Espainiako arropa denda handietako lan hitzarmena ez da aplikatuko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hiru urteko borrokaren ondoren, lurralde horietako ehungintza hitzarmena lehenetsiko dela jakinarazi du ELA sindikatuak. Nafarroan, aldiz, Espainiako lan hitzarmena aplikatuko da.

Arropa dendetako grebalariak, Donostiako Garbera merkataritza gunean eginiko protesta batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Arropa dendetako grebalariak, Donostiako Garbera merkataritza gunean eginiko protesta batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko martxoaren 24a
16:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urtez borrokan aritu eta hogei greba egunetik gora egin ondoren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arropa denda handietako langileek Espainiako hitzarmenetik kanpo gelditzea lortu dute. ELA sindikatuak bultzaturiko eskari bat izan da —hura da nagusi sektorean—, eta horri esker lurraldeko ehungintza hitzarmena aplikatuko zaie langile horiei. Lurraldeko hitzarmenen baldintzak hobeak dira; ELAren arabera, Gipuzkoako hitzarmena aplikatuta 6.856 euro gehiago irabaz daitezke urtean, eta, besteak beste, igandeetan eta jaiegunetan ez irekitzea bermatzen du.

ARTE Espainiako arropa denda handien patronalak eta CCOO eta Fetico sindikatuek atzo gauean sinatu zuten lan hitzarmena garatzeko aurreakordioa. ARTEn, daude, besteak beste, Inditex (Zara, Pull&Bear, Massimo Dutti, Bershka, Stradivarius, Oysho eta Zara Home), Mango, Tendam, Uniqlo eta Primark kateak. UGTk, ELAk eta CIGek, aldiz, ez zuten sinatu.

Lan hitzarmen bateratu bat adostu dute akordioan, baina salbuespen bat ageri da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da aplikatuko; bai, ordea, Nafarroan.

ELAk garaipentzat jo du akordioa, eta bi arrazoi nabarmendu ditu. Batetik, sektoreko langileen lan baldintza hobeak sendotzen ditu, eta, bestetik, «mugarri» bat da negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako borrokan: «Lehen aldiz, estatu mailako hitzarmen batean berariaz aitortu da ituna ez dela EAEn aplikatuko, eta tokiko negoziazio esparruak errespetatu dira».

Eta nolakoa da Nafarroan aplikatuko den hitzarmen berria? Esperientziarik gabeko saltzaileentzat 18.200 euro gordineko soldata aurreikusten du; handiena, aldiz, 24.860 eurokoa da, zuzendariena. Lanaldiari dagokionez, 1.770 ordu dira urtean, eta dendak igande eta jaiegunetan ireki ahal izango dituzte. Atsedenari dagokionez, urtean zortzi aldiz gutxienez, langileek larunbatean eta igandean hartu beharko dute. 2028ra arte egongo da indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!