GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundera jotzen dutenen artean «euskararen erabilera oso txikia da». Argudio hori eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, berresteko gizarte integraziorako teknikari lanpostuetako deialdi bat bertan behera utzi izana. Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek «oso larritzat» jo dute ebazpen hori. «Are larriagoa da zaurgarritasun egoeran dauden herritarrez gabiltzala kontuan izanda». Bada, «urraketa horiek murrizten lagunduko zuen lan deialdia» bertan behera utzi du epaileak, gaitzetsi dutenez.
2025aren amaieran, Bilboko epaitegi batek bertan behera utzi zuen GUFEren deialdi bat, gizarte integrazioko goi mailako hogei teknikariei zegokiena, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» zelakoan; orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du ebazpen hori, eta Bizkaiko Foru Aldundiak aldi baterako eten egin du enplegu deialdia. Hogei postu atera zituzten lehiaketa publikorako, eta haietatik hemezortzitan C1 hizkuntza eskakizuna eskatzen zuten. Lanpostuen %90 ziren horiek, baina, EAEko Auzitegi Nagusiaren iritziz, legeak ezartzen duen indizea da aplikatu daitekeen gehienekoa: %46,47, kasu honetan.
Magistratuek argudiatu zuten, besteak beste, gizarte integrazioko teknikariaren lanbidearen ezaugarria dela pertsona kalteberei laguntzeko lanak egitea, eta «kolektibo horietan, euskararen erabilera oso txikia» dela gaztelaniaren erabileraren aldean. Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek «oldarraldi euskarafoboaren» beste adibidetzat jo dute azken ebazpen judiziala. Epaia arbuiatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur, Bilboko Foru Jauregiaren aurrean.
«Zaurgarritasuna ezin da gaztelaniaren erabilerarekin parekatu, ezta pertsona zaurgarriak euskararen normalizazioaren aurkako argudio bihurtu ere»
LAB SINDIKATUA
LABek erabat ukatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren planteamendua: «Zaurgarritasuna ezin da gaztelaniaren erabilerarekin parekatu, ezta pertsona zaurgarriak euskararen normalizazioaren aurkako argudio bihurtu ere». Sindikatu horren ustez, egoera sozial, ekonomiko edo pertsonal zaurgarrian egoteak ez du pertsona horien hizkuntza identitatea ezabatzen, ezta euskaraz komunikatzeko eta artatua izateko eskubidea kentzen ere.
Are gehiago, gizarte zerbitzuetan hizkuntzak «berebiziko garrantzia» duela adierazi du LABek. «Erabiltzaileekiko konfiantzazko harremanak sortzea, haien beharrak ulertzea, entzute aktiboa lantzea eta esku hartze egokia garatzea da profesional horien eguneroko lanaren oinarria. Horregatik, pertsona bakoitzak bere burua erosoen adierazten duen hizkuntzan artatua izateko aukera izatea arreta duinaren eta kalitatezko zerbitzu publikoaren parte da», esplikatu du. LABen arabera, «pertsona zaurgarriek ez dute hizkuntza eskubide gutxiago; aitzitik, haien egoerak arreta bereziki zaindua eta oztoporik gabekoa izatea eskatzen du».
Hizkuntz prekarizazioa
ELAk salatu du eremu publikoko langileek eta herritarrek ez dutela bermatua euskaraz aritzeko eskubidea, EAEko Autonomia Estatutua onartu eta 45 urte geroago ere. «Soilik gaztelaniaz jardun ahal izatea bermatzen da nonahi eta noiznahi», gaitzetsi dute. Horiek horrela, ondorioztatu dute langile eta herritar euskaldunak «bigarren mailakoak» direla oraindik ere, «EAEko legediak besterik adierazi arren».
«Osasun, genero, etxebizitza, lan eta bizi baldintza prekarioak inor gutxik defenda baditzake, hizkuntzarena ezin da salbuespena izan»
ELA SINDIKATUA
Besteak beste, hainbat alderdi politiko, sindikatu eta hedabideri egotzi diete «oldarraldi hau hauspotzen» aritzea. Kontseiluak, ELAk eta LABek horiei guztiei leporatu diete hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajartzea, «euskaraz bizi nahia, eskubide aitortua den esparruetan ere, gero eta hautu prekarioagoa bilakatuz, euskaraz bizi nahi dugunok bigarren mailako herritar izatera kondenatuz».
Zaurgarritasunaren gaiari berriro helduz, zera nabarmendu dute: «Horrek ez gaitu desberdin egiten, prekaritatea bere forma askotarikoetan ezagutzen dutenak asko baikara munduan eta Euskal Herri osoan zehar. Desberdin egiten gaituena zera da, prekaritate mota jakin horrekiko sektore horien tolerantzia. Osasun, genero, etxebizitza, lan eta bizi baldintza prekarioak inor gutxik defenda baditzake, eta hizkuntzarena ezin da salbuespena izan».
Arkitektura juridiko berri bat
Euskararen aldeko borroka «justizia sozialaren aldeko borroka» dela ere azpimarratu dute gaurko elkarretaratzearen deitzaileek. «Horregatik mobilizatu gara orain arteko sententzien inguruan, horregatik gaude gaur hemen». Aipatu dutenez, «mobilizazio bidez» lortu zuten eztabaida epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera eramatea. Hain zuzen, ekainaren 25ean onartu zuten han Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EAJren proposamena, EH Bilduren abstentzioarekin, euskararen kontrako ebazpen judizialei izkin egiteko asmoz.
Erreforma horren bitartez, administrazio bakoitzak bere plangintzan ezarri dezake zer lanpostutan eskatuko duen euskara jakitea eta zeinetan geroratu ezagutza hori. Baina, Kontseiluak ELAk eta LABek aitortu dute legean egindako aldaketak ez dituela ase. «Zalantzak ditugu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzeko aski izango den». Haientzat ez da nahikoa. Hori horrela, «ezinbestekotzat» jo dute «behar duen arkitektura juridiko berria» eskaintzea euskarari, «egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatuko duena».
BIZKAIKO Foru ALDUNDIAK EZ DU BALIATU LEGEAREN ALDAKETA
AET Administrazioan Euskaraz Taldeak EAJri kargu hartu dio Eusko Legebiltzarrak ekainaren 25ean onartu zuen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreforma ez baliatzegatik. Lege aldaketa horren arabera, administrazio bakoitzak ezar dezake euskararen ezagutza zein lanpostutan eskatu eta zeinetan geroratu. Ordurako foru erakundeak onartua zuen, ordea, 2027ko abenduaren 31ra arte atzeratzea bost gizarte langile hautatzeko prozesu batean hizkuntza eskakizunak geroratzea. Horren ondorioez ohartarazi dute: «Euskara titulurik gabeko langileek eskuratu ahalko dituzte bost postu horiek. Berez, egun hori heltzen denean ez badute euskara maila egiaztatua, aldundiak lanpostutik kendu beharko lituzke, baina denok dakigu ez dela halakorik gertatuko».