek, baina, ez dute konbentzitu langile batzordea: beharginek egun horretan bertan egin zuten lehen mobilizazioa, lantegiaren aurrean.
Gaur, berriz, kalera atera dira Sestaon, senide, lagun eta auzokideekin batera. Manifestariak eguerdian abiatu dira Kasko plazatik, Vicinay Sestao ez itxi. Despidorik ez zioen pankarta baten atzean. Herriko hainbat kale zeharkatu ostean, toki berera itzuli dira.
«Benetako irtenbide bat eskatzen dugu Vicinayko langileentzat. Langile familiak gara, eta ez dugu horrelakorik merezi»
GORKA PINTOLAB sindikatuko ordezkaria
Langileei kosta egiten zaie sinestea enpresak hirurogei lagun kaleratu nahi dituela, Damaso Quintana gaur egungo jabeak urrian erreskatatu baitzuen konpainia, diru publiko asko baliatuta horretarako: Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euro jarri zituen zuzenean, eta 25 milioi Ekarpen funtsaren bitartez —funts horretan, besteak beste, aldundiak eta Kutxabank daude—.
«Familiak, lagunak, lankideak eta arrazoirik gabe kaleratutako jendea: guk horixe ikusten dugu beste batzuek kopuruak ikusten dituzten lekuan. Benetako irtenbide bat eskatzen dugu Vicinayko langileentzat. Langile familiak gara, eta ez dugu horrelakorik merezi», adierazi du Gorka Pinto LABek Vicinayn duen ordezkariak. UGTk, CCOOk eta LABek bina ordezkari dituzte, eta ELAk, ESKk eta Independenteek bana.
Borondatezko irteerak eta erretiro aurreratuak
Zuzendaritzak egin asmo dituen kaleratzeen zerrenda erakutsi zion azaroaren 9an enpresa batzordeari, izen-abizenekin. Baina langileen ordezkariek ez zuten onartu. Are, astelehenean batzordeak eskatu zuen kaleratu nahi dituzten hirurogei horien artean aintzat hartzeko borondatezko irteerak eta erretiro aurreratuak. Bada, sindikatuen proposamen horri erantzunez, enpresak kalera joateko prest egongo liratekeen hirurogei beharginen zerrenda bat egiteko eskatu zien, eta bihar izango litzateke hura aurkezteko azken eguna. Gainera, zuzendaritzak adierazi zuen izen-abizen horietako baten bat «lantegiaren etorkizunerako beharrezko lanpostutzat» joko balu zerrendatik kenduko lukeela.
Bitartean, kalte ordain handiagoak eskaini dizkiete langileei: lan egindako urte bakoitzeko 23 eguneko ordaina jasoko dute 62 urtera arteko beharginek, hamalau hilabeteko mugarekin. Eta 63 urtetik gorakoek, berriz, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko ordaina, hamabi hilabeteko mugarekin.