Tubos Reunidos erosteko eskaintza egin eta konkurtsoko administratzailearen galbahea pasatu duten bost enpresetako bat ere ez dago prest konpainiak SEPIrekin duen zorra bere gain hartzeko. ESK sindikatuak jakinarazi duenez, administratzaileak langileei jakinarazi die bostek marra gorri bat jarri dutela hor: «Zorra ez onartzea bost eskaintzen baldintzetan ageri da». Bostek atzera egiteko beta dute oraindik.
Administratzailea atzo bildu zen Trapagarango (Bizkaia), Amurrioko (Araba) eta Iruña Okako (Araba) langileekin, eta orduan azaldu zien baldintza hori. Gauzak horrela, zor hori da konpainiaren enkanteak egun duen oztopo nagusia eta hautagaiak uxatu ditzakeen mamua. Tubos Reunidosek hirurehun milioiko zorra du, eta erdia, 150 milioi inguru, SEPIrekin du. SEPI Espainiako Ogasun Ministerioaren menpeko enpresa publiko bat da, eta 2021ean 112 milioi euroko mailegua egin zion Tubos Reunidosi hura erreskatatzeko asmoz.
Hautagaiek Tubos Reunidos erosteko eginiko lehen eskaintzak ez dira lotesleak, eta oraindik atzera egiteko aukera dute
Urteen eta interesen poderioz, baina, zorra 150 milioi eurokoa bihurtu da, enpresak ia ez baitu ezer kitatu. Sindikatuek askotan salatu dute besteak beste zuzendaritzak zor hori gaizki kudeatu zuelako dagoela enpresa gaur egungo egoera txarrean. Hori aski ez, eta Espainiako Auzitegi Nazionala mailegu horren inguruko negoziazioak ikertzen ari da, ustez eskupekoak banatu zirelako eta influentzia trafikoa egon zelako. Auzi horren harira Guardia Zibilak Tubos Reunidosek Bilbon dituen bulegoak miatu zituen ekainean.
Buruhaustea larria da, eta atzerako kontaketa baten menpe dago. Bost hautagaiek eginiko lehen eskaintzak behin-behinekoak dira, eta administratzaileak abenduko lehen astera arteko tartea eman die behin betiko eskaintzak egiteko. Alegia, oraindik badute tartea atzera egiteko, eta, sindikatuak zabaldurikoaren arabera, ikusteko dago ausartuko diren. Bien bitartean, bostek aurreratu dute langileen ordezkariekin bilduko direla.
ESKk «inplikazio erreala» eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta, bereziki, SEPIri. Orain arteko jarrera «itxia» aldatzeko eskatu dio, «operazioa arriskuan jartzen ari delako», eta parte hartzeko «modu ezberdinak» azter ditzala. ELA sindikatuak zorra bideratzeko modu bat jarri zuen atzo mahai gainean: zorra akzio bilakatzea.
Zor solidarioa da
Korapiloa askatzea, baina, ez da erraza, Europako Batzordeak ez lukeelako baimenduko zorra kitatzea. El Correo egunkariak zabaldu duenez, eta EBk maileguari buruz eginiko txosten baten arabera, Espainiako Gobernuak ezin du zorra alde bakarrez kitatu. Txostenean ezarrita dagoenez, «estatu laguntzen bidez» eman zitzaion mailegu hori enpresari, eta, horrenbestez, Espainia «behartuta» dago diru hori itzul dezala exijitzera.

Are gehiago, laguntza jasotako enpresa eskuz aldatuko balitz erosleak zor hori «modu solidarioan» onartu beharko lukeela zehazten du, eta hautagaiek ez dute zama hori onartu nahi. Txostenean zehaztuta dago, halaber, baldintza horietakoren bat aldatzeko Bruselak baimena eman beharko lukeela espresuki.
Gauzak hala, argi dago auzia jokaleku politikoan dagoela, eta maileguarekin lotutako ustezko ustelkeria kasuak ez du laguntzen. Espainiako egungo gobernuak onartu zuen mailegua, baina azaroaren 29an hauteskundeak egingo dituzte, eta ikusteko dago ea gaur egungo gobernuak indarrean jarraituko duen eta, ondorioz, Europarekin negoziatzen saiatuko den, edo, kontrara, hurrengo gobernuaren ardura izango den.
Welspun astelehenean bilduko da Trapagarango langileekin
Azken asteetan zurrumurru ugari zabaldu da Tubos Reunidos erosteko interesa izan duten eta administratzailearen galbahea igaro duten konpainien inguruan. Apurka, zerrenda argitzen joango da, langile batzordeekin bilerak eskatu ahala. Welspun Group Indiako multinazionala izan da aurrenekoa pausoa ematen, eta astelehenean bilduko da Trapagarango langile batzordeko kideekin. Konpainia handia da, guztira 40.000 langile baino gehiago baititu, eta sektore askotan ditu enpresak. Beste lehiakideetako bat Jose Antonio Jainaga buru duen enpresetako bat da. Baina nola da hain ziurra Jainaga sartuta zuten bisitetako batean. Nabarmentzekoa da Jainaga ingeniari industriala dela ikasketaz, eta badakiela zer den fundizio bat, besteak beste Sidenorreko presidentea baita.