Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako langileen baldintzak arautzen dituen lan hitzarmena 2010ekoa da. ELA eta LAB sindikatuek urteak daramatzate arau horiek berritu nahian, eta horretarako abiatu zuten Udalhitz negoziazio mahaia, duela bi urte. Sindikatuek salatu dute negoziazioek ez dutela aurrera egin, eta, egoera desblokeatzeko asmoz greba eguna antolatu dute urriaren 8rako.
Gainera, horren aurretik mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi dute gaur, ELAren egoitzan egindako agerraldian. Hileon izango dira mobilizazio horiek; 24an, hain zuzen.
Udaletako eta udalen menpe dauden zerbitzuetako langileak apiriletik dabiltza greba dinamikan. Apirilean bi orduko etenak egin zituzten, eta maiatzean eta ekainean, bi greba egun.
Sindikatuen ustez, oraindik ere negoziazio mahaitik at daude «garrantzitsuak» diren hainbat gai. ELAko ordezkari Urdax Bañuelosek eta LABeko Mirian Camposek horietako batzuk zerrendatu dituzte: «Langileek galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak, euskaraz lan eta bizitzeko neurriak, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidea, lanaldia gehiago murriztea, errelebo kontratua eta gazteberritze planak».
Camposek salatu duenez, negoziazio mahaiaren parte diren alderdiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal talde independenteek— ez dute behar beste urrats egin gatazka konpontzeko. Are gehiago, ez dute «inolako proposamen berririk» jaso azpimarratu dituzten eremuen inguruan.
Horiek horrela, ELAk eta LABek dei egin diete udaletako langileei, irailaren 24an udalez udal egingo diren mobilizazioetan parte hartzera: «Eudel eta alderdi politikoak mugiarazi behar ditugu. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko».Â
«Borondate politikoa»
Sindikatuetako ordezkariek adierazi dute posible dela urriaren 8ko greba bertan behera geratzea. Horretarako, baina, borondate politikoa behar dela uste dute. Izan ere, greba eguna baino lehenago bi bilera dauzkate hitzartuta: irailaren 11n bat, eta 25ean beste bat.
Bolañosek, ostera, ez du esperantza handirik adierazi. ELAko ordezkariak esan duenez, bilera ostiralean izanda ere oraindik ez dute udalen aldetik «komunikazio ofizialik» jaso.
28.000Zenbat langile dauden grebara deituta. Eustaten datuen arabera, guztira 28.000 langile daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan eta haien menpeko enpresetan.
Â