Etzi eratuko dute Bizkaiko bulegoetako langileen hitzarmena negoziatzeko mahaia

25.000 langileri baino gehiagori eragiten die itunak, eta hamalau urte daramatza berritu gabe.

Bizkaiko bulegoetako langileen protesta bat Bilbon, 2018. urtean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bizkaiko bulegoetako langileen protesta bat Bilbon, 2018. urtean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko abenduaren 1a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko bulegoetako langileen hitzarmena desblokeatzeko beste saiakera bat egingo dute. Sektorean ordezkaritza duten sindikatuak —ELA, LAB, CCOO eta UGT— etzi elkartuko dira Cebek patronalarekin Lan Harremanen Kontseiluan, negoziazio mahai berria eratzeko. Itun horrek 25.000 behargini baino gehiagori eragiten die lurraldean, eta hamalau urte baino gehiago daramatza berritu gabe.

Ohar bidez, ELAk adierazi du ezinbestekoa dela «benetako» negoziazio bati ekitea, «soldata izoztuei eta lan baldintza okerragoei erantzuteko». Azaldu dute sektorean erosahalmena %30 murriztu dela urte horietan, eta lan baldintzek okerrera egin dutela estatalizazioaren eraginez. 

«ELA helburu argi batekin izango da mahaian: hitzarmena berreskuratzea eta sektoreko lan baldintzak hobetzea», azaldu du sindikatuak. Horretarako, soldatak eguneratzea nahi dute, eta lanaldian, kontziliazioan eta lan eskubideetan hobekuntzak egiteko proposamenak bultzatzea. «Langileen beharrei erantzungo dien akordio bat lortzeko lan egingo dugu, eta patronalak, blokeoari eusten badio, sektorea mobilizatuko dugu, langileek merezi duten hitzarmena defendatzeko», eman du abisua ELAk.

Gatazka zaharra

Bizkaiko bulegoetako langileek urteak daramatzate itun berriaren aldeko borrokan —herrialdeko azken hitzarmena 2012. urteko abenduan iraungi zen—. Iraungi berritan egin zituzten protestak eta lanuzteak, eta 2017an eta 2018an ere puri-purian egon zen gaia. Sindikatuek hainbat bilera egin zituzten Cebekekin, patronalari presio egiteko protestak eta lanuzteak antolatu zituzten berriz —greba mugagabe batera ere deitu zuen ELAk—, baina ez zuten lortu akordiorik. Cebeki negoziazioak «blokeatzea» egotzi zioten sindikatuek.

Hitzarmena iraungi zenetik, sindikatuek salatu izan dute lan baldintzak «gero eta prekarioagoak» direla, Espainiako itunak aplikatzearen eta enpresa handien azpikontratazioen eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.