Soldatak igotzea izango da ELAren lehentasuna urte politiko berrian

Sindikatuak ez du sinatuko soldatetan KPIaren igoera jasotzen ez duen lan hitzarmenik. Iragarri du gatazka eta mobilizazioak areagotuko direla sektore publikoan.

Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, gaur, ELAren egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, gaur, ELAren egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko irailaren 7a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko astean LABek egin bezala, ELAk ere ezarri ditu hasi berri den urte politikorako lan ildoak, eta, besteak beste, soldatak igo daitezela lortzea izango du lehentasun. Alor horretan konpromiso bat ere hartu du: sindikatuak KPItik gorako soldata igoerak proposatuko ditu lan hitzarmenen inguruko negoziazio guztietan, eta ez du hortik beherako itunik sinatuko.

ELAren idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak azaldu duenez, «kezkatuta» daude sindikatuan azken hilabeteotan egoera ekonomikoak hartu duen norabidea dela eta, baina, bereziki, inflazioak izan duen gorakada ikusita: abuztuko datuen arabera, KPI kontsumorako prezioen indizea %4,3 igo da urtean Espainiaren administraziopeko lurraldeetan, eta, horren ondorioz, errentaren zati gero eta handiagoa erabiltzen dute langileek elikagaiak eta oinarrizko produktuak erosteko.

Lakuntzak ziurtatu du 2019tik %46 garestitu direla erosgaiak, eta soldatak, berriz, %20 baino ez direla handitu. Horri interes tasen igoera gehituz gero, emaitza da Hego Euskal Herriko herritarrek soldataren erdia erabiltzen dutela etxebizitza, energia eta elikagaiak ordaintzeko. «Hori guztia gertatzen ari da enpresak inoizko irabazirik handienak izaten ari diren honetan», erantsi du Lakuntzak.

«Inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu ezean, nekez konponduko dira sektore publikoaren arazoak»

MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia

Horregatik, KPItik gorako soldata igoerak lortzea izango da ELAren agenda sindikalaren osagai nagusia urte politiko berrirako. «Langile klasearen pobretzearen kontrako» estrategia horrek beste adar bat izango du, ELAren idazkari nagusiaren alboko Amaia Muñoak azaldu duenez: gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarriari eustea. ELAk lanean jarraituko du 1.500 euroko gutxieneko soldata legez ezartzeko, eta lan hitzarmenetan gutxienez 1.600 euroko soldatak bermatzeko. «Hego Euskal Herrian ezinezkoa da bizitzea 1.500 euro baino gutxiago irabazita, eta hori gaur egun denek onartzen dute», esan du Muñoak.

ELAk gogorarazi du sindikatuek bilerak izan zituztela Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten zenbait alderdirekin, eta EH Bilduk, ERCk eta BNGk konpromisoa hartu zutela eztabaida hori Kongresura eramateko. Muñoak iragarri du sindikatuak lanean jarraituko duela aldarrikapen hori gauzatzeko gehiengo parlamentarioa osatze aldera.

Sektore publikoa

Sektore publikoak ere garrantzi handia hartuko du ELAren agenda sindikalean datozen hilabeteetan, eta Lakuntzak iragarri du «gatazkaren eta mobilizazioen areagotzea» espero dutela sektore horrek dituen «egiturazko gabeziak» konpontzeko. «Inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu ezean, nekez konponduko dira sektore publikoaren arazoak», esan du. Horregatik, Osakidetzan, hezkuntzan, udaletan eta sektore publikoko beste zenbait arlotan gatazkak piztu edo konpondu gabe daudenak areagotu egingo direla uste du ELAk, eta jadanik lanean ari da gainerako sindikatuekin batera mobilizazio egutegi bat taxutzeko. Hain zuzen ere, ELAk eta LABek bihar iragarriko dute urriaren 8rako deituko dituztela grebara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako langileak.

Izan ere, ELAk uste du greba eta mobilizazioa ezinbesteko tresnak direla lan baldintza hobeak lortzeko. LHK Lan Harremanen Kontseiluak emandako datu bat gogora ekarri du Lakuntzak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 500.000 langile inguruk parte hartu dute grebaren batean azken hamar urteotan. «Datu hori dago aspaldi honetan langileek lortutako hainbat hobekuntzaren atzean», esan du.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eragile nagusiekin egingo duen bilera sortan ELArekin ere batzartuko da, datorren astelehenean, eta Lakuntzak eta Muñoak azaldu dutenez, «enplegatzailea den aldetik» sektore publikoaren egoeran administrazioak duen erantzukizuna gogoraraziko diote. Baina ez da izango ELAk bilera horretan aipatuko duen gai bakarra. Gutxieneko soldata propioa ere jorratuko dute, eta proposamen zehatza egingo diote: «Gutxienez, patronalari presioa egin diezaiola, gai horren inguruan negoziatzera eser dadin».

Beste auzi baten inguruan ere galdetuko diote ELAko ordezkariek Pradalesi. Duela zenbait hilabete, Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburuak azaldu zuen bazutela parte hartze instituzionalari buruzko lege bat egiteko asmoa, eta iragarri zuen «ondorioak» izango zirela Elkarrizketa Sozialaren Mahaian parte hartzen ez zuten sindikatuentzat. Iragarpena «eraso antidemokratikotzat» jo zuten orduan ELAk eta LABek, eta orain bilera baliatuko dute lehendakariari eskatzeko uko egin diezaiotela asmo horri.

Euskara lan munduan

Lan munduan euskaraz aritzeko eskubidea ere izango da ELAren jardueraren ardatz nagusietako bat, eta Bizkaiko metalgintza arloko mahaian hasitako bidean urratsak egingo dituzte lan itunak lortzeko negoziazioetan hizkuntz eskubideak bermatzeko. 

Muñoak esan duenez, hizkuntz eskubideak onartzeko erresistentzien atzean egon daitezke «jarrera politiko euskarafoboak», baina erantsi du «hizkuntz normalizazioaren aldeko konpromiso falta» ere sumatzen dutela: «Lan horretan, administrazio publikoek lehen lerroan egon beharko lukete». Lakuntzak, berriz, gogorarazi du ELAk, LABek eta Kontseiluak aspaldi egin zutela lan munduan euskara planak negoziatzen hasteko proposamena, eta patronalek uko egin diotela horren inguruan eztabaidatzeari.

zERGA ERREFORMA, «BIZKAIKO EAJ-K aURKEZTUTAKO BERA»

EAJk eta PSE-EEk proposatutako zerga esparru komuna gogor kritikatu du ELAk, eta, Lakuntzak esan duenez, ez dute aldaketa handirik sumatu Bizkaiko EAJk duela zenbait hilabete aurkezturikoarekin alderatuta: «PSE-EEk ezin du esan horretan aldaketa askorik eragin duenik». Patronalak «txalotutako» erreforma da proposatutakoa, eta «enpresa handiek gutxiago ordaintzea» du helburu, ELAren esanetan. Proposamena justifikatzeko «talentuaren aitzakia» erabili izana txarretsi du Lakuntzak bereziki: «Lehen eta bigarren mailako langileak sortu nahi dituzte; talentua erakartzeko aitzakiaz, kanpotik etorriko diren langile batzuek onura batzuk izango dituzte, lan bera egiten duten gainerako langileek izango ez dituztenak. Eta hori egiten dute hemengo talentua mespretxatu eta horretan aritzen diren langileak estu hartzen dituzten bitartean». Lakuntzak dei egin die EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi, erreformari babesa eman ez diezaioten: «Pentsatu nahi dugu ezkerreko indarrek ez dutela inolako tarterik izango horrelako basakeria bat sinatzeko; guk behintzat jarraituko dugu indar horiei interpelazioa egiten».

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA