Eskubideen Gutunaren aldarrikapenek babes zabala jaso dute gaur, grebaren karietara egin diren manifestazioetan. Deitzaileek adierazi dutenez, Hegoaldeko hiriburuetan eguerdian egin dituzte mobilizazioetan 145.000 lagunek parte hartu dute. Hiriburuetan manifestazio handiak egin dituzte, zutabez osatuta. Kamioiak, traktoreak, banderak... manifestazio koloretsuak egin dituzte tokirik gehienetan. Dozenaka mila irten dira kalera arratsaldean ere, eskualdez eskualde hamaika herri eta hiritan egin diren manifestazioekin bat egitera. Horietan 80.000 lagun inguru elkartu dira, LAB sindikatuaren arabera.
Sindikatuek nabarmendu dute langileen eskariek «agendan» egon behar dutela. Mobilizazio gehiago egongo direla aurreratu dute, eskariak aintzat hartzen ez badira. Eskubide Sozialen Gutuneko ordezkariek mobilizazioen balorazioa egin dute arratsaldean, eta greba «arrakastatsua» izan dela ziurtatu dute. «Argi gelditu da mobilizatzeko eta kaleak hartzeko prest dagoen gehiengo sozial bat badela. Gaur oinarri sendoak ezarri ditugu herri subiranotasunaren bidean aurrera egiteko».
Goizeko lehen ordutan hasi dira grebalariak mobilizatzen. Piketeak ibili dira lehen orduan irekita zeuden lantegi eta merkataritza guneetan, eta tentsio uneak ere izan dira Poliziaren eta manifestarien artean, merkataritza gune handietan. Poliziak hamalau manifestari atxilotu ditu. Sindikatu deitzaileek langileen kontrako «errepresioa» salatu dute.
Grebaren eragina ez da maila berekoa izan Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Gipuzkoan izan du eraginik handiena. Bereziki, industria sektorean. Goierrin eta Tolosaldean, esaterako, ia erabatekoa izan da.
Donostian, 35.000 lagun batu dira eguerdiko manifestazioan, sindikatuen esanetan. «Gaur, greba orokorra!» oihuak eta sirena hotsak hurbildu ahala, itxiz zihoazen pertsianen zarata entzuten zen kale batzuetan.
"Lana banatu, ondasuna banatu!"; "Gora borroka feminista"; "Pausorik, ez atzera!". Antiguatik Donostia erdigunera.@berria#U30GrebaOrokorrapic.twitter.com/QaMSbQlCz7
— Irune Lasa (@IruneLasaA) January 30, 2020
Bizkaian, berriz, mobilizazioetan egin du indar erakustaldirik handiena, itxitako lantegi eta enpresa kopuruan baino. Bilbon egin dute eguerdiko mobilizaziorik handiena. Deitzaileen arabera, 50.000 lagun bildu dira. Udaltzaingoaren esanetan, berriz, 15.000 izan dira.
Pentsiodunen zutabearen zain egon dira Bilbon, manifestazioa hasteko zain. Ordurako Moyua plazan zeuden gainerako zutabeak —feminista, esate baterako— eta banaka iritsitako herritarrak. Milaka elkartu dira, eta manifestazio handia osatu dute. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi du «langileriaren arazoak» jasota egon behar dutela «agenda politikoan», eta gaineratu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurrerantzean ezin diela begiratu arazo horiei «patronalaren betaurrekoekin» soilik. Pentsioak, lan baldintzak eta soldata arrakala, besteak beste, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak abisua eman die gobernuei: «Bi hilabetean kasu egiten ez badute, udaberrian beste borroka loraldi bat izango dute». Era berean, Jon Fano bozeramaileak ohartarazi du pentsioen aldeko borroka ez dela gaur amaituko: «Bihar berriz ere elkartuko gara. Pentsio duinen eta eskubide sozialen aldeko borroka hasi baino ez da egin».
Pentsiodunek protagonismo handia izan dute gaurko manifestazioetan. Bilbon, haien zutabea «gazteria aurrera» aldarri artean iritsi da Plaza Biribilera. Eta Iruñeko manifestazioan ere ozenak izan dira haien aldarriak.
Bilbo. 13:15.
— Imanol Magro (@Imagreto) January 30, 2020
Manifestazio burua iritsi da Bilboko udaletxe parera. Azken muturra oraindik Moyuan. Ibilbidea osoa beteta dago. #U30GrebaOrokorra@berriapic.twitter.com/UwW9KdCk6W
Jendetsua izan da Iruñeko manifestazioa ere. Eta bukaeran «bizitza duina» aldarrikatu dute gizarte taldeek, eta azpimarratu batez ere zaintza langileen egoera dela kaskarra. Amaieran, Imanol Karrera LABeko kideak hartu du hitza, eta ohartarazi gaurkoa hasiera besterik ez dela izan: «Gaur lantokiak hustu ditugu, kaleak betetzeko». Eta mezua helarazi dio Maria Txibite Nafarroako presidenteari ere, eta nabarmendu ez dutela plan zoragarririk nahi, «lan eta bizitza duinak» baizik.
Nafarroan kontraste handiko argazkia utzi du grebak. Iparraldean erantzuna handiago izan da, Iruñerrian orotariko erantzuna izan du eta hegoaldean gutxiago nabaritu da.
Araban, hezkuntza publikoan izan du eraginik handiena greba orokorrak. Steilas sindikatuaren arabera, sektoreko langileen %70ek egin dute bat deialdiarekin.
Gainerako hiriburuetan bezala, Gasteizen ere patriarkatuaren kontrako eta feminismoaren aldeko oihuak izan dira. Emakume pentsiodunek beren taldea osatu dute eguerdiko manifestazioan.
13:03, Gasteiz. Emakume pentsionistek ere bat egin dute greba orokorrarekin @berriapic.twitter.com/htxp9q2OGn
— Amaia (@Amaianaaiz) January 30, 2020
Jaurlaritzaren arabera, grebak eragin apala izan du EAEko administrazio orokorrean. Gobernuko datuek diote %16,9ko erantzuna izan duela: %8 Osakidetzako goizeko txandan eta %3tik beherakoa justizia administrazioan.
SEA Arabako patronalak adierazi du langileen %6k egin dutela greba, eta deialdia «erabateko porrota» izan dela.
Hitz berberak erabili ditu EAJk gaurko greba baloratzeko, eta «autokritika sakon eta zintzoa» egiteko eskatu die ELA eta LAB sindikatuei.
Sindikatu deitzaileek, berriz, mobilizazio gehiago iragarri dituzte patronalak eta gobernuek gaurko mobilizazioetako eskariei entzungor egiten badiete.