Enpresarien elkarteek «herri itun bat» eskatu dute, euskal ekonomia lehiakorra izan dadin nazioartean

Confebaskek, Euskal Enpresaburuen Zirkuluak, AFMk, ASLEk eta Elkargik adierazpen bateratua kaleratu dute. Ohartarazi dute nazioarteko testuingurua «zeharo» aldatzen ari dela, eta «etorkizuneko erronka nagusiak» aipatu dituzte.

Confebaskek eginiko ekitaldi bat urrian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Confebaskek eginiko ekitaldi bat urrian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 2a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geroz eta gehiago dira nazioarteko testuinguru aldakorraz eta horrek dakartzan mehatxuez ohartarazten ari diren ekonomia arloko elkarteak, baita Euskal Herrian ere. Horretan azkenak Confebask, Euskal Enpresaburuen Zirkulua, AFM Makina Erreminta Ekoizleen Elkartea, ASLE Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea eta Elkargi izan dira, gaur adierazpen bateratu bat kaleratu baitute etorkizuneko erronka ekonomiko nagusien eta horiei aurre egiteko proposamenen inguruan.

«Azken hamarkadatan lehiatu garen eszenatokia aldatzen ari da», nabarmendu dute enpresarien elkarte horiek, Euskadi aro berri baten aurrean: lehiakortasuna eraldatzeko eta etorkizunean ongizatea bermatzeko herri itun baten alde izenburua duen adierazpenean. Besteak beste, nazioartean «agertoki» berri bat sortzen ari dela jakinarazi dute, eta horrek euskal gizarte osoaren «erantzun kolektiboa» exijitzen duela.

Horretarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdi politikoei, instituzioei, enpresei, sindikatuei dei egin diete, besteak beste, elkarrekin gaitasunak «lankidetza marko zabal batean» biltzeko. Izan ere, haien aburuz ongizate soziala bermatzea eta lehiakortasuna irabaztea ezin dira enpresen helburuak izan soilik, baita gizarte osoarenak ere: «Kalitatezko zerbitzu publikoak izateko eta datozen belaunaldiei aukerak eskaintzeko beharrezkoak dira».

Erronka nagusiak

Adierazpenaren sinatzaileek argi adierazi dute: «Euskadi une ekonomiko eta sozial on batean dago, eta zenbait indargune ditu lehiakortasunari dagokionez». Horren erakusle gisa aipatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia hazkunde erritmoa mantentzen ari dela azken hilabeteetan, baita aurtengo hirugarren hiruhilekoan inoizko landun gehien zeudela ere. Halere, ohartarazi dute hazkunde hori geroz eta zailtasun gehiagorekin egiten ari dela, «sakoneko aldaketen eta erronken une historiko batean» murgiltzen ari baita gizartea.

Esate baterako, azaldu dute EAE eta Europa pisua galtzen ari direla produktibitatean, inbertsio teknologikoan eta gaitasun industrial berria sortzeko orduan Txinaren eta AEBen aurrean. Adierazpenean agertzen diren datuen arabera, azken bi herrialde horietan lan arloko produktibitatea %65 eta %14 igo dira 2015etik, hurrenez hurren; EAEn eta Europan, berriz, igoera hori %7aren bueltan kokatu da.

«Hemengo enpresek marko erregulatzaile eta komertzial ezberdinak dituzten nazioarteko eragileekin lehiatzen dute sarri, eta ez beti baldintza berdinetan», nabarmendu dute. EAEren kasuan, bere erronka propioak dituela azpimarratu dute, esku hartu ezean haren hurrengo hamarkadatako bilakaera baldintzatuko dutenak. Absentismoa, etxebizitzaren auzia, biztanleen zahartzea eta, azken horrekin batera, datozen urteetan eta hamarkadatan lan egiteko adinean dauden biztanleak murriztea aipatu dituzte, besteak beste.

Erronka horiei guztiei aurre egiteko, erantzuna «etorkizuneko herri itun estrategiko bat» izan behar dela aldarrikatu dute enpresarien elkarteek, haien iritzian, lehiakortasuna baita herritarren ongizatea bermatzeko «bitartekorik garrantzitsuena». Horretarako, ikuspegi partekatua eta konpromiso kolektiboa izateko eskatu die euskal gizarte osoari, datozen belaunaldiek «herrialde aberatsago bat, gaitasun gehiagokoa eta Europan eta nazioartean garrantzia handiagoa» duena izan dezaten».

ELAren erantzuna

ELA sindikatuak, ohar batean, adierazpen bateratuaren sinatzaileei leporatu die Hego Euskal Herrian dauden «soldata baxuez, lan prekarietateaz eta osasun arloko gabeziez» ahaztu izana. Adierazi dute hazkunde ekonomikoak ez duela zertan ongizate soziala bermatzen: «Azken hamarkadatan aberastasunaren banaketa geroz eta bidegabeagoa ekarri du: enpresak etekinak handitzen dituzten bitartean, langile klaseak erosahalmena galtzen ari da». Gainera, adierazpenean aipatutako erronkei aurre egiteko sindikatuak azaldu du «beharrezkoa» dela diru sarrera publikoak handitzea, eta horretarako errenta eta enpresa handiak zergapetzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA