CCOOk eta UGTk Pradalesi eskatu diote enpresei inplikazio handiagoa exijitzeko

CCOOk beharrezkotzat jo du negoziazio kolektiboa indartzea. UGTk proposatu du enpresek etxebizitzak erosteko abalak ematea langileei.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur lehendakaritzan Santi Martinez, EAEko CCOO sindikatuko idazkari nagusiarekin. IREKIA
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur lehendakaritzan Santi Martinez, EAEko CCOO sindikatuko idazkari nagusiarekin. IREKIA
aitor biain
2026ko irailaren 11
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eragileekin egiten ari den bilera sortaren barruan sindikatuen txanda izan da gaur. CCOO eta UGT hartu ditu lehendakaritzan. Biek ala biek lehendakariari ohartarazi diote koiuntura ekonomikoa eta langileen egunerokoa ez datozela bat, eta arrakala pixkanaka handitzen ari dela. Bizi kostuaren garestitzeak edo etxebizitza eskuratzeko zailtasunak langileen bizi baldintzak kaskartu dituztela eta, Pradalesi eskatu diote enpresei «inplika daitezela» exijitzeko.

Santi Martinez EAEko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak azpimarratu du agerikoa dela «tentsioa» dagoela datu makroekonomikoen eta langileen lan baldintzen artean. Kezka agertu dio lehendakariari, ekonomiaren bilakaeran datuak «hain txarrak» ez diren arren, bizi eta lan baldintzak «zailak» direlako. Martinezek salatu du langileen erosteko ahalmena txikitzen ari dela; besteak beste, soldatak ez direlako produktuen salneurriak beste handitu.

Esan du prezioen igoera hori nagusiki etxebizitzan igarri dela, eta azpimarratu bizitoki krisia «lan arazo bat» ere badela, langileek jada beren soldataren zatirik handiena horretara bideratzen dutelako. Horri lotuta, Espainiako CCOOk landu duen proposamen bat ere eman dio lehendakariari, etxebizitza eskuragarriak lortzeko inbertsio funts bat sortzeari buruzkoa.

Kritika sindikatu abertzaleei

Horiek horrela, Martinezek Pradalesi adierazi dio negoziazio kolektiboa indartu beharra dagoela, iritzi baitio «tresna garrantzitsua» dela aberastasuna banatzeko eta zerbitzu publikoen «narriadura» eragozteko. Are gehiago, CCOOko idazkari nagusiak sindikatu abertzaleei leporatu die eskuin muturraren pare jokatzea, eta haiek bezala elkarrizketa soziala «pikutara bidali» nahi izatea. «Akats larria iruditzen zaigu».

Hain justu ere, Osakidetzan negoziazio kolektiboa «hautsi» izana txarretsi dio Martinezek lehendakariari, langile guztien lan baldintzak negoziatu ordez ituna soilik medikuekin egin duelako. Jaurlaritzari ohartarazi dio akordio horrek ez duela gatazka bideratzea lortu, eta esan dio lanuzteak har ditzala sektoreko mahaia berreskuratzeko «aukera gisa».

Halaber, Gizarte Segurantzari lotutako eskumenen transferentziak ere «tentuz» egitea galdegin dio, «langile askori eragiten dielako». Martinezek adierazi du eskualdatze horiek «ondo» egin behar direla, eta horretarako hobe dela «astiroago» joatea. Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko negoziazio mahaiaren gainean daude Fogasa soldata bermatzeko funtsari, mutualitateei, familien prestazio kontributiboei eta aldi baterako desgaitasunei buruzkoak.

Pradales-UGT
Tximi Lopez UGTeko ordezkaria eta Imanol Pradales, gaur lehendakaritzan. IREKIA

Enpresak abal emaile

Santi Martinezekin bildu aurretik, Jose Manuel Lopez Tximi UGTko ordezkariarekin batzartu da Pradales. Lopezek lehendakariari esan dio eska diezaiela enpresei inplika daitezela langileen arazoei konponbideak emateko orduan. Izan ere, nabarmendu du EAEko ekonomia hazten ari dela, eta, beraz, enpresa handien irabaziak ere handitzen ari direla. Bada, nabarmendu du irabazi horiek soldatetan ere isla izan behar dutela.

Bizitoki krisiari dagokionez, Lopezek azpimarratu du enpresek ere arazoari aurre egiten lagundu beharko luketela. Izan ere, azaldu du etxebizitza krisiak langileen «egonkortasunari» eragiten ari zaiola, bertakoei eta kanpotik datozenei, ezin dietelako alokairuei aurre egin. UGTko kudeaketa batzordeko buruak gogora ekarri du garai batean enpresek etxebizitzak eraikitzen zituztela beren langileentzat. Bada, orain ere, esku hartzea galdegin die: proposatu du enpresek beren langileei abalak ematea.

Lan gatazkei eta sindikalismo ereduari buruz ere hitz egin dute bileran, Lopezek azaldu duenez. UGTko buruak adierazi du bere sindikatuak «adostasuna» lortzea duela xede, eta negoziazioa azken bururaino eramatearen aldekoa dela, beste sindikatu batzuk ez bezala. Izan ere, izenik aipatu ez badu ere, hainbat sindikatuk grebara deitzeko duten erraztasuna salatu du.

UGTren idazkaritza

Bestalde, jakinarazi du azaroan egingo dutela sindikatuko industria federazioaren kongresua. Hori zen UGTren EAEko idazkari nagusia aukeratzeko prozesua luzatzea ekarri zuen arrazoietako bat, hain zuzen ere. Bada, Lopezek azaldu du korapiloa askatzeak bide emango diola behin-behineko egoeraren «kapitulua» itxi eta sindikatuan «erabateko normaltasuna» berreskuratzeari. Litekeena da Raul Arzaren ondorengoa aukeratzeko kongresua datorren urtean egitea; Lopezek iragarri zuen hautagai izango zela.

Astelehenean ELA eta LAB sindikatuak hartuko ditu Pradalesek lehendakaritzan. Eta asteartean amaituko du bilera sorta, Confebaskekin batzartuta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA