Industriak pisu handia du Nafarroako ekonomian, %25etik gorakoa, eta haren ahulezia antzematen ari da lurraldearen datu orokorretan. Nastatek gaur azaldu duenez, Nafarroaren ekonomiak erritmo txukunean hazten jarraitu du 2026ko bigarren hiruhilekoan, baina lehenengoan baino pixka bat motelago. Nafarroako Gobernuak «tentsio geopolitikoei» eta «AEBetako merkataritza politika aldakorrari» egotzi dio moteltzea.
Horrela, hamarren bat jaitsi da hiruhileko arteko tasa, baina baita urte artekoa ere. Lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %0,4 handiagoa izan zen bigarrenean. Ehunekorik txikiena da 2023ko hirugarren hiruhilekotik.
Urte arteko tasa, berriz, lehen hiruhileko %2,1etik %2ra igaro da. Kasu horretan ere 2023ko uda arte jo behar da tasa txikiago bat ikusteko.
Nastatek argitu du irailaren 25ean emango dituela BPGari buruzko datu zabalagoak, baina aurreratu du «zerbitzuen dinamismoa» eta, horri lotuta, kontsumoa direla ekonomiaren bultzatzaile nagusiak.
Industriaren jarduera, berriz, apaldu egin da, eta esportazioak «ahul» dabiltza. Hegoaldeko beste euskal lurraldeetan, ordea, industriak uzkurtzea atzean utzi duela ziurtatu zuen duela bi aste Eustatek, baina ez zuen datu zehatzik eman.
Urte osorako, %1,8
Hurrengo hiruhilekoetan ekonomiaren hazkunde erritmoa gehiago motelduko dela uste du Nafarroako Gobernuak, urte osorako %1,8ko hazkunde iragarpena egin baitu.
Espektatiba horiek betez gero, hazkunde tasarik txikiena izango litzateke 2014. urteaz geroztik, betiere pandemiaren urterik gogorrena (2020) alde batera utziz gero, orduko itxialdiak %8,3ko kolpea eragin baitzion barne produktu gordinari.
2027ari begira, ordea, hazkundea bizkortzea espero duela azaldu du Jose Luis Arasti Ekonomia kontseilariak. Arrazoia industrian aurkitu behar da, eta zehatzago esateko, Nafarroako lantegi nagusian, Volkswagenen. Izan ere, iaz eta aurten moldaketa handiak egin behar izan dituzte Landabengo plantan, auto elektrikoen ekoizpenerako egokitzeko, eta horrek ekoizpen txikiagoa ekarriko du. 2027an, berriz, handitu egingo da modelo elektriko berrien ekoizpena (Skoda Epic eta VW ID-Cross). Horren ondorioz esportazioak ere ugarituko direla zehaztu du Arastik.
Enpleguari dagokionez, Arastik nabarmendu du ez datozela bat INEren azken inkesta eta hileroko erregistro datuak. «Zorionez, errealitatea inkestak baino positiboagoa da».
Eurogunean bizkortu egin da hazkundea
Nafarroan gertatu denaren aurkakoa gertatu da eurogunean: ekonomia moteldu beharrean, haren hazkundea bizkortu egin da, nabarmen gainera. Eurostaten arabera, barne produktu gordina %0,4 handitu da 2026ko lehen hiruhilekotik bigarrenera; lehenengoan, berriz, ez zuen ez atzera ez aurrera egin.
Hazkundearen hamarren bat Irlandari dagokio, han %3,9 hazi baita BPGa udaberrian. Edonola ere, Irlandaren datua oso engainagarria da, hango ekonomian pisu handia baitute AEBetako multinazionalek, eta haien kontabilitatearen gorabeherek herrialde osoaren datuak desitxuratzen baitituzte. Baina Irlanda alde batera utzita, hazkundea bizkortu egin zen euroguneko herrialde handietan, eta hori ustekabea izan da, pentsatzen baitzen Ormuzko gerrak eta hark eragindako petrolioaren garestitzeak ondorio ekonomiko kaskarragoak eragingo zituela.
BPGaren hazkunde horrek ez du eragin positibo handirik izan enpleguan. Langabezia tasa duela urtebetekoa da (%6,3), eta ez du gorabeherarik izan martxoaz geroztik, ordutik hona 81.000 lagunek langabe izateari utzi dioten arren.