Joan den astean Bizkaiko metalgintzako mahaian gertatu zen bezala, esku hartze sozialeko mahaiaren gaurko bileran ere Lan Harremanen Kontseiluak ez du itzulpen zerbitzua bere gain hartu, eta mahaiko ordezkarien esku utzi du bileraren hizkuntza hautua.
ELA sindikatuak esplikatu duenez, azkenean eurek eskaini dute zerbitzu hori. Metalgintzakoan ez bezala, esku hartze sozialeko negoziazio mahaian itzulpen zerbitzua onartu eta erabili egin dute hala behar zutenek, eta, horrela, nahi zutenak euskaraz aritu ahal izan dira.
ELAren ustez, oso larria da gertatutakoa, «Lan Harremanen Kontseilua erakunde publikoa» delako, eta kontuan izan behar delako Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde publiko batzuek itzulpen zerbitzua badutela, eta LHKk zerbitzu horien bidez negoziatzaileen hizkuntza eskubideak berma zitzakeela behin betiko konponbidea bilatu artean.
ELA ez da arduratuko
Sindikatuak jakinarazi duenez, «aurrerantzean ELA ez da arduratuko erakunde publikoen bermeez, eta euskaraz negoziatzeari ekingo dio, beste batzuek gaztelaniaz egiten duten moduan».
ELAk uste du LHKren jarrera «kontraesankorra» dela: «Ahal denean itzulpen laguntza eskainiko duela esaten du, baina ez du eperik zehaztu laguntza horretarako. Hau da, etorkizunari begira duen erantzukizuna onartu du, baina epe laburrean hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzea erabaki du».