Vicinayko 60 langilek bihar arte daukate Sestaoko lantegia beren kabuz utzi nahi duten esateko

Sestaoko auzokideek lagunduta egin dute manifestazioa Vicinay lantegiko beharginek eta haien hurbilekoek, gaur eguerdian. Zuzendaritzak aurkeztutako lan erregulazioaren aurka daude, 128 langileetatik 60 kaleratu nahi baitituzte.

Sestaon egindako manifestazioaren burua. BERRIA
Sestaon egindako manifestazioaren burua. BERRIA
14789412 kepa
2026ko azaroaren 28a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vicinay Marine enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi zien ezinbestekoa dela 60 behargin kaleratzea, Sestaoko (Bizkaia) lantokiaren bideragarritasuna bermatzeko. Beharginak, ordea, ez daude ados, jabeek kalte ordain handiagoak eskainita ere. Enpresako zuzendaritzak batzordeari eskatu dio zerrenda bat osatzeko kalera joateko prest egongo liratekeen 60 pertsonen izen-abizenekin. Horri buruz galdetuta, LABeko ordezkariak adierazi du ez dakiela zenbat langile egongo diren lista horretan. «Oraingoz ez dugu horren berri, astelehenean baitugu bilera zuzendaritzarekin», aipatu du. «Ulertzekoa da baten batzuk izena eman izana. Hala ere, guk argi daukagu benetan inork ez duela alde egin nahi», zehaztu du LABekoak.

Azaroaren 9an hasi zen Vicinayko lan erregulazioaren baldintzak zehazteko negoziazio epea. Enpresak itsas zabalean erabiltzeko kateak ekoizten ditu, eta 128 langile ditu Sestaoko plantan; zuzendaritzak haietako 60 kaleratzeko asmoa du, eta beste 68ak aldi baterako lan erregulazioan sartu. Erregulazio horrek, gutxienez, 2027ko uztailera arte iraungo luke.

Zuzendaritzaren arabera, lantegia ekonomikoki bideraezina da gaur egun duen tamainarekin, eta galerak pilatuz joan da pandemiaz geroztik. Azalpen horiek, baina, ez dute konbentzitu langile batzordea: egun horretan bertan egin zuten lehen mobilizazioa beharginek, lantegiaren aurrean.

Gaur, berriz, Sestaoko kaleak hartu dituzte, senide, lagun eta auzokideekin batera. Manifestariak eguerdian abiatu dira Kasko plazatik, Vicinay Sestao ez itxi. Despidorik ez irakur zitekeen pankarta baten atzean. Herriko hainbat kale zeharkatu ostean, toki berera itzuli dira.

«Benetako irtenbide bat eskatzen dugu Vicinayko langileentzat. Langile familiak gara eta ez dugu horrelakorik merezi»

GORKA PINTOLAB sindikatuko ordezkaria

Langileei kosta egiten zaie enpresak 60 lagun kaleratu nahi dituela sinistea, Damaso Quintana gaur egungo jabeak urrian erreskatatu baitzuen konpainia, diru publiko askoren laguntzaz: Jaurlaritzak 7,5 milioi euro jarri zituen zuzenean, eta 25 milioi Ekarpen funtsaren bitartez —funts horretan, besteak beste, aldundiak eta Kutxabank daude—.

«Familiak, lagunak, lankideak eta arrazoirik gabe kaleratutako jendea ikusten ditugu guk, beste pertsona batzuek zenbakiak ikusten dituzten lekuan. Benetako irtenbide bat eskatzen dugu Vicinayko langileentzat. Langile familiak gara eta ez dugu horrelakorik merezi», adierazi du Gorka Pinto LABek Vicinayn duen ordezkariak. UGTk, CCOOk eta LABek bina ordezkari dituzte, eta ELAk, ESK-k eta Independenteek bana.

Borondatezko irteerak eta erretiro aurreratuak

Zuzendaritzak egin asmo dituen kaleratzeen zerrenda erakutsi zion azaroaren 9an, enpresa batzordeari, izen-abizenekin. Baina, langileen ordezkariek ez zuten onartu. Are, joan den astelehenean batzordeak eskatu zuen kaleratu nahi dituzten 60 horien artean aintzat hartzea borondatezko irteerak eta erretiro aurreratuak. Bada, enpresak proposamen horri erantzun zion sindikatuei eskatuz kalera joateko prest egongo liratekeen 60 beharginen zerrenda bat, eta bihar izango litzateke hori aurkezteko azken eguna. Gainera, izen-abizenetatik baten bat «lantegiaren etorkizunerako beharrezko lanpostutzat» joko balu, zerrendatik kenduko lukeela adierazi zuen zuzendaritzak.

Bitartean, kalte ordain handiagoak eskaini dizkiete langileei: lan egindako urte bakoitzeko 23 eguneko ordaina jasoko dute 62 urtera arteko beharginek, hamalau hilabeteko mugarekin. Eta 63 urtetik gorakoek lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko ordaina, hamabi hilabeteko mugarekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA