Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia hazten ari da hilabeteak igaro ahala, baina erritmo apalagoan. Joera bera nabari daiteke enpresaburuen urte amaierarako aurreikuspenetan ere, Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak enpresen konfiantza neurtzeko egiten duen inkestaren arabera. Izan ere, azterketa horretan parte hartu duten EAEko 400 enpresen artean, %43,6k uste dute haien egoerak okerrera egingo duela urte amaierara bitarte: aurreko hiruhilekoan, galdekatutako %39,9k zuten aurreikuspen bera.
Laboral Kutxaren azterketak enpresaren konfiantza indizearen bidez neurtzen du enpresaburuek nola ikusten duten egoera. Urteko azken hiruhilekoari begira, indize horrek ia bi puntu egin du behera aurrekoarekiko alderatuta: 55,1etik 53,3ra. Halere, indizea 50etik gorakoa bada, hazkundea adierazten du, eta eurogunean lortutakoa —53,1— baino apur bat gainetik dago.
Salmenten kopuruari dagokionez, enpresaren fakturazioa apaltzea espero duten enpresaburuak halako bi dira salmenta handiagoak egingo dituztela uste dutenak baino: hain zuzen, %29,3. Aurtengo hirugarren hiruhilekoari begira, ordea, gehiago ziren fakturazio handituko zutela uste zuten enpresaburuak (%30,9); kontrara, gehiago ziren salmentak murriztea espero zutenak (%16,3).
Enpleguari dagokionez, INEren arabera, inoizko landun gehien zeuden hirugarren hiruhilekoan EAEn, baina langabeen kopuruak ere gora egin du. Laboral Kutxaren arabera, bilakaera horrek eragina eduki du enpresen asmoetan, %6,2k uste baitute urte amaierara bitarte kaleratzeak egingo dituztela, aurreko hiruhilekoan baino 2,5 puntu gehiagok: haatik, enpresen %82,7k lantaldeari eusteko asmoa dute, eta %11,1k handitzea.