Zeremonia, desfile militar eta galako oturuntzen artean, bada Donald Trumpen eta Xi Jinpingen arteko enkontruaren emaitza praktiko bat. Bi herrialdeek hitzartu dute beste bi hilabetez luzatuko dutela bien arteko merkataritza gerraren su etena, 2027ko urtarrileraino. Espero zen emaitza hori, oraintxe ez bati eta ez besteari ez baitzaie interesatzen tentsioa gehiago handitzea.
Xi asteazkenean iritsi zen AEBetara, Washingtondik oso gertu dagoen Andrews base militarrera. Han zuen zain Trump, ezohiko adeitasun keinu batean, ohikoa baita AEBetako presidenteek Etxe Zurian egitea harrera bisitan datozen atzerriko agintariei. Hegazkinaren eskaileren azpian, elkarrizketa labur bat izan zuten Xik eta Trumpek, eta, militarren erakustaldi baten ondoren, elkarri agur esan zioten, eta bakoitza bere aldetik joan zen: Etxe Zurira Trump, eta Washingtongo Waldorf Astoriara Xi eta haren taldea.
Ikusi gehiago
Gaur eta bihar denbora gehiago egingo dute elkarrekin, ekitaldi arrandiatsuetan eta bilera pertsonaletan. Gaur arratsaldean agerraldi labur bat egingo dute hedabideen aurrean, baina ez da gauza handirik espero hartatik, asmo oneko adierazpenetatik harago.
Trumpek eta Xik iazko urrian erabaki zuten urtebetez ez ziotela elkarri muga zerga handiagorik ezarriko eta ez zutela neurri gehiago hartuko zenbait produkturen merkataritza oztopatzeko. Horri esker, AEBetako industriak Txinako lur arraroak eskuratu ahal izan ditu, zeinak teknologia arloko ekoizpenetarako behar baitzituen.
Edonola ere, azken hilabeteetan lur arraro gutxiago iritsi dira AEBetara, eta kezka azaldu du Washingtonek. «Txinak gauza batzuk ez ditu perfektu egin», ohartarazi zuen asteazkenean Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak (Ekonomia ministroa). Jario hori berriro handitzea da, beraz, Xiren bisitatik AEBek lortu nahi duten emaitzetako bat.
Beste bat izan daiteke bi aldeek elkarri jarritako muga zerga handiak neurri batean apaltzea, oso handiak baitira Trumpek 2025 hasieran merkataritza gerra abiatu zuenetik.
Txinak AEBen soja eta hegazkin gehiago erosteko aukera ere egongo da elkarrizketen mahai gainean.