Maiatzaren Lehena

«Gerra inperialisten aurkako» manifestazio jendetsua egin du EHKSk Iruñean

Bandera gorriz bete dituzte 3.000 lagun inguruk Iruñeko erdiguneko kaleak. AEBek eta Israelek Ekialde Hurbilean bultzatutako gerra «munduko langile guztien aurkakoa» dela eta haren aurka antolatu behar dela aldarrikatu du EHKSk.

Iruñeko Foruen plaza, gaur, EHKS-k antolatutako manifestazioaren amaieran. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Foruen plaza, gaur, EHKS-k antolatutako manifestazioaren amaieran. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2026ko maiatzaren 1a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gerrari ezetz esateak esan nahi du NATOri, inperialismoari eta sistema kapitalistari ezetz esatea». Ander Goiatxe Euskal Herriko Koordinakunde Sozialistaren hitzok txalo artean hartu dituzte Iruñeko Foruen plazan bildutako ehunka lagunek. Maiatzaren Lehenean manifestazio jendetsua egin du EHKSk Nafarroako hiriburuko kaleetan barna, eta amaierako ekitaldian aldarrikatu dute «gerra inperialisten aurka langile antolakuntza» dela bidea.

Ehunka bandera gorri eta 3.000 lagunetik gora elkartu dira Iruñeko zezen plazan, Gerra inperialistaren aurka NATO desegin eta sionismoa suntsitu lelopean. Ordu laurden berandu abiatu da protesta, baina azkar zeharkatu ditu Bigarren Zabalguneko kaleak. Beste mezu batzuen artean, «gora langileon borroka», «gora iraultza sozialista», «kapitalisten gerrari aurre egin» eta «borroka da bide bakarra» oihukatu dute. Ordu erdi beranduago, Foruen plazara heldu da manifestazio burua.

Langileentzat, «miseria»

Plaza mukuru zela igo dira oholtzara Ander Goiatxe eta Garazi Navarro. Navarrok mintzaldia hasi du Israelek Mediterraneoko uretan bahitutako Global Sumud Flotillako kideei eta batez ere palestinar erresistentziari elkartasuna adieraziz. Haren ustez, Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Ekialde Hurbilean abiatu duten erasoaldia «munduko langile guztien aurkakoa» da. «Mendebaldeko langileen aurkako ofentsiba ere bada. Gerrarako baliabideak eta dirua gure poltsikoetatik ateratzen dituzte», gaitzetsi du. Haren ustez, jakien eta erregaien garestitzeak «miseria» ekarriko dio langile klaseari.

EHKSren arabera, gerrak logika inperialistari eta eredu kapitalistaren krisiari erantzuten dio. «Horri buelta emateko, indartsuenaren legea batere disimulurik gabe ari dira defenditzen: militarki lortu nahi dituzte beren negozioa mantentzeko behar dituzten baliabideak eta eremu estrategikoen gaineko kontrola». Sionismoa, berriz, «gizateriarentzat arrisku bat» dela nabarmendu du Navarrok, eta gogora ekarri du Israelen asmoak ezin direla gauzatu «NATOren eta Europako Batasunaren konplizitaterik gabe». Hala, bloke horren porrota aldarrikatu du, «munduko herri langileak menpean nahi dituztelako, eta Mendebaleko langileen pobretzean sakontzen dutelako».

«Mendebaldeko langileen aurkako ofentsiba ere bada. Gerrarako baliabideak eta dirua gure poltsikoetatik ateratzen dituzte»

GARAZI NAVARRO EHKSko bozeramailea

Goiatxeren ustez, gerraren aurkako mezuak ezin dira bihurtu botoak aktibatzeko taktika bat. «Gerraren aurkako mezuak borrokarako mezua izan behar du. Bandera hori ezin du Pedro Sanchezek hartu. Izan ere, esku batekin Trumpi aurre egiten diola dirudi, baina bestearekin NATOren aurrekontu militarra igo eta igo ari da». Goiatxek ohartarazi du arrisku handia dagoela Europan milioika gazte armadarako errekrutatzeko. «Gure bizitzekin jolasean ari dira, eta saldu nahi digute Mendebaldeko zibilizazioa, NATOren eredua, jarraitu beharreko eredua dela». 

Egoera horretan, EHKSk uste du «nor bere lurraldean gotortzeko» arriskua dagoela. «Euskal Herrian alderdi instituzional guztiak, ezkerretik eskuinera, bide horretan dira; baina oker daude». Goiatxek azaldu duenez, egoera horren irismena «mundu mailakoa» da, eta «bakartzea ez da aukera bat». Gaineratu duenez, euskal herritarren ongizatea «euskal burgesiaren negozio inperialistetan oinarritzea langileen aurka joatea da. CAF, Repsol, Iberdrola, Sapa eta beste hainbat enpresaren irabaziek munduko milaka pertsonaren irabaziak eta miseria dituzte oinarri. Etikoki ez da onargarria».

Langileen arteko elkartasuna zentroan jarri eta «internazionalismo koherentea ardazteko beharra» dagoela azpimarratu du amaieran. Hain justu, Internazionala euskaraz abestuz burutu dute ekitaldia.

Iruñeko kaleetako itxura, manifestazioaren hasieran. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko kaleetako itxura, manifestazioaren hasieran. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA