Urteko hirugarren greba dute gaurkoa Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko udaletako langileek, ELAk eta LABek deituta. Bi urte daramatzate Udalhitz mahaian biltzen, beren lan baldintzak negoziatzeko sorturiko mahaian, Eudel Euskal Udalen Elkartearekin —patronalaren rola du eta EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta independenteetako ordezkariak biltzen ditu—; 2010ekoa da udaletako langileen lan hitzarmena, eta sindikatuek salatu dute ez dutela negoziazioetan aurrerapenik lortu.
Horren harira deitu dute gaurko greba egunera, eta udalerri batzuetan zerbitzuak etenda egon dira; kiroldegietan eta liburutegietan, esate baterako. Halere, salatu dute zenbait udalerritan gutxieneko zerbitzuak «inposatu» dituztela, Bizkaiko Ezkerraldean Ranzari enpresak kasurako —desgaitasunen bat duten pertsonak dira langileak—.
ELAk eta LABek adierazi dute Eudelek mahaia blokeatu nahi duela, eta, hortaz, udaletako langileen negoziazioa «egoera latzean» dagoela. Sindikatuen arabera, 125 udalerritako langileak batu dira greba deialdira, tartean EAEko hiru hiriburuetakoak.
«Udaletako langileen lan baldintzak okertuz doaz urtez urte, eta udalerrietan agintean dauden alderdi politikoek ez dute behar bezalako borondate politikoa erakutsi negoziazioak aurrera egin dezan», azaldu dute sindikatuek. Azken aldiz irailaren 25ean bildu zen Udalhitz mahaia, eta, ELAren eta LABen esanetan, Eudelek mahaia «guztiz blokeatu» eta negoziazioa bukatutzat eman zuen.
Hitzarmenaren edukia
Hitzarmen berrian neurri hauek ezartzea eskatu dute bi sindikatuek: soldatei dagokienez, langileek erosteko ahalmen galdua berreskuratzea; administrazioaren euskalduntzean aurrera egitea; langileen subrogazio eskubidea bermatzea; eta jardunaldi murrizketei eta lantaldeen berritzeei dagozkien neurri batzuk hartzea.
ELAk eta LABek iritzi diote mobilizatzea dela lan baldintzak hobetzeko bidea, eta azpimarratu dute «garai erabakigarria» dela hau: «Greba egunean ozen adierazi diegu agintariei lan baldintzak hobetzeko garaia dela eta hemen erabaki nahi ditugula».
CCOOren iritzia
CCOOk Eudeli eta ELAri eta LABi egotzi die Udalhitz mahaiaren blokeoa: «Bi aldeak jarrera mugiezinetan gotortu dira». CCOOk negoziazioarekin jarraitzearen alde egin du; uste du blokeoak aurreakordioan hitzartuta zeuzkaten «zenbait hobekuntza oztopatzen» dizkiela udal langileei: besteak beste, urtean 45 ordu gutxiago lan egitea eta erosteko ahalmenaren galeraren %7,7 berreskuratzea.