Tubos Reunidos erosteko eskaintza guztietan aurreikusten dituzte kaleratzeak

Konkurtso administratzaileak bosteko lehen galbahea egin du, eta horietatik bik baino ez dute hartu euren gain Amurrioko eta Trapagarango plantei eusteko konpromisoa.

Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Tubos Reunidoseko langile batzuk, Amurrioko lantegiaren aurrean. LINO GONZALEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 16a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoa gidatzen ari den kudeatzaileak aukeratu ditu jada lehen galbahea pasatu duten bost eskaintzak, eta, jakinarazi duenez, bostek aurreikusten dute lantaldea murriztu beharko dutela. Aldiz, bik bakarrik plazaratu dute bi plantei eusteko asmoa.

Eskaintza anonimoak diren arren, jakina da horietako bat Jose Antonio Jainagarena dela, Sidenor eta Talgoko gaur egungo presidentearena. Enpresak aspaldidanik du fundizioa darabilten euskal enpresa handiak batzeko anbizioa, eta harena da erakunde publikoek gustukoen duten aukera.

Eskaintza ekonomikorik onena 27,5 milioi eurokoa da, baina eskaintzaile horrek Trapagarango planta nahi du bakarrik, eta kudeatzaileak esana du bi planten alde egiten duten eskaintzak lehenetsiko dituela

PKF Attest aholkularitzak —haren langilea da administratzailea— argitara atera du galbahea igaro duten eskaintzen koadroa. Eskaintza ekonomikoei dagokienez, batek 27,5 milioi euro eskaini ditu, beste batek milioi bat euro, beste batek 100.000, eta azkeneko biek euro bakarra. Konpainiak 300 milioiko zorra du, eta, beraz, hartzekodunek zail izango dute kobratzea.

Erlazionatuta

Erosketa enkante bat da, baina administratzaileak esan zuen ez ziola diruari bakarrik begiratuko, eta Amurrioko (Araba) —900 langile— eta Trapagarango (Bizkaia) —400 langile— lantegiak irekita mantentzeko prest zeudenak lehenetsiko zituela. Hori traba handia da, esaterako, 27,5 milioiko eskaintza egin duen hautagaiarentzat, hark Trapagarango planta nahi baitu bakarrik.

Horiek horrela, bi dira bi lantegiei eusteko prest agertu diren hautagaiak, euro bateko biak hain zuzen. Euro bat eskaini dutenetako bat da, A eskaintzaile moduan agertzen dena, bi planten jardunari eusteko asmorik argiena plazaratu duena. C eskaintzaileak ere biak nahi ditu, baina Amurriokoa modu subsidiarioan. E eskaintzak, azkenik, 100.000 euro eskaini dituenak, alokairu sistema moduko bat eskaini du Amurriorako.

Eta lan baldintzak aldatu

Koadroaren arabera, bostek sartuko dute guraizea lantaldean, hura murrizteko asmoa aurreratu dute eta. Hori bai, koadroak ez du zehazten zenbat, non eta nola, baina litekeena da neurri drastikoenak Amurrion hartu behar izatea. Bertan du fundizioa konpainiak. Horrez gain, bostek esaten dute langileen baldintzak aldatu beharko direla. Okertu, alegia. Izan ere, enkantea irabazten duenak gutxienez bi urtez mantendu beharko du ekoizpena.

Administratzaileak informazio hori igorri die konpainiako administrazio kontseiluari, langileen ordezkariei eta hala nahiko luketen langileei. Administratzailea asteazkenean bilduko da langileekin, eta xeheago emango die eskaintzen berri.

Orain, bost hautagaiek kudeatzaileari galderak egiteko epe bat izango dute, eta, ondoren, beren azken eskaintza izango dena egin beharko dute. Behin irabazlea aukeratuta, hark langileekin bildu beharko du eskaintza eztabaidatzeko. Langileek ez balute onartuko, eskaintzaileak atzera egiteko eskubidea izango luke. Konkurtsoaren aurretik mobilizazio ugari egin zituzten kaleratzeak eragozteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA