Martxoaren 3a, mende erdi oraindik iritsi ez den justizia eta ardura eske

Milaka lagunek oroitu dituzte 1976ko sarraskiaren biktimak 50. urteurreneko ekitaldietan. Gertakarien oroimena bizi-bizirik dagoen arren, justizia egiteko dagoela gogorarazi dute.

Jendetza batu zen Andre Maria Zuriaren plazan, Gasteizen, sarraskiaren urteurreneko ekitaldi bereizian. IÑIGO URIZ / FOKU
Jendetza batu zen Andre Maria Zuriaren plazan, Gasteizen, sarraskiaren urteurreneko ekitaldi bereizian. IÑIGO URIZ / FOKU
aitor biain
2026ko martxoaren 3a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende erdia igaro bada ere, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren zauria oraindik ez da itxi. Hala gogorarazi dute guar, gertakarien 50. urtemuga oroitzeko antolatutako ekitaldietan. 50 urte dira Espainiako Polizia Armatua Gasteizko San Frantzisko elizan bilduta ziren langileen aurka indarrez oldartu zenetik, eta bost langile hil eta 150 zauritu zituenetik. Biktimen senideak justizia eske aritu dira ordutik, eta Espainiari ardura bere gain har dezala galdegin diote behin eta berriz. Baina halakorik ez da etorri bost hamarkadako bide luzean. Aurten ere ez, Madrilek adierazpen bat onartu badu ere. Horregatik, Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek adierazi zuten memoria guztiz osatu arte borrokan jarraituko dutela.

Egun osoko ekitaldien bidez gogoan izan dituzte poliziak duela 50 urte hildako bost langileak: Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, Pedro Mari Martinez Ozio eta Bienvenido Pereda Moral. Baita egun hartan zauritu zituztenak ere. Arratsaldean egin dituzte omenaldi nagusiak, eta jendetza bildu da horietan. Une hunkigarriak bizi izan dira, hala Zaramaga auzoko oroitarrian eginiko lore eskaintzan, nola Andre Maria Zuriaren plazan egindako urteurreneko ekitaldi berezian.

Denboraren joanak ez baitu martxoaren 3ko biktimak ahantzarazi. Haien memoria oraindik bizi-bizi dagoela nabarmendu du, hain justu ere, Leire Manzanosek Martxoak 3 elkartearen izenean: «Sarraskia gertatu eta 50 urtera, ezin izan dituzte haien izenak historiatik ezabatu». Banan-banan irakurri dituzte izenak gaur ere San Frantzisko elizaren aurrean, hil zituzten lekuan bertan, eta txaloka hartu dituzte bertan bilduta zirenek «herriak ez du barkatuko!» oihukatzen zuten bitartean.

Aurreskua dantzatu zuten Zaramaga auzoko oroitarrian. IÑIGO URIZ / FOKU
Aurreskua dantzatu zuten Zaramaga auzoko oroitarrian. IÑIGO URIZ / FOKU

Arratsaldeko bostak ziren Espainiako Poliziak Zaramaga auzoko eliza indarrez hustu arazi zuenean. Bada, ordu horretan bertan hasi dute guar ere iluntzeko lehen oroimen ekitaldia, hildako langileen omenezko oroitarria dagoen lekuan. Poliziaren irratiko aginduak entzun dira, bertsoak ere bai, baina, batez ere, esker hitzak entzun dira. Eskerrak eman baitizkiote 1976ko greban parte hartu zutenei, errepresioari ez ezik, bertsio ofizialari aurre egin ziotelako: «Zorretan gaude».

Memoria ariketa kolektiboa

Bigarren ekitaldia, berriz, iluntzeko sei eta erdietan hasi da, hura ere 1976an hileta elizkizuna hasi zen ordu eta leku berean. Katedral Berritik abiatuta, manifestazio laburra egin zuten Andre Maria Zuriaren plazaraino, eta han, 50. urteurreneko ekitaldia egin dute gero, Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatuta. Plaza bera eta inguruak txiki geratu dira, jendetza bildu baita bertan ere.

Memoria ariketa kolektiboa izan da, atzera begira jarri eta 1976ko sarraskitik gaurdainoko bidearen errepasoa egiteko baliatu baitute. Musikak, dantzak eta ikus-entzunezkoek lagunduta egin dute bide hori, eta Memoria, Antolakuntza eta Borroka goiburu hartuta. Garai hartako langileen borroka gogoratu dute, gorazarre egin diete biktimei, eta eskerrak eman dizkiote Gasteizko herriari bost hamarkadatan emandako elkartasunagatik eta babesagatik.

Jendetza bildu zen Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plaza arteko bidean. IÑIGO URIZ / FOKU
Jendetza bildu zen Katedral Berritik Andre Maria Zuriaren plaza arteko bidean. IÑIGO URIZ / FOKU

Ohartarazpena ere egin dute, halere. Gogorarazi baitute justizia eta memoria oraindik egiteko daudela. Bada, Espainiako Gobernuari eskatu diote gertatutakoaren erantzukizun zuzena onartu dezala. «Egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak exijitzen ditugu beste behin ere», adierazi du Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko eledunak. Hutsune hori estaltzeko urteetan biktimen elkarteak egindako «ezinbesteko lana» goretsi du, eta azpimarratu oroimenerako zentroak gertatu zena eta gertatu ez zena ere jaso behar duela. Soilik horrela bermatuko baita memoriaren transmisioa, zehaztu duenez.

Ez du Espainiako Gobernuaren adierazpenaren inguruan aipamen zehatzik egin, baina iluntzeko ekitaldiak hasi aurretik Martinezek gogorarazi du estatuaren erantzukizuna aitortu ezean ez dela nahikoa izango. Elkartea kexu azaldu da hedabideen bidez jaso duelako horren berri. Datorren astean elkartuko dira, halere, hura aztertu eta balorazio bat egiteko.

Greba orokorra gogoan

Atzera begiratzeari utzi gabe, aurrera begira ere jarri dira. Izan ere, adierazi zuten orduko borrokak gaur egungoa ere elikatzen duela. Eta, hain justu ere, gogora ekarri dute martxoaren 17rako greba orokorrerako deia egina duela gehiengo sindikalak, Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea eskatzeko. Oroitarazi dute gaur «soldata duinak» aldarrikatzen dituzten bezala, 1976an ere soldata igoeren, 40 orduko lan astearen eta gaixoaldi ordainduen eskean zirela langileak.

Baina orduan bezala orain ere, ez patronalak eta ez gobernuak ez dituzte aldarrikapenak onartu nahi, sindikatuek deitoratu zutenez. Horregatik, azpimarratu dute langile klaseak «borroka» egin beste aukerarik ez duela. Borroka, erosteko ahalmena galtzearen aurka, desberdintasun sozialen igoera jasanezinaren aurka, eta soldatetan eta pentsioetan dauden arrakala matxista eta arrazisten aurka. «1976ko martxoan zauritu eta jotako pertsona guztiei eta urte hauetan guztietan borrokatu diren eta gaur egun mundu eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten alde borrokatzen diren guztiei zor diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.