Lau hilabeteren ondoren, déjà vu sentsazioa berriro. Eusko Legebiltzarrak atzera bota baitu, bigarren aldikoz, patronalari gutxieneko soldata bat adosteko egindako eskea. EH Bilduk eraman du gaia oraingoan: mozioa aurkeztu du, zeinak Confebaski eskatzen zion negoziatu dezala sindikatuekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat. Joan den azaroan herri ekinaldi legegilearen eztabaidan egin moduan, EAJk eta PSE-EEk erantzun diote negoziazio kolektiboen bidez itundu beste biderik ez dela.
Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Confebaskek dagoeneko hiru alditan egin diola uko gutxieneko soldata propioa adosteari, eta, beraz, azpimarratu du patronala bera dela oztopo nagusia: «Dagoeneko eztabaida ez da gure errealitateari egokituko zaion gutxieneko soldata bat behar ote dugun, baizik nola apurtzen dugun blokeo hori». Horregatik, adierazi du erantzukizunak patronalari eskatu behar zaizkiola, eta ez sindikatuei.
Testuak Confebaski ez ezik Eusko Jaurlaritzari ere dei egiten zion auzian esku hartzera, eta gutxieneko soldata propio bat legez ezartzeko eskumenak Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko eskatu. Horri ere uko egin diotela aurpegiratu diote subiranistek Jaurlaritzako bikoari. Horregatik, Rodriguezek iritzi dio martxoaren 17rako deituta dagoen greba orokorra egiteko arrazoiak badaudela: «Blokeoa salatzea, elkarrizketa eskatzea, aurrera egiteko bideak mahaigaineratu daitezen exijitzea zilegi da».
Markel Aranburu EAJko legebiltzarkideak erantzun dio mozioa aurkeztuz EH Bilduren helburua greba babestea zela, ez besterik. Izan ere, gogora ekarri du legebiltzarrak jada aurrera atera zuela negoziazio bidez onartuko den gutxieneko soldata negoziazio kolektiboen bidez adostearen aldeko adierazpena. Horregatik, EH Bilduri eskatu dio ez dezala sindikatuen eta patronalaren arteko «dikotomia» sustatu, negoziatzeko deia bi aldeei eskatu behar zaielako: «Ez gaituzue euskal gizartearentzako antzuak diren lubakietan topatuko».
Bide beretik, PSE-EEk ere greba egunerako giroa berotu nahi izatea egotzi dio EH Bilduri. Ekain Rico legebiltzarkideak gaitzetsi egin du Confebasken jarrera, baina adierazi du EH Bilduren ekimena langileen eskubideen aldeko proposamena baino gehiago asmo subiranisten egindako aldarrikapen bat dela. Izan ere, sozialistak ez daude ados Espainiako gutxieneko soldata «zatikatzeko» nahiarekin, ezta Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidea ere. Hark, halere, ardura guztia patronalaren gain jarri du.
«Aukera galdu bat»
Eztabaida bertatik bertara entzun dute greba orokorra antolatu duten sindikatuetako ordezkariek. Kritiko azaldu dira legebiltzarrak onartutako adierazpenarekin. Pello Igeregi ELA sindikatuko ordezkariak adierazi du Confebasken «beto eskubidea» gainditzeko «aukera handi bat galdu» duela parlamentuak. Era berean, adierazi du «onartezina» dela jeltzaleek eskumenei uko egin eta «PSEren betoa» onartzea; izan ere, gogorarazi du Geroa Baik babestu egingo duela datorren astean Nafarroan eztabaidatuko duten proposamena.
Oihana Lopetegi LAB sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunak, berriz, balioa eman dio EH Bilduk aurkeztutako mezuari. Baina, era berean, jeltzaleen eta sozialisten jarrera salatu du, eztabaida negoziazio kolektibora bideratu dutelako eta beren «ardurari uko» egin diotelako. Hori dela eta, martxoaren 17ko greba defendatu du: «Alderdi batzuk, Eusko Jaurlaritza eta patronala mugitzen ez badira, langileak mobilizatuko ditugu».