Arazo bat sortu zaio CAFi Eskozian lortu nahi duen kontratuarekin. Herrialde hartako tren gidarien sindikatuak, ASLEFek, ohartarazi dio Eskoziako Gobernuari ez dituztela CAFen trenak gidatuko baldin eta hura lehiaketaren irabazlea baldin bada. Tren gidariek gogorarazi dute Beasaingo konpainia tranbiak egiten ari dela Israelek Jerusalem ekialdean palestinarrei okupatutako lurretan, eta horregatik agertzen dela Nazio Batuen Erakundeak Zisjordanian legez kontrako kolonietan parte hartzen duten enpresen zerrendan.
«Ez dugu gerra krimenetan konplize den enpresa baten trenik gidatuko», ziurtatu du Kevin Lindsay ASLEFeko buruak, eta dei horrekin bat egin du Eskoziako sindikatuen batasunak, STUCek. Asteleheneko data duen agiri baten bitartez, Dave Moxham STUCeko idazkari nagusiaren albokoak nabarmendu du Eskoziako Gobernuak eta Erresuma Batukoak salatu egiten dutela Israelek palestinarren lurra okupatzea.
Hortaz, «moralki okerra izango da Israelen legez kanpoko kokalekuen zabalkundean oso sartuta dagoen konpainia batek Eskoziako zergapekoen dirua jasotzea». Gauzak horrela, CAF lehiaketatik kanpo uzteko eskatu dio Eskoziako Gobernuari, hura baita ScotRail tren konpainiaren jabea.
Bide beretik mintzatu da Gillian Mackay Berdeen buruzagia, eta gogorarazi du Israelen okupazioaren aurka boikot egitearen alde bozkatu zuela Eskoziako Parlamentuak. «NBEk esan badu konpainia batek etekina atera diola palestinarren errepresioari eta jazarpenari, konpainia horrek ez luke Eskozian kontratu publikoak lortzeko lehian egon behar».
Eskoziako Gobernuak jakinarazi du erabakia Scottish Raili berari dagokiola, baina esplikatu du enpresa publiko horrek baduela ahalmena enpresa bat lehiaketa publikotik kanpo uzteko baldin eta «jarrera profesional desegokia» izan badu.
Kontratu mamitsua
Abuztuaren amaieran zabaldu zuen ScotRailek zein enpresa hautatu zituen bere trenak berritzeko kontraturako. CAFez gain, Frantziako Alstom, Alemaniako Siemens, Suitzako Stadler eta Japoniako Hitachi daude zerrenda horretan. Kontratu handia da, gutxienez 69 tren baitira egitekoak, baina beste 37 egiteko aukerarekin. Tren elektrikoak dira, eta horiekin ordezkatu nahi dituzte Glasgowen eta haren aldirietan, eta Fife eta Borders eskualdeetan ibiltzen diren trenak. Hilabete batzuk beharko dira kontratua ebazteko, eta lehen trenak 2030erako dira iristekoak.Â
Aurretik lortu izan ditu CAFek kontratuak Eskozian. Tranbiak egin izan ditu Edinburgorako, eta hark egin ditu ere Eskozia eta Londres lotzen dituen Caledonian Sleeper trenak. Galesen lantegi bat du taldeak, Erresuma Batua hornitzeko. Â
CAFek hainbat kritika jaso ditu Jerusalem ekialdean tranbia bat egiteagatik eta haren mantentze lanak egiteagatik. Enpresako sindikatuek beraiek ere eskatu zioten zuzendaritzari proiektu horretan ez parte hartzeko, baina aurrera egin du nolanahi ere. Are gehiago, enpresak aldarrikatu du lurralde okupatuetan lan egitea ez dela nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa eta tranbiak mesede egingo diela palestinarrei beraiei. Espainiako Fiskaltza ikertzen ari da kontratu horretan lege urraketarik ote dagoen.
Â
Â
Â
Â