Urriaren 17an bukatu zen Gasteizko lorazainen greba mugagabea, Enviser enpresarekin akordioa sinatu eta gero. Luze jo zuen gatazkak: grebak 198 egun iraun zuen, eta denbora tarte horretan ugariak izan ziren langileen eta Gasteizko Udalaren arteko ika-mikak, udalari «greba eskubidea urratzea» leporatu baizioten, greban zeuden bitartean Olarizuko zelaiak segatzeagatik. Greba amaitu zen, baina ez haren ondorioak, eta orain ESK sindikatuak salatu du «grebalari aktiboenetako bat» kaleratu duela enpresak, horretarako arrazoirik eman gabe.
Langileek auzitara jo dute, eta martxoaren 16an egingo dute horren inguruko epaiketa, Gasteizen. Baina bide legala ez ezik, mobilizazioa ere baliatuko dute langileek kaleratutako lankidea berriro har dezatela lortzeko: epaiketako egunean lau orduko lanuztea egingo dute, eta elkarretaratzea ere egingo dute Gasteizko epaitegiaren aurrean.
Are gehiago: Enviser enpresak atzera egiten ez badu, «gatazkari berriro ekiteko» prest daude langileak, Gasteizen gaur egindako agerraldian ohartarazi dutenez: «Greba hasi aurretik ere langileek argi izan zuten ez zutela inolako errepresaliarik onartuko grebaren ostean».
ESKren Arabako ordezkari ugarik ere parte hartu dute agerraldian, eta han konpromisoa agertu dute «gatazka Gasteizko txoko guztietara zabaltzeko», enpresak langilea kaleratzeko asmoari eusten badio.
Martxoaren 3an bezala
ESK-ko kideek gogorarazi dute 50 urte bete direla asteon Martxoaren 3ko sarraskia egin zutenetik, eta milaka lagun atera direla kalera urteurrenaren harira «garai hartako aldarrikapen, borroka eta antolakuntza moduak» defendatzeko. Orduko borrokaren eta gaur egungoaren arteko lotura egin dute; esan dutenez, orain ere «lan baldintza justuen alde» jardun dute «patronalaren eta instituzioen aurrean». Eta kaleratutako langilearen aferari dagokionez, sindikatua ziur dago helburua lortuko dutela, «1976ko greben ondoren kaleratutako langileak berriro hartzea lortu zen moduan».
Â