Hiru saiotan kale egin ondoren, laugarrenik ez da izango. Hala agindu du Carlos Torres BBVAko presidenteak Sabadell bankuaz jabetzeko hirugarren ahaleginak huts egin ondoren. «Kapitulu hori itxita dago», ziurtatu du. Erosketen bitartez hazten saiatu ondoren, bere akziodunak saritzea da Bilbon sortutako bankuaren hurrengo helburua.Â
Ustekabean porrot egin du BBVAk Sabadell erosteko eskaintza oldarkorrak. Ustekabea ez da izan akzioen %50,01 ez lortzea, baizik eta %30era ere ez iristea, hura baitzen operazioak aurrera jarraitzeko ezinbesteko baldintza. %25,5era ere ez da heldu, hainbat faktore direla eta. Batetik, Sabadellen akziodun txikietako asko banku horren bezeroak dira, eta haietako oso-oso gutxik onartu dute eskaintza. Akziodun handien artean harrera hobea izan du BBVAren eskaintzak, baina badirudi haietako batzuek akzioen parte bat besterik ez zutela eskaini, uste baitzuten BBVAk diru gehiago eskainiko zuela %30eko muga soilik gaindituz gero. Azkenik, funts indexatuak izenekoak ez dira operaziora batu, ez zeudelako ziur ondo aterako ote zen —aurreikusitako emaitzaren arabera jokatu ohi dute—.
«Nire jarraipena ez zegoen prozesu horren menpe. Ez dago dimisioa emateko arrazoirik»
CARLOS TORRESÂ BBVAko presidentea
Bere proiekzioetan huts egin zuela aitortu du gaur goizean Torresek, BBVAko beste buruekin egindako agerraldian. %50 eta %60 arteko emaitza lortuko zuela adierazi zuen bankuak azken asteetan, baina, erdira soilik ailegatu arren, autokritikarik ez da entzun haien ahotik. Are gehiago, Torresek ziurtatu du ez duela utziko kargua: «Nire jarraipena ez zegoen prozesu horren menpe. Ez dago dimisioa emateko arrazoirik». BBVAko akziodunen batzarrak beste lau urteko agintaldia eman zien martxoan presidenteari eta haren taldeari.
Baina bere aurkako mugimendurik egon ez dadin, akziodunak pozik uzteko urratsak egingo ditu aurrerantzean, eta hori egiteko bidea da dirua ez erabiltzea erosketa baterako, baizik eta akziodunei mozkin gehiago banatzeko. Horrela, Sabadell erosteko saioak huts egin eta berehala jakinarazi zuen 1.000 milioi euroren akzioak erosiko dituela —tituluen balioa handitu ohi du horrek—, eta azaroaren 7an 0,32 euro banatuko dituela akzioko, inoizko gehien.
Garai onean da BBVA: iaz, lehen aldiz, 10.000 milioi euro baino gehiago irabazi zituen, eta, aurten, emaitza hori hobetzeko bidean da, urtearen lehen erdian 5.447 milioiren etekina izan baitu (+%9).Â
Emaitza hori modu organiko batean handitu nahi du aurreratzean BBVAk, eta Torresek ziurtatu du beste erosketa operaziorik ez dutela buruan. Azken urteetan, ordea, beste finantza erakunde batzuk xurgatuz hazi da bankua. Besteak beste, Mexikoko Bancomerren kontrola hartu zuen 2000. urtean, AEBetako hegoaldeko banku txikiak erosten hasi zen 2004an, Turkiako Garantin sartu zen 2010ean (%87 inguru dauka), eta Kataluniako Unnim eta Catalunya Banc bereganatu zituen 2012 eta 2014 artean.
Erreakzioak
Operazioaren porrotak atsekabea sortuko du Europako Banku Zentralean, eurogunean finantza erakunde handiagoak nahi baititu, AEBetako bankuekin lehiatu ahal izateko. Baina poza eragin du beste leku askotan. Inon baino gehiago, Sabadell bankuaren goiko bulegoetan. «Irtenbiderik onena izan da guztientzat», nabarmendu du gaur Josep Oliuk, banku horretako presidenteak. «Geure bezeroek Banco Sabadell independentea nahi dute, eta guk erakutsiko diegu merezi duela Banco Sabadell izatea aurrerantzean ere».

Bezero horien artean, milaka euskal herritar daude, eta enpresa andana ere bai. Euskal Herrian, 2010. urtean hartu zuen indar handia, Banco Guipuzcoano erosi zuenean. Gaur egun, 53 bulego ditu Hegoaldeko lau lurraldeetan, eta bulegorik gabeko kutxa automatiko batzuk.
Euskal Herrian ere erreakzioak eragin ditu BBVAren saio ustelak. «Harrituta» zegoela onartu du Iñigo Ansola EAJko Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak, baina bestelako baloraziorik egin nahi izan gabe: «Ongi atera ez den operazio bat da, eta kito». Ildo beretik jo du Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak —«akziodunek erabaki behar zuten, eta erabaki dute»—, baina keinu bat egin dio BBVAri. «Euskal banku bat da, sustrai sakonak ditu Bilbon, eta aspaldidanik du konpromisoa Euskadirekin».
Gehiago busti da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusia. Gaiari askorik erreparatu ez dion arren, ontzat jo du emaitza, haren iritziz bankuen fusioek ez diotelako erantzuten Euskal Herriaren eta langile klasearen interesei, «baizik eta eliteek bultzatzen duten boterearen eta aberastasunaren kontzentrazio beharrari».
Katalunian ere arindua hartu dute askok. Generalitatea, alderdi politiko guztiak, sindikatuak eta patronala erosketaren aurka ziren, beldur baitziren BBVAren menpe geratuz gero Sabadellek finantzaketa txikituko ziela enpresa txikiei eta ertainei, eta milaka langile kaleratuko zituela.
Horren beldur zen Espainiako Gobernua ere, eta, operazioa oztopatzeko modurik ez zuenez, hura trabatzen aritu da: beharrezko baimenak asko atzeratu zituen, eta bat egitekotan gutxienez hiru urtez erakunde independente gisa funtzionatzera behartu zituen. Bere tesien garaipena diskrezioz ospatu du Pedro Sanchezen exekutiboak. «Gobernuak errespetu handia dio Sabadelleko akziodunen hiru laurdenek erabakitakoari», esan du Felix Bolaños Presidentetzako ministroak.Â
%6Zenbat igo diren BBVAren akzioak. Finantza merkatuek kontrako norabidean jarriz erantzun diote operazioaren porrotari. BBVAren akzioen balioa %6 handitu da gaur, baina Sabadellena, berriz, %6,8 apaldu.
Â
.
Â