Tubos Reunidosen enplegu erregulazioaren negoziazioaren hasieran, 301 langile kaleratzeko asmoari asmoari eutsi dio zuzendaritzak. Baina kaleratze gordinez gain, «kalte soziala txikitzeko neurriak» aurkeztu dizkie langileen ordezkariei. Besteak beste, aldez aurretik erretiroa hartzeko aukera eskaini die 60 urtetik aurrerako langileei, eta kalte ordainak emango dizkie aldi baterako kontratua dutenei.Â
Erretiroei dagokienez, 60 eta 62 urte dituzten langileei eskaini die soldata gordinaren %60 ordaintzea 63 urte bete arte, gainsariak eta pentsio osagarrietarako ekarpena barne. Behin 63 urte beteta, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldataren kalte ordaina emango lieke, urte beteko soldataren mugarekin.Â
Beren kabuz enpresa uzten duten langileei, berriz, 30 eguneko soldataren kalte ordaina eskaini die zuzendaritzak, hemezortzi hilabeteko mugarekin.Â
Aldi baterako kontratua dutenentzat, lan egindako urte bakoitzeko 25 eguneko soldata emango lieke, hamabi hilabeteko mugarekin.Â
Legeak dio kaleratze objektiboetan 20 eguneko soldata dagokiola langileari, eta gehienez urtebeteko soldata jaso dezakeela kaleratzearen truke. Kaleratze bidegabeetan 33 eguneko saria dagokio langileari enpresan lan egindako urte bakoitzeko, bi urteko soldataren mugarekin.
Tubos Reunidoseko zuzendaritzak ziurtatu du kaleratzeei buruzko akordio bat egin nahi duela sindikatuekin, baina halakorik ez bada gertatzen, ohartarazi du agian neurri gogorragoak hartu beharko dituela. Lan taldea laurden bat txikitzea justifikatzeko, Tubos Reunidoseko buruzagiek nabarmendu dute konpainiak hasiera batean 71,3 milioi euro galdu zituela iaz, baina zulo hori handitu egingo dela hurrengo asteetan, AEBetako aktiboen balio galera zenbatzen denean.
Langileen greba
Greba eguna da gaurkoa Tubos Reunidosek Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia) dituen bi lantegietan, enpresak iragarritako kaleratzeen kontra. Otsailaren 10ean, Amurrioko Tubos Reunidoseko langile batzordeak jakinarazi zuen bost egunetan greba egitera deituko zuela: otsailaren 17an, 23an eta 26an, eta martxoaren 4an eta 9an. Geroago, LAB eta ESK sindikatuek gauza bera egin zuten Trapagarango lantegian. Beraz, bi lantegietako langileak daude deiturik egun osoko greba egitera.
Enpresak aurkezturiko bideragarritasun planaren ondorio dira kaleratzeak. Merkatuak dibertsifikatu eta zorra berriz negoziatu nahi du zuzendaritzak, baina, horrekin batera, kostuak murriztea ere ezinbestekotzat jotzen du, eta, horretarako, Amurrioko altzairutegiko jarduna eten eta ekoizpen lerro batzuk, mantentze lanak eta logistika atera nahi ditu lantegietatik.
Oso bestelako ikuspegia du langile batzordeak. Haien iritziz, langileen bizkar utzi nahi dituzte enpresa zuzendu dutenen «kudeaketa txarraren ondorioak», eta iragarri du ez duela onartuko «enplegua suntsitzea» eragingo duen erabakirik.
Â