Energia arbitrajea
Erosi merke, eta saldu garesti. Hori da argindar sarerako lan egiten duten BESS bateria bidezko energia-biltegiratze sistemen negoziorik garbiena. Aurrena, zentral fotovoltaikoetan eta eolikoetan argindarra asko eta merke sortzen deneko argindar merkea biltegiratzen dute, edo eskaria oso txikia den orduetakoa (03:00etakoa, adibidez). Eta, gero, eskaintza murriztu —eguzkirik ez— eta eskaria handitzen denean, arratsean, sareratzen dute baterietan bildutako energia, prezio garestiagoa baliatzeko.Â
Arbitrajea berebizikoa bihurtzen ari da argindar berriztagarri asko dagoen merkatuetan. Badaudelako zonak ekoizpen gailur oso handiak dituztenak, eta, maila bereko eskariaren faltan, sarearen operadoreak agintzen du ekoizpena murriztea (curtailment).Â
Zentralaren beraren errentagarritasuna ezabatu  —eta berriztagarrien hedatzea oztopatu— dezakeen curtailment-a BESSarekin saihestu dezake eguzki panelen parkeak, eta hasierako inbertsioari etekina ateratzen jarraitu. Halako kasuetan, betiere errentagarriagoa izango da BESSaren eta panelen hibridazioa eraikitzen denetik bertatik egitea. Dagoeneko existitzen den zentral bati biltegiratzea gehitzeak kostu eta tramite gehiago dakartza.
Ikusi gehiago
Hibridazioan jarduteak badu beste abantaila bat ere: zentral fotovoltaikoak edo eolikoak jada baduela konexioa sarera, eta konexio horiek lortzea ez da horren erraza.
Erpinak leuntzea
Jokamolde honetan, argindar eskaintza ugaria eta merkea denean kargatzen dira bateriak, eta, gero, puntako orduetan behar handia daukanean —adibidez, motor edo labe handi bat piztu behar duelako—, BESSaren jabeak argindar hori erabiltzen du, saretik hartu beharrean. Hori da BESS sistemen abantaila handienetako bat. Eskari handiko erpinak leundu (peak shaving) eta horrela kostuak jaistea.
Kostuak ez dira jaisten eskari handieneko uneak saihesten direlako soilik, baizik eta eskari handiarengatik fakturan ordaindu beharreko gehigarriak ere aurrezten direlako, eta, gainera, kontratatutako potentzia ere txikiagoa —eta merkeagoa— izan daiteke.
Aurrezpen horiek oso baliagarriak izan daitezke argindar asko erabiltzen duten tokietan: argindarrean intentsiboak diren industriak, datu zentroak, merkataritza gune handiak —hozte sistema handiak erabiltzen dituzte—, ospitale eta bulegoak —klimatizazioa—...
Inertzia sintetikoa
Frekuentziaren erregulazioa, tentsioaren kontrola... Bateria finko handiek, sistemari malgutasuna emateaz gain, hainbat zerbitzu osagarri eskain diezazkiokete, beren teknologiari esker.
BESS sistemetako inbertsorerik aurreratuenek sarea eratu dezakete (grid forming), hots, tentsioari eusteko gai dira. Eta inertzia sintetikoa ere eskain dezakete: oraintsu arte argindar sorkuntzan edo kontsumoan aldaketa zakarren bat gertatzen zenean, sareko frekuentzia egonkor —50 hertz Europan— mantentzeko beharrezko inertzia soilik zentral termiko handietako turbina birakariek ematen zuten.
Iturri berriztagarriek, horrelako gailu birakari fisikorik gabe, ez zuten inertziarik ematen; are gehiago, deskonexio kateetan domino fitxa hutsa ziren. Baina inbertsore berri horiek, algoritmo bidez, inertzia sintetikoa eman dezakete, turbinen erantzuna simulatu dezakete. Beraz, zentral berriztagarriek sarearen egonkortasunera zekarten ahultasuna gainditu egiten da, orain badirelako tentsioa emateko eta frekuentzia egonkor mantentzeko tresna. Batez ere bateria finko handiak dira horretarako egokiak, berehala erantzuteko eta energia momentuan emateko gai direlako.
Tentsioaren kontrola
Frekuentzia oszilazioetan inertzia sintetikoa eskain dezaketen moduan, tentsioaren gorabeherak antzemanez geroz, BESSen inbertsoreek doitu dezakete potentzia erreaktiboaren ekoizpena. Tentsioa jaisten bada, inbertsoreek potentzia erreaktibo handiagoa sareratu dezakete, eta tentsioa igotzen bada, potentzia erreaktiboa xurgatu.
Ikusi gehiago
Zerbitzu osagarriak, gainera, aparteko diru sarrera ere izango dira BESS sistementzat. Operatzaileak zuzenean esleitutako zerbitzua izan daiteke, edo merkatu batean salerosten den zerbitzua. Espainian, adibidez, iazko itzalaldira arte, sorkuntza berriztagarriak ezin zituen zerbitzu horiek eskaini. Hori aldatu egin zen itzalaldia gertatu eta hilabetera, eta oraintsu merkatu bat jarri da abian tentsioa kontrolatzeko zerbitzu horientzat; merkatu horretan parte hartu dezakete, esaterako, ziklo konbinatuek (gasak), baina orain baita berriztagarrien zentralek eta bateria bidezko biltegiratzeek ere.
Abiatze autonomoa
Biltegiratutako energiarekin eta grid forming egiteko gaitasuna duten inbertsoreekin, BESSek posible egiten dute itzalaldi batetik argindar sarea bera eta sorkuntza zentral handiak —termikoak, eolikoak...— kanpoko argindarrik erabili gabe suspertzea. Erantzuna, gainera, ia berehalakoa izan daiteke.
Orain arte, bereziki zentral hidroelektrikoek egiten zuten hori, itzalaldi baten ostean sareko lehen zatiei energia ematea. Izan ere, ziklo konbinatuek eta erregai fosileko zentralek argindarra behar izaten dute ekoizpena abiatzeko —hozte sistema, monitorizazioa...—. BESSak, aldiz, modu autonomoan abiatu daitezke, eta energia eman sareko eta zentral horietako transformadore eta etengailuei.