Industriak galga eman dio azken hilabeteetan ekonomiaren motorrari, baina badirudi sektorea pedal horren gaineko oina altxatu nahian dabilela. Hori adierazten dute, bederen, Eustatek gaur kaleratutako datu ekonomikoek. Estatistika erakunde horren arabera, EAEko manufaktura industriak atzean utzi du bigarren hiruhilekoko uzkurtzea (-%0,3), eta %0,4 hazi da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuta. Urte arteko tasan ere bilakaera positiboa du, %0tik %0,3ra igaro baita —energia batuz gero, ordea, %0,2koa izan da—.
Goraldi txiki horrek egin dio ekarpena datu orokorrari. Eustatek zuzendu egin du duela sei aste aurreratutako datua, eta jakinarazi du EAEko barne produktu gordina %0,6 handitu zela hiruhileko arteko tasan —%0,4 aipatu zuen urrian—. Urte arteko tasa %2,2tik %2,3ra igaro da, eta iazko hirugarren hiruhilekotik izandako gorakadarik handiena da.
Zerbitzuak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren sektore nagusia, eta haren ekarpena ona izan da: %2,9 handitu da azken urtean, kontsumoak bultzatuta. Lan merkatuaren datuak onak dira, tartean argi-itzalak izanda ere, eta, beraz, merkataritza, ostalaritza eta garraio atalak izan du igoerarik handiena zerbitzuen artean (%3,5), administrazio publikoen, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuetako jardueren oso gainetik (%2,1).Â
Eskariaren aldetik ere ikusten da kontsumoaren indarra: familien kontsumoa %2,8 handitu da, eta kontsumo publikoa, berriz, %2,2.
Baina, zalantzarik gabe, eraikuntzan nabari da goraldirik handiena: %5 handitu da azken urtean, 2024. urte osoan baino nabarmen gehiago (%2). Etxeen eta beste eraikinen eraikuntza da sektore horri tira egiten diona, herri lanetan ez baita igoera handirik.
-%1,5Lehen sektorearen bilakaera. Industriaren suspertzeak sektore bakarra utzi du zenbaki gorritan: lehenengoa. Eustaten arabera, haren ekoizpena iazko hirugarren hiruhilekokoa baino %1,5 txikiagoa izan da. Sektore hori uzkurtzen den bigarren hiruhilekoa da jarraian.
Datuak onak dira inbertsioari dagokionez ere. Urte arteko hazkunde tasa nabarmen igo da, %3,5etik %4,9ra, eta, azken hiruhilekoan amiltzen ez bada, azken urteotako daturik onena izango da 2025ean.
%2,5BPGa zenbat handitu den Bizkaian. Lurraldeei dagokienez, Bizkaiak izan du bilakaerarik onena aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Haren BPGa %2,5 igo da, Arabakoa (%2,3) eta Gipuzkoakoa (%2,2) baino gehiago.
Datu ekonomiko horiek berretsi egiten dute atzo Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak emandakoak: enplegua sortzen ari da. Jardunaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, denera 13.450 lanpostu sortu dira azken urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hau da, %1,4ko igoera izan da. Batez ere eraikuntzan (%2) eta zerbitzuetan (%1,7) nabaritu da hori, industrian hazkundea oso apala izan baita (%0,2).