Euroguneak eta industriak Hegoaldeko ekonomia galgatzen dute, Laboral Kutxaren arabera

Espero du Hego Euskal Herriko ekonomia %1,8 inguru haztea aurten, eta %1,5 inguru datorren urtean. Joseba Madariagaren ustez, Ormuzko itsasarteko egoera normalduko den arren, prezioen gaineko tentsioak berdintsu daude, eta neurrian jaitsiko da inflazioa.

Ibon Urgoiti Labora Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa bulegoko zuzendaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibon Urgoiti Labora Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa bulegoko zuzendaria, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
joxerra senar
2026ko uztailaren 2a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Edalontzia erdi beteta eta aldi berean erdi hutsik ikusten du Laboral Kutxak. Hego Euskal Herriko ekonomiak ez du atzeraldirik izango, baina jarduerak moteltzen jarraituko du datozen bi urteetan. Joseba Madariaga ikerketa bulegoko arduradunaren arabera, euskal enpresen Europako merkatu nagusietan ahulagoa joko du atzeko haizeak, eta, aldi berean, industriako sektore estrategikoen bilakaerak «arrisku handiagoa» du. 

Joera hori datuetara eraman du Laboral Kutxak. Finantza erakundeak aurreikusi duenez, Hego Euskal Herriko ekonomia %1,8 inguru haziko da: hau da, %1,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %1,9 Nafarroan. Datorren urtean, berriz, koska bat apalduko da hazkundea: %1,5 EAEn eta %1,6 Nafarroan.

«murriztu egin da prezioak izugarri igotzeko egoteko arriskua, baina horrek ez du apaldu energia kostuen eta azpiko inflazioaren gaineko tentsioa»

JOSEBA MADARIAGA Laboral Kutxako ikerketa bulegoko arduraduna

Ibon Urgoitik eta Joseba Madariagak iazko txosten ekonomikoa, aurtengo zeta 2027ko aurreikuspen ekonomikoak aurkeztu dituzte Bilbon eta Iruñean. Abenduan egindako aurreikuspenaren antzekoa da, Madariagaren hitzetan. Baina bada diferentzia handi bat. Bitarte horretan, Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Irani eraso egin zioten, eta, gatazka horren ondorioz, Ormuzko itsasarte estrategikoan etenda egon da petroliontzi, gasontzi eta zamaontzien joan-etorria. Itsasarteko egoera normalizatzen hasi denez, «murriztu egin da prezioak izugarri igotzeko egoteko arriskua, baina horrek ez du ziurgabetasuna apaldu, ezta energia kostuen eta azpiko inflazioaren gaineko tentsioa ere». Hots, handitu egin da prezioen gaineko presioa.

Hilabete honetan Kontsumo Prezioen Indizeak goia joko du, eta, segur aski, beheranzko joera hartuko du segidan; %3,5 inguru aurten, eta %2,6, berriz, 2027an. Madariagaren arabera, inflazioaren goranzko zikloa ez da Errusiak Ukraina inbaditu ostekoa bezain handia, baina bai aintzat hartzekoa. Ez du espero 2027 amaierarako Europako Banku Zentralak ezarritako %2ko helburura helduko denik.

EBZk diru politika garestituz erantzun dio inflazioaren igoerari, eta Christine Lagarde presidenteak «mezu gogorra» helarazi du iraileko bilerari begira. Hortaz, finantzaketa kostuen igoerak sendien errentari eta enpresen inbertsio ahalmenari eragingo die, Madariagaren hitzetan. 

Eurogunea, «ahul»

Prezioen goranzko joerak erantzun desberdinak izan ditu Atlantikoaren bi aldeetan. AEBetan, prezioen garestitze orokorra handiagoa bada ere, hazkunde ekonomikoa ere irmoagoa da. Eurogunean, prezioak kontrolatuago badaude ere, jarduera ekonomikoa apalagoa da. Bi ingurune ekonomikoen arteko alde hori handitu egin da azken urteetan. Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan, bederen, bilakaera ekonomikoa hobetu egin da 2024tik hona, baina «ahul» dago oraindik, Madariagaren hitzetan.

Ekonomiaren eta batik bat enpresen bilakaera neurtzeko adierazle nagusi bat erabiltzen du Madariagak: PMI edo erosketen kudeatzaileen indizea 50eko langatik gora badago, perspektibak onak dira; eta azpitik badago, alderantziz. Haren esanetan, apirilean eta maiatzean Euroguneko PMI orokorra 50etik behera izan da, eta, ekainean hobetu egin bada ere, ez da 50era iritzi. «Zerbitzuak ahul daude, eta industriak orain zertxobait hobera egin badu ere, ahul dago. Gutxi hazten ari da».

Horrek euskal enpresei eragiten die, beren produktu eta zerbitzu ugari erreferentziazko merkatu horietan saltzen baitituzte. Frantzian eta Alemanian, kasurako, hazkundeak hamarren batzuk hobera egin du, baina oraindik ere esportazioak eta inbertsioak baldintzatzen ditu, Laboral Kutxaren esanetan.

Euskal industriari bete-betean eragin dio egoerak. Europaren ahuldadeari berari mundu mailako lehiaren areagotzea eta kostu energetikoen igoera gehitu behar zaizkio. Madariagaren hitzetan, Hego Euskal Herriko sektore estrategikoen gaineko arriskua handitu egin da, eta automobilgintza da horren adibide argiena. Aipatu du, halaber, Alemanian lau lantoki itxi dituztela eta 100.000 enplegu suntsitzeko asmoa dutela. «Zalantzati dabil automobilgintza. Sektore horretan arrisku nabarmena dago, eta ikusiko dugu nola doazen hurrengo hilabeteak», esan du, zuhur.

%7,9

Zenbatekoa den enplegua industrian. Normalean, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren datuak erlazionatuta egon ohi dira. Zehazki, sortutako lanpostuen igoera jarduera ekonomikoaren hazkundea baino apalagoa izan ohi da. Alta, iaz kontrakoa gertatu zen. Nafarroako industria %0,3 handitu zen, eta enplegu kopurua, %7,9. 6.000 lanpostu sortu ziren. Madariagak ez daki zergatik gertatu den hori. 

Industria kenduta, batik bat zerbitzuek eta eraikuntzak egin dute tira ekonomiatik, eta batezbestekotik gora ari dira hazten. Dena den, erkidegoen artean kontrako joera antzeman da: Nafarroan zerbitzuak daude indartsuago, eta EAEn, eraikuntza. Ikusteko dago interes tasen igoerak nola eragingo dion eraikuntzari, eta barne kontsumoaren moteltzeak zerbitzuei.

Testuinguru orokor gorabeheratsu horretan, lan munduak eutsi egiten dio, «erresistentzia erakusten du», Madariagaren esanetan. Landunen kopuruak handitzen jarraitzen du, eta langabezia tasak beherantz doaz. Nafarroan tasa %8,5era helduko da aurten batez beste, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %6,5era. «Afiliazioari dagokionez, hiletik hilera aldatu egiten da hazkunde erritmoa, baina bilakaera ona da, eta enplegu sorrera eta jardueren joera bat datoz». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA