Duela urtebete baino langile gutxiagok dauzkate lan baldintzak eguneratuta

LHKren arabera, ekainean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldatapeko langileen %56,9k zituzten lan hitzarmen berrituak; duela urtebete, %60,1 ziren.

Lan Harremanen Kontseiluko arduradunak, duela bi aste Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Lan Harremanen Kontseiluko arduradunak, duela bi aste Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
2025eko uztailaren 23a
13:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Negoziazio kolektiboa «erritmo onean aurrera» ari dela pentsatzen du oraindik ere LHK Lan Harremanen Kontseiluak, baina, 2025eko apiriletik ekainera bitarteko datuei begiratuz gero, ez dirudi patronalaren eta sindikatuen arteko harremanak horren emankorrak direnik. Euskal Autonomia Erkidegoan hitzarmena eguneratuta daukaten langileak %56,9 baino ez dira, eta %60,1 ziren 2024ko ekainaren amaieran.

Emilia Malaga Perez LHK-ko presidenteak uztailaren 10ean aurkeztu zuen Egoera ekonomikoa eta lan harremanak EAEn 2024an txostena. Aurtengo maiatzaren 31ra arteko emaitzak ere jakinarazi zituen hark, Bilbon egindako prentsaurreko batean, eta jasotako datuak «baikorrak» izateko modukoak zirela adierazi zuen. Gaur zabaldutako txostenean, ekaineko datuak gehitu dituzte.

2025ean, «aurreko bi ekitaldietan bezala, akordioaren bideari eutsi» zaiola esan zuen Malagak duela bi aste: maiatzaren 31n, langileen %54,3k hitzarmena eguneratuta zeukaten. Hala ere, ez dira askoz gehiago ekaina bukatzerakoan lan ituna egunean zeukaten beharginak: %56,9k indarrean zituzten hitzarmenak, %38,6k luzapen egoeran zituzten, eta %4,5ek, berriz, iraungita eta estaldurarik gabe.

Erlazionatuta

Iazko epe bereko datuekin alderatuta are kezkagarriagoa da egoera, LHK-k aitortu ez arren: gaur aurkeztutako txostenak agerian uzten duenez, akordioak indarrean dituztenen ehunekoa 3,2 puntu txikiagoa da. Izan ere, orduan langileen %60,1ek zeuzkaten akordioak berrituta.

Sei hilabete horietan adostutako lan itunek 368.000 behargini eragingo liekete, eta batez besteko soldata igoera %3,2 izango litzateke: lortutakoen artean, Bizkaiko ostalaritza, Arabako eraikuntza eta herri lanak, Gipuzkoako ostatuak eta EAEn eragina duen Espainiako Aholkularitzako eta Merkatu Azterketetako hitzarmenak aipatu dituzte LHK-koek. Nabarmendu dutenez, urte arteko KPI orokorraren igoera baino handiagoa izan da soldaten gorakada, ekainean %2,8 hazi baitzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Aurrekoetan bezala, txostenean ageri diren kopuru horien barruan ez dituzte kontuan hartzen hitzarmenek inoiz arautu gabeko jardueretan lan egiten duten herritarrak, EAEko negoziazio kolektiboak lan kontratua duten beharginen %93ri baino ez baitie eragiten. Aitzitik, langileen %7k —48.000 pertsona inguruk— lan itunek arautu gabeko enpleguetan jardungo lukete, eta gehienak, 28.000 inguru, etxeetan lanean ari diren emakumeak izango lirateke.

Lan gatazkak

Lan gatazkei dagokienez, -%4,26 gutxiago lirateke aurtengo urtarriletik ekainera egindako grebak, 2024ko epe berarekin alderatuta. Hala ere, horietan parte hartu zuten langileak %11,96 gehiago lirateke.

Enplegua erregulatzeko eskaeren artean, eraginpeko enplegua %29,5 jaitsi bazen ere, espedienteek kalte egindako langileen kopuruak gora egin duela dio LHKren txostenak: 745 langile 2025eko urtarrila eta ekaina artean, eta 449 langile aurreko urteko aldi berean. Era berean, EEEek eragindako langile guztietatik (3.685), %76,4k industrian jarduten zuten.

Azkenik, urteko lehen seihilekoan lan istripuek behera egin dute, bai lanaldian gertatutakoek (-%9,05), bai bidean gertatutakoek (-%6,2).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.