Eztabaidaezina da Txina nagusi dela berriztagarriei lotutako ia teknologia guztietan. Energia biltegiratzeko sistemekin ere betetzen da premisa hori. Txinako ekoizpenari esker, baterien prezioak nabarmen egin du behera azken urteetan —%90, 2010. urteaz geroztik—, eta horrek erraztu egin du halako sistemen zabalkundea eta errentagarritasuna. Lehendabizi eta batez ere, ibilgailu elektrikoetarako bateriekin gertatu da hori, baina geroago baita argindar sareetarako erabiltzen diren BESS bateria bidezko energia-biltegiratze sistemetan ere.
Nagusitasun horren erakusle, IEA Nazioarteko Energia Agentziako zuzendari Fatih Birolek emandako datua: «2024an, Txinan sei bider bateria gehiago ekoitzi ziren AEBetan baino. Bateriak manufakturatzeko ahalmen handiagoa da Shanghai inguruan Europa osoan baino».
Txinak aurreko urteetan hartutako erabakien eta inbertsioen ordaina etekin politak dira. Ember-en arabera, 2024. urtetik 2025erako lehen hamar hilabeteetan, baterien eta BESS sistemen Txinaren esportazioak %24 hazi ziren, eta salmentak 56.000 milioi euro ingururenak izan ziren.
Ikusi gehiago
Europa da bateria eta BESS horien erosle nagusia —Txinaren esportazioen %42—, eta batez ere Alemania, herrialde hartako automobil konpainia handiek ibilgailuentzako bateriak behar baitituzte. Asiako herrialdeak dira beste merkatu nagusia (%26), eta hirugarrena AEBetako merkatua da (%17), nahiz eta Txinatik hara egindako zuzeneko bateria esportazioak gutxitu egin diren muga zergak direla eta.
Menpekotasuna
Elektrifikaziorako joera gero eta gehiago hedatzen ari dela, eta, ondorioz, autoentzako eta BESSentzako eskaria handitzen, pentsatzekoa da Txinaren etekinak eta nagusitasuna are gehiago handituko direla 2026an. Eta Txinaren nagusitasun hori menpekotasuna da besteentzat.
Europak halako menpekotasunen arriskua zuzenean nozitu zuen Errusiako gasarekin 2022an, eta orain antzeko zerbait gertatzen ari da Ormuzko itsasartearen itxierarekin. Eta Pekinen asmoei buruzko espekulazioez harago, egia da Txinak esportazioei kontrolak ezarri dizkiela jada: zenbait lur arrarori, baita bateria osagai batzuei ere; besteak beste, bateria horiek armagintzan, droneetan eta sateliteetan erabil daitezkeelako.

Inbertsoreak jokoan
Bateria bidezko biltegiratze sistemak, berriz, argindar sistemetan eta adimen artifizialerako zentroetan erabiltzen dira gehienbat. Baina baita potentzia inbertsoreetan ere, eta horietan oraindik badaude ekoizle garrantzitsuak Europan eta Euskal Herrian ere: Ingeteam, Jema, Gamesa Electric eta beste.
Inbertsoreak funtsezkoak dira zentral fotovoltaikoetan, parke eolikoetan eta BESS sistemetan; berriztagarriek sortutako korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko sarerako, eta, baterien kasuan, kargarako eta deskargarako bihurketak egiteko. Argindar sistemari zerbitzu osagarriak emateko ere erabil daitezke.Â
Bada, bertako ekoizleak babestu nahian, Brusela pausoak ematen hasi da Huawei eta Txinako inbertsoreak dituzten argindar berriztagarrien proiektuek ez dezaten jaso EBren diru laguntzarik. Debekuak Errusia, Iran eta Ipar Koreako inbertsoredun gailuei ere eragiten die, baina galarazpena energia berriztagarrien arlokoa denez, praktikan Txina da jopuntua.
Hots handirik gabe emandako pausoa izan da, kasik isilpean emana, Ursula von der Leyenen prentsaurreko arranditsurik gabe, beharbada Pekinen haserrea gehiegi ez hauspotzeko.
Kezka segurtasunarekin
EBk baluke beste arrazoi bat Txinako inbertsoreen zabalkundea oztopatzeko: segurtasuna. Inbertsore ia guztiak Internetera konektatuta daude, eta, energia berriztagarriak zenbat eta gehiago hedatu, inbertsore horiek ugaldu egin dira. Sarearen kontrolean gailu kritikoak izan daitezkeela kontuan izanda, zibersegurtasunaren ikuspegitik haien segurtasunak garrantzi berezia hartzen du.
Ikusi gehiago
Zenbait adituren arabera, Txinako gailu horiek dituzten proiektuei laguntzak kentzeak, berez, ez dakar hobekuntza handirik zibersegurtasunean, baina badirudi EB urratsak egiten hasi dela bide horretan.
Kezka egon badago-eta argindar sistemen segurtasunaren inguruan; besteak beste, Poloniari iazko abenduaren 29an zibereraso koordinatuak egin zizkiotelako hainbat zentral fotovoltaiko eta eolikotan, ustez Errusiatik. Iberiar penintsulan 2025eko apirilaren 28an gertatutako itzalaldian ere, hasieran aipatu zen zibereraso baten aukera, nahiz eta berehala ezeztatu zuen Espainiako Gobernuak, eta gerora garbi geratu zen gehiegizko tentsioak eragin zuela itzalaldia.
hithiumen etorrera
Bateria bidez energia biltegiratzeko sistemez hitz egitean, derrigorrezkoa da Hithiumen etorreraz hitz egitea. Aurretik jakinarazi bazen ere, apirilaren 15ean hitzartu zuten konpromisoa Nafarroako Gobernuak eta Txinako energia konpainia hark Nafarroan BESS sistemak ekoizteko fabrika bat eraikitzeko.Â
Proiektuaren xehetasun asko argitzeko daude oraindik: besteak beste, transferentzia teknologikoaz eta enpleguaz. Printzipioz 405 milioi euroko inbertsioa litzateke, eta hasieran zazpiehun enplegu zuzen sortuko lirateke.Â
Hithiumentzat lehen lantegia litzateke Europan, eta bigarrena Txinatik kanpo, beste bat eraiki berria baitu AEBetan.Â
Euskal Herrian badago lantegi bat energia bateria bidez biltegiratzeko sistemak ekoizten dituena: Cegasak Jundizen (Araba) aurten eraiki berria.