Vicinayko langileak galtzak bete lan dabiltza egunotan. Sestaoko lantegian (Bizkaia), astelehenean hasiko da kontsulta epea, zuzendaritzak egin nahi dituen hirurogei kaleratzeez eta proposatutako erregulazio espedienteaz negoziatzeko, eta horretara iritsi aurretik bilerak eta harremanak izaten ari dira ahalik eta eragile gehienekin. Gaur, adibidez, Eusko Legebiltzarrean egon dira, eta han, kaleratzeen eta erregulazio espedientearen kontrako jarrera berresteaz gain, arbuiatu egin dute langileak ECN All Wind taldeko beste enpresa batzuetara bidaltzeko aukera.
Enpresa batzordeak adierazi duenez, ez da bidezkoa «langileek pairatu behar izatea» egoeraren ondorioak, «kontuan hartuta urte hauetan guztietan egindako sakrifizioak, jardueraren geldialdiak eta soldatak ezin igo izana».
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik Vicinayren auzia izan du mintzagai legebiltzarrean, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez. Gogora ekarri du ECN All Wind dela gaur egun Vicinayren jabea, eta Jaurlaritzak proiektu horrekin bat egin zuela, diru ekarpena eginda: «ECN All Winden bidez Vicinayren kapitalean sartu izan ez bagina, enpresa duela hilabete batzuk itxiko zen, eta berrehun langile kaleratuko zituzten. Inbertsio horri esker, gaur Vicinay existitzen da».
Sailburuak esan duenez, negozioa zabaltzeko estrategia bat ari da garatzen ECN All Wind, eta, besteak beste, lantegi bat eraiki nahi du Araban, ehun milioi euroko inbertsio bat eginda eta ehun lanpostu sortuta. «Hori jakinda, erregulazio txostenak kalte egindako langileak birkokatzeko aukerak bilatu beharko lirateke», iradoki du.
Zurrumurruak
Jauregik ukatu egin du enplegua erregulatzeko espedientearen atzean enpresa itxi eta orubearekin espekulatzeko asmoa dagoela. Izan ere, zurrumurru hori bolo-bolo ibili da azken asteotan; Vicinayk Sestaon hartzen duen eremuak itsasorako irteera du, eta, hortaz, baliteke lurzoruak oso prezio handia izatea industria jarduera albo batera utzi eta hura beste erabilera batzuetarako salduz gero.
Aurreko astean, Vicinayko langileek agerraldia egin zuten Bilbon, eta han langile batzordeak adierazi zuen ez zituela zurrumurruak sinetsi nahi, baina horiek uxatzeko beharrezkoa zela «gardentasuna» eta azalpen guztiak ematea. «Ezinezkoa da lurzoru horiek espekulaziorako erabiltzea», esan du Jauregik, eta erantsi «ahalegin guztiak» egingo dituztela kaleratzeak lantalde osoaren %20 baino gehiago izan ez daitezen.
LABek gogor kritikatu ditu Jauregiren hitzak: «Hirurogei kaleratze iragarri direnean, langileak eskualdetik kanpo birkokatzea eta lanpostu horiek galtzea ontzat ematea da Jaurlaritzaren erantzuna».
ELAk, berriz, gogorarazi du Jaurlaritzak eta foru aldundiek hamabost milioi euroko ekarpena egin zutela Vicinay erreskatatzeko operazioan. «Ezin da onartu Vicinayren jarraitutasun industriala bermatzeko erabilitako diru publikoa hirurogei langile kalean uzten dituen operazio bat finantzatzeko jartzea».
Enpresa batzordeak bi orduko lanuztea egitera deitu ditu Vicinayko langileak astelehenerako, kontsulta epea hasiko den egunerako.