Europako Batasuneko herrialdeetako agintariek azken bultzada behar zuten Mercosurrekin merkataritza libreko ituna berresteko, eta Donald Trumpek eman die, nork bestela. Nicolas Maduro bahitu eta Venezuela kolonia baten moduan gidatu nahi duela ikusita, EBko buruzagiei tarte batez ahaztu egin zitzaizkien beren errepideak blokeatzen dituzten traktoreak, eta itunari ikuspuntu geopolitiko batetik begiratzea hobetsi zuten: Hego Amerikarekin harreman komertzialak eta politikoak estutzeko garaia da, AEBek dena hankaz gora jarri aurretik. Â
Italia izan zen baiezkoaren alde egin zuen azken herrialdea, eta, modu horretara, mesede galanta egin zien gogoz kontra ezezkoaren taldean geratu ziren gobernu batzuei, eta bereziki Frantziakoari. Macronek aurkako botoa emango zukeen ituna bere esku izan balu, jakinda alde bozkatzeak Lecornuren gobernua eroraraziko zuela? Inoiz ez dugu jakingo zer egingo zukeen, Giorgia Melonik egin baitzion lan zikina.Â

Izan ere, Frantzian beste inon baino gehiago antzematen da laborarien presioa iritzi publikoan, eta lortu dute, jendaurrean behintzat, espektro politiko ia osoak bat egitea beren planteamenduekin. Hori dela eta, Frantziako eurodiputatu guztiek edo gehienek Mercosurrekiko itunaren aurkako botoa emango dute gaia Europako Parlamentura iristen denean. Hau da, hango laborariek badituzte presio egiten jarraitzeko arrazoiak, baita EB osokoek ere.Â
Oharra Txinari
Ituna indarrean jartzen bada, orduan ikusiko da nekazarien kezka nagusia betetzen ote den edo Bruselak azken urtean bultzatutako babes klausulek zerbaitetarako balioko duten. Baina halaber ikusi beharko da betetzen ote den EBk itunaren bidez erdietsi nahi duen helburu nagusia: eragile ekonomiko eta politiko inportantea izatea Hego Amerikan.
Kontua ez baita soilik Brasilen Bordeleko ardo, Andaluziako oliba olio, Alemaniako auto eta Euskal Herriko makina gehiago saldu ahal izatea. Hori ere bada, noski, baina, merkataritza itunaren bitartez, EBk zera lortu nahi du: Txinaren eta AEBen arteko lehia global horretan eragile izatea, eta 1999tik, hau da, ituna negoziatzen hasi zenetik galdutako lekua berreskuratzea. Â
Trumpek Venezuelan egindako balentriak erakusten baitu Hego Amerika leku inportante bat dela AEBen eta Txinaren arteko borroka global horretan. Besteak beste, Washingtonen ohar bat da Venezuelan gertatutakoa. Batetik, Txinarentzat —«kontinentea gure atzeko patioa da»—, eta, bestetik, Ameriketako gobernuentzat —kontuz txinatarrekin negozio gehiago egitearekin—.Â
Monroe doktrina Venezuelan aplikatzen hastea ez da kasualitatea; ez soilik etxean politikoki justifikatzea errazagoa delako —Venezuelak petrolio asko du, eta Maduro ez zen santu bat—, baizik eta Txina handik sartu zelako Ameriketan, indarrez sartu ere, Hugo Chavezen bitartez. Egia da azkenaldian interesa galdua zuela Pekinek, Maduroren gobernuak harekin pilatutako zor handien ondorioz, baina oraindik ere Txina zen Venezuelako petrolioaren erosle nagusia.
Baina Txina ez zen Venezuelan geratu. Peruko kobre meategiak ustiatzen dituzte haren enpresek, eta Argentinako litio meategiak ere bai; Brasilgo soja landaketen jabe dira, txinatarrek kudeatzen dituzte kontinenteko portuak, eta haiek eraiki dituzte errepideak, urtegiak eta argindar sareak. Txinako bankuak dira mailegu emaile nagusiak, eta hegoamerikarrek Txinako autoak eta produktu elektronikoak erosten dituzte.Â
Ondorioz, Hego Amerikako herrialde gehienetan dagoeneko Txina da bazkide komertzial nagusia, AEBen aurretik. Eta hori mingarria da AEBetako gaur egungo agintarientzat, sinetsita baitaude Rio Grandetik behera dagoen guztiak —herritar ilunak izan ezik, nola ez— haiena izan behar duela, iraganeko lotsarik gabe, eta aitzakia demokratizatzailerik gabe. «AEBak superpotentzia bat dira, eta superpotentzia baten pare jokatuko dute», nabarmendu du Stephen Millerrek, Trumpen segurtasunerako aholkulariak. Eta EBk aldi berean berria eta zaharra den jokaleku horretan aritu behar du.