EAEko aurrekontuak. Sailez saileko azterketa

Enplegura eta hezkuntzara joan da 2014ko gastu igoeraren %57a

Aurtengo gastu jaitsieraren %12 bere gain hartu zuen Ekonomia Garapenerako sailak, baina igoeraren %4tik behera eskuratu duPSE-EEri zuzenean egindako zenbait keinu jasoko dituzte Hezkuntza Sailaren kontuek

Enplegura eta hezkuntzara joan da 2014ko gastu igoeraren %57a.
Ivan Santamaria - Jon Rejado - Edurne Begiristain
Gasteiz
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak diru gehiago izan du eskura 2014ko aurrekontu proiektua prestatzeko. Aurtengo murrizketa gogorrarekin gertatu zen modura, finantza baliabide horiek sailen artean nola banatu erabaki behar izan du. Prozesu horretan enplegu, hezkuntza eta osasun sailak indartzea lehenetsi du gobernuak, beste sail txikiagoen kaltetan. Ekonomia Garapenerako departamentua da, handien artetik, zatirik txikiena eraman duena.

Sailek zuzenean gastatzen duten dirua soilik hartuta, 2013ko aurrekontu proiektuan 1.156 milioi gutxiago izan zituen gobernuak. Jaitsiera horretatik %25 hezkuntza departamentuak bere gain hartu zuen, %24 enpleguak, %12 osasunak, eta %11 ekonomia garapenak. 2014. urterako, ordea, sailen artean gastatzeko 494 milioi gehiago eduki ditu, eta tartaren banaketa bestelakoa izan da. Enpleguak diruaren %31 jaso du, hezkuntzak %26, eta osasunak %18. Ekonomia garapenak, berriz, %3,9 baino ez du hartu. Gastu igoeran jaitsieran baino ehuneko handiago bat lortu duen beste sail bakarra ingurumena da, azpiegiturak barne. Murrizketaren %7 hartu zuen, eta igoeraren %11.

Aurrekontuak sailez sail azaldu baino lehen komeni da bi alor nabarmentzea. Batetik, zorpetzearekin lotutako gastuak jan duela aurrekontu hazkundearen %40, eta dagoeneko gastuaren %8 horretarako jarria du gobernuak. Bestetik, oso gutxi dira 2012. urtean — onartutako azken aurrekontuak — zeukaten dirua gainditu duten programak, eta, hortaz, 2012tik 2013ra egindako gastu murrizketaren erdiak bere horretan dirau.

EUSKARA

Batez bestekoen azpitik

Gobernuaren gastua funtzioen arabera sailkatzen duen zerrendari jarraituz, euskara sustatzeko, oro har, 102,2 milioi euro jarriko dira 2014. urtean. Onartu ez zen aurtengo proiektuarekin alderatuz gero, %2,3 gehiago da (2,3 milioi). Hazkundea kontuek osotasunean duten ehunekoa baino txikiagoa da (%5,9 zorpetzearen hazkunde aparteren efektua ezabatuta). Euskara sustatzeko gastua, edonola ere, 2012an zegoena baino %7 gutxiago da.

Hizkuntza politikaren barruan, hazkunde arina du HABE erakundearen gastu arrunta ordaintzeko egindako ekarpenak. Euskarazko hedabideei dagokionez, ez da aldaketarik, eta 2013-2014ko deialdirako bezainbeste diru jartzea aurreikusi du 2014-2015ko deialdian: 4,8 milioi euro.

KULTURA ETA ONDAREA

Donostia 2016ri 1,5 milioi

Kultura eta ondareko gastuari astindu ederra eman zion gobernuak 2013ko aurrekontuan. Hurrengo urtekoek, berriz, igoera txikia jasotzen dute kulturan (%2,6). Badira zenbait ñabardura interesgarri. Esaterako, Donostia 2016 kultur hiriburuaren fundazioari bultzada handituko dio Jaurlaritzak. 2013. urterako kontuetan jasota zeuden 350.000 eurotik kopurua 1,5 milioira handitu nahi du. Ondareko programak aurten baino are diru gutxiago izango du. Gora egingo duten gastuen artean Guggenheim museoa kudeatzen duen fundazioarena dago (%14 gehiago). EITBren aurrekontua, berriz, %2,6 handitu da, aurten ezarritako murrizketa baino nabarmen gutxiago.

EKONOMIA GARAPENA

Lehentasun aldaketa

Murrizketa gordinenetako bat jasan zuen Arantza Tapiaren departamentuak 2013ko proiektuan. Heldu den urterako %5 igo zaio gastu aurrekontu, eta sailean lehentasun aldaketak ere azaleratu dira. Hala, industria garapena eta ekintzaileen laguntza biltzen duen programa %12 jaitsi da. 2013rako gora egin zuen apurrenetarikoa izan ondoren. Programa horretan 9,5 milioi euroko sail berria jarri du martxan, makina-erremintako Renove planak finantzatzeko eta beste milioi bat inbertsio ekintzak laguntzeko. Berrikuntzarako dirua ere %5 jaitsiko dira.

Arrantzak, elikagaien sustapenak, turismoak eta barne merkataritzak — murrizketarik handienak jasak zituzten ataletako batzuk — igoera esanguratsuak dituzte, baina oraindik 2012 urteko gastura iritsi gabe.

ENPLEGUA ETA LAGUNTZAK

Igoera, itxurazkoa batez ere

Gobernuak berak nabarmendu zuen enplegu eta gizarte politika sailean egondako gastu igoera. Haatik, efektu praktikoa bainoago, itxurazkoa izango du. Igoerarik handiena — ia 64 milioi — diru sarrerak bermatzeko errentan egingo da (384 milioi izango ditu), baina, ordain hori eskubidea denez, aurrekontuetan jasotako diruak ez du mugarik, eta behar beste handitzen da saila. Igoerarekin gastu errealera hurbildu du gobernuak aurrekontua (400 milioi izan ohi dira). Larrialdietarako laguntzak bai handitzen dira, %18, hiru milioi euro.

Lanbide zerbitzuak izango duen igoerak (%19 2013ko proiektutik) azaltzen du, besteak beste, sailaren egitura gastuetan dagoen hazkunde handia. Etxebizitza atalak ere diru gehiago du, zaharberritzeko Renove planen eraginez.

GIZA ESKUBIDEAK

Estatuko biktimei gutxiago

Justizia eta Giza Eskubideen zuzendaritzak 6,4 milioi euro kudeatuko ditu 2014. urtean, aurtengo proiektuan baino hiru milioi gehiago. Jonan Fernandezek zuzentzen duen Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren aurrekontua, berriz, %60 igoko da. Biktimen alorrean, poliziaren gehiegikeriaren biktimei kalte-ordaina emateko diru sailak jasoko du murrizketarik handienetakoa, %28 gutxituko baita aurtengo proiektuarekin alderatuz, eta datorren urtean 1,8 milioi euro emango zaie. 2012tik biktimen fundazioei eta biktimei laguntzeko elkarteei eman zaien diru berbera emango zaie 2014an —54.000 euro biktimen fundazioei eta 290.000 biktimei laguntzeko elkarteei—.

Ordea, frankismoaren biktimen diru laguntzak nabarmen jaitsiko dira: 5.000 euro baino ez dituzte jasoko biktima horiek —2013ko proiektuan 25.000 euro eman zitzaizkien, eta 47.000 euro 2012an—. Memoria historikoa berreskuratzeko jarduera nahiz proiektuentzat ere diru gutxiago egongo da, eta aurten aurreikusitako %24ko murrizketari eutsiko dio gobernuak.

Aurtengo proiektuarekin alderatuta, gora egingo duten diru sailen artean memoria kudeatzeko proiektuak daude: gobernuak bikoiztu egingo die aurrekontua, 500.000 euroraino. Bestalde, Bakea eta Bizikidetza sustatzeko programen kasuan 2013an euro bat zegoen lekuan bost egongo dira, eta guztira 750.000 euro erabiliko dira.

SEGURTASUNA

Ertzaintzak diru gutxiago

%6,8ko jaitsiera izango du Segurtasun Sailak 2012ko aurrekontuarekin alderatuta, baina %4 igoko da aurtengo proiektuarekin alderatuz gero. Ertzaintzaren aurrekontuak %7ko jaitsiera izango du —576,5 milioi—, azken bi urteetan izandako beheranzko joerari eutsiz. Bestalde, ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuenetik gutxituz joan da bizkartzainen diru saila, eta azpimarratzekoa da bizkartzain pribatuen zerbitzuetarako dirurik ez duela aurreikusi gobernuak 2014ko aurrekontuetan. Haatik, pertsonak eta eraikinak babesteko zerbitzua izeneko diru sail berria sortu du, eta zeregin horietarako —aurrekontuak ez du zehazten zein zerbitzu diren— 5,04 milioi jarriko ditu.

Alderdi politikoen finantzaketa, berriz, aurtengo proiektuaren parekoa izango da: 4,5 miloi. Baina hauteskunde prozesuetarako diru saila jaitsi egingo da: 5,2 milioi erabiliko dira, 2012an baino %32 gutxiago.

HEZKUNTZA

PSEri egindako keinuak

Hezkuntza Saileko aurrekontuak PSE-EEri zuzen-zuzenean egindako keinuak ditu. 2013ko aurrekontu egitasmoan lurperatu zituen egitasmo batzuk bultzada ekonomiko handia eman die. Eskola 2.0 eta azpiegiturak egokitzeko PREMIA izeneko programarako 11,2 milioi euro jarri ditu, 2013rako aurrekontu egitasmoan baino %365 gehiago. Hizkuntza Marko Hirueledunaren kasuan egoera bertsua gertatzen da. 160.000 euro gehiago du datorren urtera begira, %48 diru gehiago, eta beste 728.000 euroko diru-saila egokitu dute eleaniztasunerako egitasmoak aztertzeko, aipatu markoa barne.

Keinuak keinu, EAEko hezkuntza sistemako programa nagusiek diru gutxiago izango dute 2012ko aurrekontu luzatuarekiko. Haurreskolak partzuergoarentzako diru sailari eutsi zaio, eta Lehen Hezkuntza eta DBHko itunpeko ikastetxeentzako dirua apur bat haziko da, %0,5 eta %1,9 artean. Ordea, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeen aurrekontua jaitsiko da.

EHUren ohiko finantzaketa ere %2,5 jaitsi da, baina Deustuko nahiz Mondragon Unibertsitateekin sinatutako programa kontratuak %43 inguru hazi dira. Diru laguntzei dagokienez, garraiorako laguntzak %1 inguru jaitsiko dira unibertsitatekoak ez diren ikasketetan, eta %3,6 unibertsitatekoetan. Atzerrian hizkuntzak ikastekoak erdira murriztu dira.

OSASUNA

Oinarrizko laguntza, apalduz

2013ko aurrekontu proiektuan markatutako bideari heldu dio Osasun Sailak 2014ko aurrekontuetan. Osakidetzaren menpe dagoen aurrekontuan oinarrizko laguntzako sarearen aurrekontua %16 urrituko da, 60,7 milioi euro. Ordea, ospitaleek 102 milioi euro inguru irabaziko dute 2012ko aurrekontuekin alderatuta, %5,8. Hitzartutako osasun zerbitzuei dagokienez, aurrekontua 10 milioi inguruan jaitsiko da, %12 gutxiago.

Errezeta medikoetarako aurrekontuak murrizketa adierazgarria izan du 2014ko aurrekontu proiektuan. 2012koarekin alderatuta, %12,3 urritu da, 69,4 milioi. Ordea, Espainiako Gobernuak agindutako botikak bitan ordaintzeko neurriaren eskutik heldu da.

Bestalde, Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroaren aurrekontua ere urritu dute 617.000 eurotan, 2013an duen aurrekontuaren %3,6 gutxiago.

AZPIEGITURAK - INGURUMENA

Jaurlaritzak, AHTa erdira

Eusko Jaurlaritzak bere ardurapean dagoen AHTaren adarra egiteko 14,4 milioi euro gutxiago emango dio. 2012ko aurrekontua 29 milioi eurokoa zen, eta datorren urterako 14,5 milioi gorde ditu Ana Oregiren Sailak. 2013ko onartu gabeko aurrekontu egitasmoarekin alderatuta, %52 inguru urritu du aurrekontua. Gasteiz eta Bilbo arteko bideari dagokionez, Espainiako Sustapen Ministerioarekin hitzartutako diruari eutsi egin zaio.

Dena den, tren bidezko garraioaren azpiegitura kudeaketak izan du hazkunde adierazgarriena Oregiren sailean. Ingurumenaren babesarekin eta lurralde antolamenduarekin lotutako atalak dira kaltetuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.