Inflazioaren gorakada kezka iturri da ELArentzat: sindikatuaren iritziz, ez da onargarria herritarrek erosteko ahalmena galtzen duten bitartean zenbait enpresak «inoizko etekinik handiena» izatea. Horregatik, urgentziazko hamar neurri proposatu ditu, «herritarren erosahalmena bermatu eta baldintza duinak ziurtatzeko». Soldaten, prezioen, etxebizitza arloaren eta gizarte prestazioen inguruko neurriak dira, eta, besteak beste, bankuen, energia enpresen eta supermerkatuen «ezohiko etekinei» zergak jartzea proposatu du.
ELAren Azterketa Bulegoko arduradun Aitor Murgiak esan duenez, oraingo egoerak badu antzik Ukrainako gerra hasi osteko hilabeteetan izandakoarekin. Orain ere, inflazioak gora egin du: abuztuan, %4,5 igo da KPI kontsumo prezioen indizea Hego Euskal Herrian, eta inflazio tasarik handiena izan da 2023ko otsailetik.
Oraingoan, erregaien eta energiaren garestitzea dago igoera horren atzean, baina Murgiak gogorarazi du bizitzaren kostuaren gorakada etengabea izan dela azken urteotan, eta, esaterako, elikagaien prezioak %36 egin duela gora azken bost urteetan. Horri gehitu behar zaizkio etxebizitzaren prezioaren igoera eta hipoteken garestitzea: hamabi hilabeteko Euriborrak %3ren langa gainditu du, eta, gainera, Europako Banku Zentralak interes tasak igo ditu duela gutxi.
«Ez da onargarria enpresa batzuek negozioa egitea jende arruntaren kontura»
MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia
«Honek erakusten du zer zaurgarriak garen herri bezala; pandemiaren garaian ikusi genuen, Ukrainako gerra hasi zenean, Trumpek muga zergak ezarri zituenean, eta orain ere bai», azaldu du Murgiak.
Enpresen marjinak
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak salatu du zenbait enpresa «egoeraz baliatzen» ari direla irabaziei eusteko edo horiek handitzeko, «langile klasea pobretzen ari den bitartean». Espainiako Enpresa Marjinen Behatokiaren datuak aipatu ditu esandakoa frogatzeko: azaldu duenez, petrolioa fintzen duten enpresen salmenta marjina %41,5ekoa da, eta erregaien handizkako merkataritzan marjinak %34tik gorakoak dira.
Bestalde, Ibex 35a osatzen duten enpresek 39.380 milioi euroren irabaziak izan dituzte 2026ko lehen sei hilabeteetan; iaz epe horretan izandako etekinekin alderatuz gero, emaitza da mozkinak %20 baino gehiago handitu dituztela.
Lakuntzak euskal jatorriko banku eta energia enpresei erreparatu die bereziki: esan duenez, 2022tik 2025era %58 handitu ditu etekinak BBVAk, %94 Kutxabankek, %100 baino gehiago Laboral Kutxak, eta %45 Iberdrolak. Repsolek, berriz, 2.200 milioi euroren irabaziak izan ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan, iaz halako hiru, eta, joera horri eutsiz gero, bere marka guztiak hautsiz amaituko du urtea.

«Ez da onargarria enpresa batzuek negozioa egitea jende arruntaren kontura; ezta horren aurrean alor politikoak ezer ez egitea ere», esan du Lakuntzak. Gogorarazi du ELAk «beste eredu sozioekonomiko bat» proposatzen duela, baina sindikatuan badakite alor horretako aldaketa ez dela «bihar» iritsiko, eta, horregatik, egoera ekonomikoari buruzko txostenean premiazko hamar neurri zerrendatu dituzte, larrialdiari «berehalako erantzun bat» emateko.
Proposatutako neurri horietako batzuk ez dira berriak. Soldaten alorrean, esaterako, ELAk behin baino gehiagotan adierazi du soldatak igotzea izango duela lehentasun hasi berri den urte politikoan, lan hitzarmen guztietan proposatuko duela soldaten igoera KPIa baino handiagoa izatea, eta ez duela sinatuko 1.600 euro baino gutxiagoko soldatak jasotzen dituen hitzarmenik. 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren eskaera ere aspaldikoa da, eta berretsi egin dute orain aurkeztu duten dekalogoan.
Energia enpresen, bankuen eta supermerkatuen ezohiko irabaziei zerga jartzea ere proposatu du ELAk. Proposamen hori bat dator Europan puri-purian dagoen eztabaidarekin: joan den asteburuan EB Europako Batasuneko Ekonomia ministroek Dublinen egindako bilkuran, petrolio enpresei zerga berezi bat ezartzeko aukera aipatu zuten Alemaniak, Italiak eta Espainiak, eta gaia eztabaidagai izango da urrian egingo duten bileran.
Erregaien eta energiaren prezioak kontrolatzea ere proposatu du ELAk. Produktu horien gaineko zergak jaistea ez zaio sindikatuari irtenbide egokia begitantzen, horrek baliabide publikoak gutxitzea baitakar; horren ordez, prezioak zuzenean arautzea proposatzen du. Etxegabetzeak debekatzea, alokairuen prezioak mugatzea, gizarte prestazioak indartzea eta beste zenbait neurri ere agertzen dira ELAren proposamenean.
Finean, erakundeek «geldotasuna» albo batera utzi eta arazoari heltzea nahi du ELAk. «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dauzkaten eskumenak herritarren mesedetara jarri behar dituzte», esan du Lakuntzak; «larrialdi honetan, egonean egotea ez da onargarria».
ELA-K proposatutako neurriak
- Soldatetan erosteko ahalmena bermatzea.
- Hitzarmenetan 1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzea.
- 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea.
- Erregaien eta energia produktuen prezioak kontrolatzea.
- Energia enpresei eta bankuei gehiegizko etekinengatik zerga bat ezartzea.
- Supermerkatuei gehiegizko etekinengatik zerga bat ezartzea.
- PFEZaren deflatazioa.
- Etxebizitzaren arloko neurriak hartzea.
- Gizarte prestazioak indartzea.
- Garraio publikoaren prezioak jaistea.