Duela hilabete, Genevan (Suitza), Txinak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek hiru hilabete eman zizkioten elkarri bien arteko merkataritza gerra bideratzeko: Txinak %10era murriztu zizkien muga zergak AEBetako inportazioei, eta AEBek %30era jaitsi zizkioten Txinari. Dena den, handik gutxira, munduko bi potentzia nagusiek elkarri leporatu diote akordioa urratzea, eta bien arteko tentsioak konpontzeko asmoz, Londresen bildu dira berriz.
Eguerdia pasatuta ekin diote bilkurari bi herrialdeetako ordezkariek, 12:30ean, Lancaster House jauregian. Goi mailako delegazioa bidali dute bi gobernuek: AEBen izenean, Scott Bessent Altxorraren idazkaria eta Jonathan Reynolds Merkataritza idazkaria bertaratu dira; bestalde, He Lifeng lehen ministrordea da Txinako ordezkaritzaren buru —Xi Jinping presidentearen gertukoa da He—.
Ikusi gehiago
Ostegunean AEBetako eta Txinako buruzagi nagusiek izandako telefono deiaren ondorio da bilkura. Donald Trump AEBetako presidenteak nazioarteko merkataritza gerra abiatu aurretik hitz egin zuen azkenekoz Xirekin. Ostegunean, baina, ordu eta erdiz mintzatu ziren bi agintariak, eta, Etxe Zuriko maizterraren esanetan, solasaldiak «oso emaitza ona» eman du, eta norberaren herrialdera bisita ofizialean joateko gonbita egin diote elkarri. Txinako Xinhua berri agentziaren arabera, agintari estatubatuarraren ekimenez egin zuten deia, eta Xik Trumpi galdegin zion atzera egin zezala eta ez zitzala ezarri iragarritako neurriak.
Iaz hauteskunde kanpainan iragarritakoa bete, eta, finantza merkatuen ustekaberako, Trumpek beste pauso bat egin zuen, mundu osorako muga zergak ezarri baitzituen. Herrialde bakoitzarekin negoziatzeko eta bere intereserako akordioak lortzeko taktika horrek ezinegon handia eragin zuen mundu osoko burtsetan eta errenta finkoan. Hala, AEBetako zor tituluak igotzen hastearekin batera, Trumpek atzera egin behar izan zuen, eta %10eko zerga orokorra ezarri. Neurri horren eraginpetik kanpo geratu zen Txina. Asiako herrialdeak eutsi egin zion sokatira horretan, eta bi potentziek muga zergak igo zizkioten elkarri, de facto batak besteari merkatuak ixteraino —%145eko muga zerga ezarri zioten AEBek Txinari, eta %125ekoa Txinak AEBei—. Azkenean, bi herrialdeek elkarri muga zergak %115 murriztea hitzartu zuten iragan hilean, Genevan.
Orain negoziazio horien bigarren itzulia hasi da, eta argibide handirik ez dute eman. Halere, adituek uste dute herrialde bakoitzarentzat estrategikoak diren gaiak egongo direla mahai gainean. Muga zergen ondorioz, Txinari nabarmen trabatu zaio adimen artifiziala garatu ahal izateko AEBetako produktuetarako —erdieroaleak, makineria eta bestelako teknologiak— sarbidea. Era berean, AEBetako konpainiei zaildu egin zaie ibilgailuen eta sakelakoen elektronika konplexua garatzeko ezinbestekoak diren lehengaiak lortzea. Adibidez, Txinak ustiatzen ditu lur arraroen %70 inguru, eta mineral mota horiek funtsezkoak dira elektronikarako eta imanak egiteko.
Beste gai batzuk ere izango dituzte hizpide. AEBek herrialdean sartzeko bisa baliogabetu diete ikasle txinatarrei, argudiatuta horrela «segurtasuna hobetzea» duela helburu, eta Txinak nahi du debeku horiek kentzea. Gainera, Txinak enbaxada bat ireki nahi du Londresen, City finantza barrutitik oso gertu, eta AEBetako Gobernuak begi txarrez ikusi du mugimendua, bankuen azpiegiturak arriskuan egon daitezkeelakoan.
Alemaniako konpainiak, «etsituta»
Ez dago argi negoziazioek zenbat iraungo duten. Reuters albiste agentziak esan du litekeena dela bi egun irautea. Ikusmina handia da mundu osoan. Izan ere, bi potentzien arteko tentsioak mundu osoko ekonomiaren bilakaera baldintzatu dezake. Halaber, ondorioak ditu funtsezko hornidura kateetan. Adibidez, azken asteetan, Europako autogintzak lur arraroen eskasia sumatu du Txinari ezarritako muga zerga horien ondorioz. Reutersen arabera, Alemaniako konpainiak «etsituta eta izututa» daude hornidura arazoen ondorioz, eta bestelako imanak eskuratzeko lehian dabiltza.
Emaitza ikusi zain, Europako burtsek jaitsiera apalak izan dituzte. Eurostoxx-50 indizea %0,15 beheratu da, Frankfurteko Dax %0,54, eta Parisko CAC-40 %0,17; Madrilgo Ibex-35, berriz, %0,03 igo da.

Txinaren esportazioak %4,8 igo dira
Merkataritza arloko tirabirek ondorioa izan dute Txinako esportazioen datuetan. Maiatzean, esportazioak %4,8 igo ziren aurreko urteko datuarekin alderatuta. Dena den, aurreko hilabeteetan baino motelago handitu dira Txinatik kanpoko salmentak. Martxoan %12 igo ziren, eta apirilean, berriz, %8.
Gatazkak bi ondorio zuzen izan ditu. Europako Batasunerako esportazioak %12 handitu ziren maiatzean, iazko datuekin alderatuta; inportazioek, berriz, bere hartan eutsi zioten. Aitzitik, AEBetako esportazioak %35 amildu ziren, eta, ondorioz, gatazkaren arrastoa nabarmena da.