ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek bultzaturik, EH Bilduk eta Geroa Baik gutxieneko soldata propioari buruzko lege proposamena aurkeztu zuten, eta iragan astean Nafarroako Gobernuak argudiatu zuen Nafarroak ez duela eskumenik aldaketa hori egiteko. Aitzitik, bost sindikatuek erantzun diote ekinaldia «legezkoa» dela, Parlamentuko zerbitzu juridikoek hala egiaztatu dutelako.
Gobernuak parlamentuan aurkeztutako txostenak «zorroztasunik» ez duela arrazoitu dute sindikatuek prentsa ohar batean. Hau da lege proposamenaren xedea: Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzea, autonomia erkidegoek soldata propioa ezarri ahal izateko. Horretarako, baina, Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onartu beharko luke lehenik, eta gero legearen aldaketa tramita dezala eskatu beharko lioke Espainiako Gobernuari.
Bost sindikatuen arabera, «onartezina eta ulertezina» da Nafarroako Gobernuak eta Maria Txibite lehendakariak «jarrera oldarkorra» agertzea gizartean egoera ahulean direnei laguntzeko neurriaren kontra. «Proposamenak soldatak hobetuko ditu, eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bultzatuko du lurraldean».
Era berean, Nafarroako Gobernuak argudiatu du soldata propioak Espainian «lurraldeen arteko desberdintasunak» areagotuko lituzkeela. Martxoaren 17an greba orokorrera deitu duten sindikatuen ustez, aldiz, soldata propioak ez lieke kalterik egingo beste eskualdeetako langileei. «Betikoen alde (CEN, UGT eta CCOO) eta Nafarroako herritarren kontra, modu alderdikoi eta korporatiboan jokatzea erabaki dute», salatu dute.