Onartu dute Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EAJren proposamena

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran onartu dute. EAJ eta EH Bildu akordio batera iritsi dira, eta EH Bilduk bide emango dio jeltzaleen testuari, abstenituta. Hauxe dute helburu: euskara eskakizunen aurkako epaiei hesi bat jartzea.

Markel Olano hizketan ondoan Pello Otxandiano duela, gaur, osoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Markel Olano hizketan ondoan Pello Otxandiano duela, gaur, osoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko ekainaren 25a
08:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaida egin egingo dute, baina jada jakina zen emaitza: Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EAJren proposamena onartu dute, EH Bilduren abstentzioarekin. 09:30ean hasi da Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, eta bertan eztabaidatu dute. 

Ikusi gehiago

Azken urteetan epai saldo bat egon da administrazio publikoko langileentzako euskara eskakizunen kontra, eta horiei hesi bat jartzea dute helburu bi alderdiek. Horretarako, biek jarri zuten testu bana mahai gainean. EH Bildurenak ideia bat zuen oinarrian: «Bi hizkuntza ofizialak ezagutzea izatea irizpide orokorra enplegu publikorako sarbidean». Gero, «progresibotasun indizea» ere txertatu zuen, euskara eskakizuna zer lanpostutan geroratu daitekeen zehazteko. Azkenean, baina, koalizio abertzaleak ez zuen babes nahikorik jaso, eta bere proposamena bertan behera geratu zen.

EAJren proposamenaren oinarria, berriz, zera da: derrigortasun indizea kentzea; horren bidez zehazten da zenbat lanpostutan egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna. Jeltzaleen irudiko, horren gainean hainbat epailek egindako interpretazioak izan dira askotan euskararen normalizazioaren kontrako epaien abiaburua, eta, horregatik, Euskal Enplegu Publikoaren Legean «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez egotea nahi dute, eta erakunde bakoitzak erabakitzea hizkuntza eskakizunak zehaztea. 

Urtebete inguruko prozesu baten ostean, azkenean, EAJren proposamena onartuko dute, EH Bildu abstenituta. Baldintza batzuekin, ordea, bi alderdiek hitzarmen bat izenpetu baitute. Atzo eman zuten haren berri. Adostu dute, besteak beste, frogatzen bada EAJren proposamenak ez duela «bere helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik» beste proposamen bat lantzen hasiko direla bi alderdiak, Kataluniako eta Galiziako ereduak oinarritzat hartuta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA